Europaren oinarrietako bat, ezegonkortzen

Azken 30 urteotako altzairu ekoizpenik handiena egin zuten Europako Batasuneko lantegiek 2007an. Geroztik, produkzioa jaitsi, eta Txinatik altzairu gehiago sartzen ari da. Iaz, %22 gehiago.

Lander Muñagorri Garmendia.
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Krisia piztu zen urtean bertan jo zuen goia Europako Batasunean altzairu ekoizpenak. 2007an 210,18 milioi tona altzairu produzitu zuten Europako lantegiek, aurreko 30 urteetan lortutako daturik onena. Baina orduz geroztik burua altxatu ezinean dabil sektorea. Iaz 169,2 milioi tona merkaturatu zituzten; zazpi urtean, 41 milioi tona gutxiago. EBko ekonomiaren zutabeetako bat kolokan ikusten dute zenbait adituk, are gehiago ikusita Txina gero eta altzairu gehiago merkaturatzen ari dela, gero eta merkeago. Edozein modutan, Asier San Millan Siderex Hego Euskal Herriko altzairu preklusterreko zuzendariak hobetzeko bidean ikusten du kontinenteko altzairuaren merkatua. Hain zuzen, joan den urtean %1,7 handitu zen Europako lantegien ekoizpena, eta horregatik dago itxaropentsu. «Badirudi egonkortzen hasi dela, eta apurka gorantz goazela».

Baina Europa galtzen ari da munduko altzairugintzan izan duen pisua. 2007an, ekoizpenik handiena iritsi zen urtean, munduko altzairuaren %15,6 bertakoa zen, eta joan den urte amaieran %10,4. Kontrara, Txinak munduko ekoizpenaren %36,3 egiten duen duela zazpi urte, eta joan den urtean produkzioaren erdira iritsi zen. %0,9 igo zen haien ekoizpena, baina munduan duen pisua 0,2 puntu jaitsi zen. %49,5ean dago egun. «Joera hori horrela izango da aurrerantzean ere», San Millanen arabera. Asiako erraldoiak egiten dio tira mundu mailako merkatuari, baina kontinente horretan bertan Japoniak eta Hego Koreak ere indarra hartu dute.

Europan altzairugintzak hobera egin duelako lasaiago agertu da Siderexeko zuzendaria, baina onartu du horretarako arrazoi askorik ere ez daukatela. Izan ere, gero eta altzairu gehiago inportatzen da EBko enpresetara. Eurofer Europako sektoreko patronalaren arabera, joan den urtean Txinatik iritsitako altzairu kopurua %22 igo zen. Hilabetean 337.000 tona altzairu sartu ziren EBra.

Egoera horrek erantzule bat du: Brusela bera. Hala uste du, behintzat, Eduard Martin eurodiputatu sozialista frantziarrak. «Europako Batzordeak ez dauka industria politikarik, eta altzairu sektoreari ez dio berebiziko garrantzirik eman», esan zuen, otsailean. Haren ustez, Txinako altzairuaren aurrean lehiakor izateko, Europakoa babestu beharko litzateke, «kalitate hobea duelako, gainera». Martin bada norbait altzairuari buruz hitz egiteko: sindikalista izanik, Arcelor Mittal munduko ekoizle handienaren aurka borroka egin zuen Florange labe garai historikoak itxi zituenean (Lorrena, Frantzia). «Kontua da Arcelor Mittal Europan zabaltzen ari dela, eta bertako langileek dituzten baldintzak ez dituzte gogoko. Horren harira, maiz mehatxatu dute bertako lantegiak itxi eta atzerrira joango dela», ohartarazi du. Horri aurre egiteko, ordea, Europako Batzordeari eskaera egin dio politika egokiak har ditzan; «bestela, hogei urte barru txinatarrek altzairuaren merkatu guztia bereganatuko dute». Egoerari aurre egiteko, Bruselak sektorea bultzatzeko plan bat abiatu zuen duela bi urte, eta joan den urtean Juncker plana ere aurkeztu zuen. «Horrekin guztiarekin egoera hobetuko dela espero dugu», dio San Millanek.

Ekialde hurbila, indartzen

Mundu osoko ekoizpenean indar gutxi dauka Ekialde Hurbilak, baina joan den urtean igoera azpimarragarria izan zuen sektoreak. 29 milioi tona produzitu dituzte bertan, 2013an baino %8 gehiago. Igoera hori ulertzeko, datozen urteetan bertako ekonomian zeresana izango duten bi ekitaldi hartu behar dira kontuan: 2022an Qatarren jokatuko den munduko futbol txapelketa, eta Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) 2020. urtean egingo den munduko erakustazoka. Azpiegitura horien eraikuntzari lotuta iritsi da altzairuaren gorakada hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.