Kontu publikoak

Europan, zorra gora eta defizita behera

Euroguneak %3,7ko defizita izan zuen iaz, aurreko urtean baino 0,5 puntu gutxiago. Espainiari %10,6ko defizita eman dio Eurostatek, Madrilek dioena baino sei hamarren gehiago.

Iker Aranburu.
2013ko apirilaren 22a
12:56
Entzun

Eurostatek 2012ko kontu publikoen egoeraren emaitzak kaleratu ditu. Horietan ikusten denez, defizit publikoa txikitu egin zen 2011ren aldean: kutxa publikoetan sartu baino 352.683 milioi euro gehiago gastatu zituzten euroguneko gobernuek (BPGaren %3,7) eta 514.088 milioi Europako Batasuneko 27 kideek (%4). Zorrak, berriz, gora egin zuen nabarmen: 8,6 bilioi zor dituzte euroa darabilten hamazazpi estatuek, beren BPGaren %90,6. Urtebetean 3,3 puntu igo da zorra, eta 10,6 puntu azken hiru urteotan. 

EBren datu ofizialen arabera, Espainiak izan zuen iaz defizit publikorik handiena, bere BPGaren %10,6 alegia. Haren atzetik leudeke Grezia (%10), Irlanda (%7,6), Portugal (%6,4), Zipre eta Erresuma Batua (%6,3) eta Frantzia (%4,8). Guztira, hamazazpi estatukidek hausten dute defizitaren %3ko muga ofiziala. Kide bakarrak izan du superabita, Alemaniak (+%0,2) alegia. Guztira, hamahiru kidek txikitu zuten defizita, hamabik hobetu eta bik ez zuten aldaketarik izan.

Zorrari dagokionez, EBko 21 kidek handitu zuten beren zorra, eta hamalauk hausten dute %60ko zorraren muga. Guztien buru, Grezia (%156,9), Italia (%127), Portugal (%123m6), Irlanda (%117,6) eta Belgika (%99,6). Zor txikiena, berriz, Estoniak (%10,1), Bulgariak (%18,5) eta Luxenburgok daukate (%20,8).  

Frantziak bost hamarren jaitsi du bere defizita, %5,3tik %4,8ra hain zuzen ere. Zorrak, berriz, goranzko bidean jarraitzen du. Dagoeneko 1,83 bilioi euro zor ditu, bere BPGaren %90,2.  Zorra 4,4 puntu handitu da azken urtean, eta 11 puntu 2009az geroztik.

Are handiagoa izan da Espainiaren zorraren handitzea: %84,2ra iritsi da, urtebete lehenago baino ia hamabost puntu gehiago, eta 2009an baino 30 puntu handiagoa. Defizit publikoa ere %9,4tik %10,6ra igo da. Espainiako Gobernuak %9,96ko datua eman zuen duela aste batzuk, eta Eurostatek behin-behinean %10,2koa  aipatu zuen. Horietatik 3,2 puntu zegozkion bankuen erreskateari, baino 3,6  puntu direla dio Eurostaten datu ofizialak. Hori gabe, %7ko desoreka izango lukete Espainiaren kontuek, 2011koaren azpitik (%9,4).

Eurostaten datuak hartuko ditu kontuan orain Europako Batzordeak aurtengo eta datorren urteko defizit mugak ezartzeko. Oso litekeena da Espainiari denbora gehiago ematea %4,5era heltzeko. Aurreko urtean ez bezala, Bruselatik lortutako malgutasun hori bere menpeko erkidegoekin partekatzeko asmoa du Espainiako Ogasun Ministerioak. Hasiera batean %0,7ko defizita soilik utzi behar zien aurten (iaz %1,5), baina baliteke hamarren batzuk gehiago izatea eta, hortaz, aurten gastu publikoan egin beharko duten murrizketa gutxitzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.