Aurreko hamarkadako zor subiranoaren krisian bezala, Europako Batasunak zatituta jarraitzen du iparraldeko eta hegoaldeko estatuen artean. 16 ordu baino gehiago negoziatzen aritu ostean —gaurko ordu txikietan amaitu dituzte elkarrizketak—, Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroak ez dira gai izan akordiorik lortzeko koronabirusaren eragin ekonomikoa arintzeko neurrien inguruan. Bihar ekingo diete berriz elkarrizketei.
After 16h of discussions we came close to a deal but we are not there yet.
— Mário Centeno (@mariofcenteno) April 8, 2020
I suspended the #Eurogroup & continue tomorrow, thu.
My goal remains: A strong EU safety net against fallout of #covid19 (to shield workers, firms &countries)& commit/ to a sizeable recovery plan pic.twitter.com/kGHoURgdrv
Hiru proposamen eztabaidatzen aritu dira: ESM euroguneko erreskate funtsa erabiltzea, estatuen ekoizpenaren %2rainoko kreditu lerroak eskaintzeko, 240.000 milioi euro inguru; Europako Berme Funtsa sortzea, enpresentzat likidezian 200.000 milioi euro baino gehiago mugiaraziko lituzkeena; eta 100.000 milioi euroko beste poltsa bat sortzea estatuen lanaldi murrizketa programa bereziak finantzatzeko — Hego Euskal Herrian, aldi baterako erregulazioak—.
Hori dena maileguen bitartez banatuko litzateke estatu kideen artean; hori nola finantzatu eta estatu hartzaileei zer baldintza jarri ari dira eztabaidatzen.
Herbehereek laguntza horiek lotu nahi dituzte herrialde hartzaileentzako baldintza ekonomiko jakin batzuekin; Italiak, berriz, baldintza horiek ahalik eta gehien arintzea nahi du. Horren inguruko liskarra izan omen da blokeo puntu nagusia azken orduetako negoziazioetan.
Laguntzak vs erreskatea
«Herbehereak prest daude osasun gastuetarako erabiltzeko. Baina erreskate funtsa laguntza ekonomikorako erabiltzen den neurrian, [hori jasotzen duten estatuek] neurri ekonomikoak hartu behar dituztela uste dugu», adierazi du Wopke Hoekstra Herbehereetako Finantza ministroak Twitterren.
Because of the current crisis we have to make an exception and the ESM can be used unconditionally to cover medical costs. For the long term economic support we think it’s sensible to combine the use of the ESM with certain economic conditions.
— Wopke Hoekstra (@WBHoekstra) April 8, 2020
Herbehereen arabera, maileguek bi fase izan beharko lituzkete: lehenengoan, utzitako dirua baldintzarik gabe jasoko lukete hartzaileek; bigarrenean, baldintzak eta zaintza sistemak finkatuko lituzkete. Baina Italia ez dago prest mailegu horiek erreskate baten moduko programa baten bidez jasotzeko: hau da, ez ditu mailegu horiek hartuko baldin eta horrek exijitzen badio erreforma eta murrizketa sakonak egitea bere aurrekontuetan, 2008ko krisian besteak beste Greziak egin behar izan zuen moduan.
Erromak ez du Atenas izan nahi. Baina Europaren babesik gabe, zaila izango luke bere zorra saldu edo finantzatzeko modua aurkitzea, hegoaldeko estatuen artean Italiak baitu arrisku saririk handiena. Akordiorik ezak, halaber, euroeszeptikoen jarrera indartuko luke; bereziki, Italiako Gobernuan egon diren baina egun oposizioan dauden Mateo Salvini eta haren taldekideena.
ESM erreskate funtsaren kasuan, gainera, blokeoa edozein estatu kidek ezar dezake. Batasuneko gobernu guztien babesa behar du martxan jartzeko, eta estatuek baldintzak jar ditzakete; kide batzuek, gainera, euren parlamentuen oniritzia ere jaso behar dute.
Koronabonuen aukera da mahai gainean duten beste egitasmoa. Hamar bat herrialdek eskatu dute hori, besteak beste Italiak, Espainiak eta Frantziak. Baina Herbehereak, Alemania, Austria eta Finlandia zor mutualizatu hori —estatu kide guztien artean partekatua— jaulkitzearen kontra daude. Ez dute nahi estaturen batek bere zorra ordaintzerik ez badu beraiek horren kargu egin behar izatea.
«Uste dugu horrek konponbide baino arazo gehiago sortuko dituela EBrentzat. Beste herrialdeen zorrak bermatu beharko genituzke, eta hori ez da zentzuzkoa. Eurotaldearen gehiengoak, gainera, ez du babesten», adierazi du Hoekstrak.
Iturri diplomatikoen arabera, Parisek eta Madrilek erdibideko beste proposamen bat egin dute zorra jaulkitzeko: horren zati handi bat EBren aurrekontuari lotzea proposatu dute. Baina horri buruz ere ez dute akordiorik egin.
Herbehereen eta Italiaren artean jokatzen ari da finala, baina beste estatu batzuk lanean ari dira hori betiereko berdinketa batekin amai ez dadin. Frantziako eta Alemaniako ministroek, bilera amaitzean, marra gorriak mugitzeko eskatu zieten biei, zuzenean aipatu gabe.
Après 16 heures de négociations, pas d’accord à l’#Eurogroupe sur la réponse économique à la crise du #coronavirus. Nous reprenons demain. Avec @OlafScholz, nous appelons tous les États européens à être à la hauteur des enjeux exceptionnels pour parvenir à un accord ambitieux.
— Bruno Le Maire (@BrunoLeMaire) April 8, 2020
Adosteko dagoen hirugarren puntua Europako Batzordeak egindako proposamena bat da: lanaldiak murrizteko programak finantzatzeko funts komun bat sortzea, Sure izenekoa. Horrek 100.000 milioi euroko mailegua izango luke.
ESMarekin ez bezala, kasu horretan, maileguak ez lirateke bazkideen presio eta ikuskapen bereziaren mende egongo, Europako Batzordearen babespeko mailegua izango bailitzateke. Bera izango litzateke herrialde eskatzaileari funtsak mailegatzeko merkatuan zorpetuko litzatekeena. Parte hartu nahi duten estatu kideen babesarekin egingo luke hori, baina ez lukete euren parlamentuaren oniritzirik beharko, eta, akordiorik balego, hori funtsezkoa litzateke edozein blokeo eragozteko.
Dena den, herrialde batzuek ziurtatu nahi dute funts hori koronabirusaren krisira mugatuko dela, eta ez dela aurrekari bat ezarriko mekanismo zabalago baterako, hala nola Europa osorako langabezia aseguru bat sortzeko.
EBZ aurretik
EBZ Europako Banku Zentralak, berriz, 2008ko krisian ez bezala jokatu du. Bere pareek baino motelago erantzun badio ere, martxoaren 18an esku hartu zuen, 750.000 milioi euroren bonuak erosteko programarekin.
Beste neurri batzuekin konbinatuta, EBZk guztira bilioi bat euro baino gehiago gastatuko ditu aurten estatuen zor publikoetan eta zor pribatuetan, maileguen kostuak murrizteko eta gobernuei edozein erantzun fiskal finantzatzen laguntzeko. Bankuei ere oso baldintza oneko maileguak eskaini dizkie, koronabirusaren krisiak kalte egindako enpresei mailegatzeko baldintzarekin.