Merkataritza

Euskal enpresek inoiz baino gehiago saldu dute atzerrian

Gerra komertzialaren arriskuak ez du esportazioen hazkundea gelditu. Urtarriletik ekainera %9 handitu dira Hego Euskal Herriko konpainiek kanpora egindako salmentak.

Santurtziko portua, Bizkaiko kostaldean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ivan Santamaria.
2018ko abuztuaren 23a
07:16
Entzun

Aurtengo lehen urte erdian kanpo merkataritzak izan dituen emaitzen berri eman dute gaur Espainiako Estatuko Merkataritza Idazkaritzak eta Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak. Orotara, Hegoaldeko enpresek 17.720 milioi saldu dituzte atzerrian. Urtearen lehen erdian inoiz izan den kopururik handiena da.

Emaitzetan ez da islatu, oraingoz, Trumpek indarrean jarri dituen muga zerga berrien ondorioz nazioartean piztu duen giro ezkorra. Esportazioen dinamismoa oso handia izan da. Urtarriletik ekainera %9 igo dira kanpora egindako salmentak. Ekainean bertan %8 igo dira, aurreko urtearekin alderatuta.

Kanpora begirako estrategian bereziki indartsu dabiltza Nafarroa eta Bizkaia. Bi herrialde horretan %11 baino gehiago igo dira esportazioak urte batetik bestera. Araban %9,5 hazi dira, eta Gipuzkoan, azkenik, %3,5.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako konpainiek atzerrian egindako salmenten %35 ekipamendu ondasunak dira. Urte batetik bestera %6,5 igo dira sektore horretako salmentak. Amaitu gabeko eskulangintza ez-kimikoen ekarpena %12 handitu da, eta ibilgailu sektorekoa, %5,3. Hiru jardun horiek ematen dituzte esportatutako lau eurotik hiru.

Nafarroari dagokionez, ekipo ondasunen bultzada azpimarratzekoa da. Urte batetik bestera, %21 handitu dira sektore horretako salmentak. Edonola ere, ekarpenik handiena ibilgailu sektoreari dagokio: esportazioen %44 izan ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.