Enpresak

Euskabeak egoitza berria inauguratu du

Sistema elektrikoen enpresak lurralde eta sektore berrietara zabaldu nahi du.

Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 27a
16:14
Entzun

Azken urteetan erabili duen pabiloitik gertu dago egoitza berria, Andoainen (Gipuzkoa), baino hura halako bi da —3.000 metro koadro ditu—, eta horri esker han bildu ahal izango ditu, ekoizpenean aritzen diren langileak ez ezik, baita administraziokoak, programatzaileak eta ingeniariak ere. Guztira, 107 langile ditu konpainiak, eta urtean hamar milioi euro inguru fakturatzen ditu.

1981ean sortu zuten Euskabea, Hernanin, eta ekipo elektrikoak eta argindarrarekin zerikusia duten zerbitzu integralak egiten ditu. «Jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa» egin du azken urteetan, Eugenio Mitxelena kontseilari ordezkariak azaldu duenez. Izan ere, egoitza berria inauguratzeaz gain, sektore eta eremu berrietara zabaltzen ari da. Oraintsu adar bat sortu dute Kolonbian, Medellin hirian zentral hidroelektriko bat hornitzeko proiektu «konplexuak» eman dien esperientzia eta jakintza baliatu nahi duelako Latinoamerikan lan gehiago lortzeko.  

Euskal Herrian ere enplegua sortu du: telekomunikazioetan, elektrizitatean eta industrian adituak diren ingeniariak kontratatu ditu, esparru berrietara hedatu nahi baitu. Horien artean itsasoko eolikoa, ontzigintza eta kogenerazioa aipatu ditu Mitxelenak.

Teknologian ere apustua egin du Euskabeak. Satiins izeneko programa bat garatzen ari da Sistemas Mecanicos GAES enpresarekin batera, bere bezeroei 24 orduko mantentze zerbitzua eman ahal izateko. Haren bidez, Euskabeak berehala jakingo du bere instalazioetan zer gertatzen ari den. «Errodaduretan, erreduktoreetan, ontzigintzan eta hozkailuetan erabili nahi dugu».

Euskabearen bezeroen artean daude euskal industriako enpresa ezagunak (Orona, Ulma, Fagor taldea, Irizar, Guascor...), baina baita zerbitzu arlokoak eta administrazioak ere (Osakidetza, Kutxabank, Gipuzkoako Aldundia, Aena...).

Hainbat agintari izan dira egoitza berriaren inaugurazioan. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak txalotu egin du Euskabeak 2,5 milioi euroren inbertsioak egitea ekonomia moteltzen ari den garai batean, eta gaineratu du emaitzak hobetu ahal izango dituela haiei esker. Halaber, azpimarratu du Euskabea «enpresa transbertsala» izatea, langileen parte hartzea ahalbidetzen duelako.

Euskabea «herria egiten duen proiektu bat da», esan du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. «Batzuetan ez gara konturatzen zenbateko altxorra daukagun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.