Euskal emakume pentsiodunek Oneka plataforma sortu dute

Emakumeen eta gizonen pentsioen arteko arrakala amaitzeko neurriak eskatu dituzte. 1.080 euroko pentsio duina aldarrikatu dute

Oneka plataformako kideak, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Donostia
2018ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Euskal emakume pentsiodunak elkartu, eta pentsio duina lortzeko plataforma bat sortu dute, Oneka izenekoa. Emakumeen eta gizonen soldaten eta pentsioen arteko arrakala amaitzeko neurriak eskatu dituzte, eta horien artean dago 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Izan ere, emakume pentsiodunen %75,3k kopuru hori baino gutxiago jasotzen dute. Hego Euskal Herrian, 2017an emakumezkoen batez besteko pentsioa 825 eurokoa izan zen; gizonezkoena, berriz, 1.434 eurokoa.

Guztira 300 emakume inguru daude plataforman, baina aurkezpenaren ondoren kide kopuruak gora egitea espero dute. Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean egin dute plataformaren aurkezpena, eta egun egokia iruditu zaie jasaten duten egoera salatzeko. Onekako kideek adierazi dutenez, haien pentsioa gizonezkoena baino askoz ere txikiagoa izateak emakume asko bultzatu ditu «pobrezian» bizitzera. «Bizitza osoan egindako lana, askotan ordaindutako lana izanda ere, kotizaziorik gabekoa da, eta, ondorioz, eskubiderik gabekoa», azpimarratu dute. Beste kasu batzuetan, ez dute soldatarik jaso egindako lanarengatik: «Etxeko lanaz eta bertan bizi ginenen arduraren erantzule izan gara beti, eta hori guztia, dohainik».

65 urtetik gora, gizonen eta emakumeen diru sarreren arteko desberdintasunak handiagoak dira, batez ere pobreziaren atalasetik behera dauden emakume pentsiodunen kasuan. «Gure egoera eta borroka ikusarazteko sortu dugu Oneka plataforma». Gizarte Segurantzako sistema propio baten beharra ere aldarrikatu dute.

Plataformako kideentzat, beharrezkoa da neurri sozial eta politikoak aldarrikatu eta defendatzea, emakume nagusiek bizitza autonomoa eta indarkeriarik gabekoa izan dezaten. Jasaten dituzten bazterketak ere aipatu dituzte, hala nola bakardadea, prekaritatea eta gizarte onespen falta. Horren ondorioz, «ikusezin» egiten dituztela salatu dute. Gizarte orekatua, justua, bidezkoa eta etorkizuneko ikuspegia duena eraiki behar dela azpimarratu dute.

Onekaren lan esparrua Hego Euskal Herria izango da, eta, plataformako kideen ustez, instituzioek eta erakundeek daukaten eginkizuna bete behar dute. «Eskuzabaltasuna aurkituko dugulakoan gaude. Elkarlanerako aukera izateko esperantza daukagu, bereziki emakumeen gaiaz arduratzen direnekin».

Pentsiodunen plataformekin eta feministen mugimenduarekin elkarlanean arituko direla gaineratu dute. «Gure helburuak lortzeko, ezinbestekoa izango da ahalik eta mobilizazio ahalmen handiena lortzea. Elkarlanean aritzeko prest gaude orain eta etorkizuneko erronketan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.