Atzo goizean jaso zuten azken keinua nazioarteko inbertitzaileek. Seulen zeudela, merkatuak lasaitzeko agiri bateratua izenpetu zuten G20ko kide diren EBko bost herrialde handienetako agintariek. Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak eta Espainiak jakinarazi diete inbertitzaileei herrialde batek bere zorra pagatzerik ez badu, kostua EBk berak hartuko duela bere gain, eta inbertitzaileek jarritako azken sosa ere berreskuratuko dutela. Keinua eskertu zuten merkatuek, eta nabarmen jaitsi ziren zor publikoaren bonuen gaineko interes tasak.
Eskerrak eman zituen Irlandako Gobernuak ere. Izan ere, azken egunotan goia jo du hango hamar urteko bonuak, ia %9ko interesa pagatzen baitzuen herenegun merkatuetan. Atzo arratsalde hasieran %8,1era jaitsi zen. Portugalen eta Espainiaren zorra ere merkatu egin zen.
Herrialde horien zor publikoaren interesa berriro maila gorenetara iritsi da azken bi asteotan, Angela Merkel Alemaniako gobernuburuak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak lortutako konpromiso baten harira. Biek proposatu dute herrialde batek bere zorra pagatzerik ez eta EBren laguntza behar badu fakturaren zati bat inbertitzaile pribatuek jarritako diruaren zati bat ez berreskuratzea.
Atzo Seulen egindako agirian, Merkelek, Sarkozyk eta besteek argitu dute proposamen hori ez dagokiola gaur egungo zorrari, 2013an mekanismo iraunkorra indarrean jartzen denetik aurrera hartuko denari baizik. Abenduko goi bileran gaia berriro mahai gainean izango dute berriro EBko agintariek, eta proposamen zehatzak egingo dituzte.
Merkelekin haserre
Atzoko agiria kaleratu baino ordu batzuk aurretik, ostegun arratsean, inbertitzaile pribatuek ere pagatzearen aldeko ikuspuntua azaldu zion Merkelek Seulen bildutako enpresaburu talde bati. Agerraldi horrek «ez digu batere lagundu», kexu zen atzo Brian Cowen Irlandako lehen ministroa. «Ez noa esatera zailtasunak handitzeko asmoz esandakoa izan dela, baina ondorioa izan da merkatuek ulertu dutela zorra pagatzeko konpromisoa auzitan jartzen genuela».
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak esan du Irlandari laguntzeko prest zeudela Dublinek hala eskatu balio. Finantza merkatuetan dabiltzan zurrumurruek diote 80.000 milioi euro jasoko dituela. Kopuruetan sartu gabe, Reutersek aipatutako EBko iturriek ziurtatu dute salbamendu plana negoziatzen ari dela Irlandako Gobernua. «Informazio hori ez da egia», erantzun du Irlandako Finantza Ministerioak. Dublinek dio merkatuetara jotzeko inolako beharrik ez duela, udazkenaren hasieran jaulkitako zorrari esker 2011ko erdialdera arte behar duen dirua kutxetan duela.
Uneotan finantza merkatuetan Irlandako zorrak pagatzen dituen interesekin dirua eskatzea ezinezkoa egingo litzaioke Dublini. Bere bankuak salbatzeak gutxienez 45.000 milioi euroko kostua ekarriko dio, eta defizit publikoa BPGaren %32ra iritsiko da. Aurten bi aldiz murriztu behar izan ditu aurrekontuak, eta abenduan gastu publikoa beste 6.000 milioi euro gutxitzeko proposamena bozkatuko du Parlamentuak. 2014 bitartean 15.000 milioi euroko murrizketa plana negoziatzen ari da oposizioarekin.
EBko ekonomiaren hazkundea moteldu egin da
I.A.Ustekaberik ez da izan, eta urteko bigarren erdian Europako hazkunde tasa moteldu egingo zela ziotenek bete-betean asmatu dute. Herrialde ia guztietan gertatu da, eta estatu handienetan ez da salbuespen bakarra izan.
Esanguratsua da Alemaniaren moteltzea: urteko bigarren hiruhilekoan, %2,3 hazi zen, eta hirugarrenean, %0,7 baizik ez. Alemaniako estatistika bulegoak ontzat hartu du datua, gora baitoaz inbertsioak, gobernuaren gastua, esportazioak eta familien kontsumoa. Aurreko hiruhilekoaren hazkundea azken 20 urteotako handiena izanik, orain hirugarren hiruhilekokoa ezda hain ikusgarria, hark dioenez.
Frantziak ere hazkunde «sendoa» izan duela nabarmendu du Christine Legarde Finantza ministroak, %0,7tik %0,4ra igaro den arren. Familien kontsumoak gora egin du.
Egoera askoz okerragoa da Europa ekialdean. Greziako Gobernuaren gastu murrizketa bortitzak BPGa %4,5 uzkurtzea eragin du. Errumania ere %2,3ko erritmoan txikitzen ari da.