Koronabirusa. Eragina ekonomian

Bruselak langabeziarako funts komun bat proposatu du

Europako Batzordeak 100.000 milioi euroko aseguru bat sortu nahi du, aldi baterako lan erregulazioak eta gisakoak finantzatzeko

Ursula Von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea. S. LECOCQ / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Batasuna sendotzeko beste aukera bat du Europak. Eurobonuen egitasmoaren porrotak agerian utzi zuen beste behin iparraldeko eta hegoaldeko estatuen arteko mesfidantza. Orain, Europako Batzordeak beste proposamen bat jarri du mahai gainean: 100.000 milioi euroko langabezia aseguru komun bat sortzea. Egitasmoak Sure du izena; helburua da COVID-19aren harira estatuek martxan jarri edo baliatu dituzten langabezia sistementzako—Hego Euskal Herrian, aldi baterako lana erregulatzeko dosierrak ordaintzeko— funts bat sortzea, estatu kide guztien artean.

Brusela aspalditik ari zen halako proposamen bat lantzen, baina egungo krisiak lanak azkartu ditu. Batzordeak gaur onar dezake proposamena, Eurotaldeak datorren astearteko bileran eztabaidatu dezan. Hala berretsi du Ursula von der Leyen presidenteak. «Estatu kide guztiek bermatu behar dute egitasmoa. Hori litzateke benetako elkartasuna. Italiarentzat, Espainiarentzat eta beste batzuentzat da [neurria], baina baita Europaren etorkizunerako ere».

Eurobonuak eztabaida fokutik atera nahi ditu horrela Bruselak, baina Europako hegoaldeko herrialdeei keinu bat eginda. Iparraldeko agintari batzuk, gainera, Frantziak, Espainiak eta Italiak egindako eskaerei nolabait erantzuteko beharra ikusten hasiak dira, krisiak merkatu komunaren zimenduak dardarka jar ez ditzan.

Gakoa, beste behin, finantzaketan egongo da. Von der Leyenek ez du azaldu nola konponduko duten hori, baina egitasmoak eskatuko luke, adibidez, estatuek bermeak ematea Batzordeak 100.000 milioi eurorainoko zorra jaulki ahal izateko, edo EBko aurrekontuko gastu muga arintzeko. Horrekin finantzatuko lirateke lan erregulazioak edo estatuek sor ditzaketen beste formula batzuk. Funtsean, Batasunak aseguratzaile gisa jokatuko luke.

Elkartasuna eta batasuna

Proposamenaren xehetasun teknikoak doitu behar dituzte oraindik, Europan langabezia modalitate ezberdinak baitaude. Egungoa bezalako egoera bati aurre egiteko, Batzordeak adibide gisa jarri ditu Alemaniako Kurzarbeitgeld sistema, Italiako Cassa Integrazione edo Espainiako aldi baterako lan erregulazioak.

Enpresak bizirik mantentzea da helburua, Von der Leyenek azaldu duenez, diru horren bidez, enpresei diru laguntza publikoak ematea ahalbidetuko litzateke, beren langileen soldatak ordaintzen jarraitzeko, nahiz eta beren jarduera krisiaren ondorioz murriztu. «Lanpostuan mantentzeko, denbora librean, prestakuntza ikastaroak egin ahal izango lituzkete langileek. Era berean, soldatak kobratzen jarraituko luketenez, alokairua ordaintzen edo erosketak egingo lituzkete, eta horrek eragin positiboa izango luke ekonomian». Batzordeko presidenteak gaineratu duenez, proposamenak lan kontratu mota guztietako langileei eragingo lieke, langile autonomoak barne.

Batzordeko buruaz gain, Charles Michel Kontseiluko presidenteak ere babestu du egitasmoa. «Ekonomia bultzatzeko, eskura ditugun palanka guztiak erabili beharko ditugu, nazio eta Europa mailan. Elkartasuna da erdigunean jarri behar dugun hitza», esan du, Batzordeko buruekin, Europako Banku Zentralekoekin eta euroguneko finantza ministroekin egindako bilera baten ostean.

Luca Visentini Europako Sindikatuen Konfederazioko buruak ere defendatu du proposamena. «Espero dugu Batzordeak finantzaketa nahikoa bermatzea, zor tresna komun egokien bidez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.