Europako Parlamentuak elektrizitatearen merkatuaren erreforma onartu du, energia berriztagarriak hedatzea sustatzeko eta kontsumitzaileentzat prezio egonkorragoak izan daitezela bultzatzeko. Indarrean sartzeko, estatu kideak ordezkatzen dituen Europar Kontseiluak eman beharko dio oniritzia.
Erreformak araudi bat eta zuzentarau bat ditu, eta biek ala biek babes oso zabala lortu dute: lehenak aldeko 433 boto bildu ditu, kontrako 140, eta 15 abstentzio; bigarrenak, berriz, aldeko 473 boto, kontrako 80 eta 27 abstentzio.
Duela urtebete pasa hasi zituzten negoziazioak. Denbora horretan, gairik polemikoenetako bat zera izan da, merkatu marjinalista erreformatzeko aukera, gasaren prezioak elektrizitatetik bereizteko. Horretan ez da egon aldaketarik, estatu kideek urrian adostu zuten moduan, baina Batzordeak Europako energia merkatuen ebaluazio bat egin beharko du 2026ko ekaina baino lehen.
Funtsean, kontsumitzaileak babesteko hainbat neurri jaso dituzte araudian. Adibidez, erabiltzaile kalteberen deskonexioak debekatzen ditu. Halaber, Kontseiluak, Batzordeak proposatuta, energia larrialdia deklaratu ahal izateko irizpideak ezartzen ditu. Halakorik gertatuz gero, estatuek neurriak hartu beharko lituzkete bezero zaurgarriei prezioak merkatzeko.
Energia berriztagarriak bultzatzeko neurriak ere jasotzen dira araudi berrian: besteak beste, energia berdea partekatzeko eskubidea aitortzen zaie herritarrei, eta biltegiratzeari eta instalazioen gaitasunari buruzko araudiak malgutzen dira.
Estatuen eta ekoizleen arteko akordioak
Araudiari lotutako negoziazioetan oztopo nagusietako bat Parisen eta Berlinen artean sortu da, CfD kontratuengatik. Horiek modua ematen dute estatuek energia ekoizleekin prezio egonkorrak adosteko epe finko baterako, eta ondoren aldea itzultzeko, azken prezioa hitzartutakoa baino garestiagoa edo merkeagoa izan bada.
Frantziak eskema hori zabaldu egin nahi zuen martxan dituen zentral nuklearretara, baina Alemania beldur zen horrek ez ote zuen estatu laguntza gisa funtzionatuko Frantziako industriaren mesedetan, Europako Batasunean hark baitu zentral nuklear gehien, eta beste teknologia batzuek baino argindar merkeagoa sortzen dute.
Auzi hori urrian konpondu zuten energia ministroek. Hitzartu zuten kontratu horiek lantegi guztiekin egin ahalko direla, nuklearrak izan zein ez, baina berriak badira, betiere, edo haien gaitasuna handitu edo bizitza baliagarria zabaltzen badute. Egun daudenetan, Europako Batzordearen oniritzia lortu beharko dute horretarako.
Elektrizitatearen merkatuaren erreformaz gain, Europako Parlamentuak ontzat jo du etorkizuneko gas berriztagarrien merkatuaren diseinua ere, hala nola biometanoarena eta hidrogenoarena. Besteak beste, EBk erakunde bat sortuko du hidrogeno sareen operadoreentzat (ENNOH), baita sareko tarifak aplikatzeko sistema bat eta gasak ziurtatzeko metodologia bat ere. Horrekin batera, erabiltzaileek erraztasunak izango dituzte hornitzailea aldatzeko.