BRASIL

Euskal enpresen jokaleku

Munduko Futbol Kopa eta 2016ko Olinpiar Jokoak ongarri ezin hobeak dira Brasil erraldoiaren ekonomiarentzat. Gero eta euskal enpresa gehiago lehiatzen dira han.

Sao Pauloko Corinthians Arena futbol zelaia. SEBASTIãO MOREIRA / EFE
xabier martin
2014ko maiatzaren 4a
15:04
Entzun

Douglas Rafael da Silvak ez du ikusiko Munduko Kopa. Pavao-Pavaozhinho favelan hil zuten, orain bi hilabete. Copacabana eta Ipanemaren artean azaldu zen, hiltzeraino jipoiturik, Rio de Janeiron. Brasilgo ekonomiaren hauspoa behar zuen, eta maila handi batean hala izan da, baina Munduko Kopak arbuio handia jaso du, Brasilen futbola kasik erlijio izanda ere. Gobernuak ikuskizunaren aldeko azpiegituretan egindako inbertsio handiak (8.000 milioi euro inguru) arlo sozialean zuloak eragin dituela uste du jende askok. Frustrazio jakin horrek eta endemikoak diren beste hainbatek eragindako manifestazio eta istilu ugarien ondorioetako bat baino ez da Da Silvaren heriotza. Poliziak akabatu zuela diote haren lagun eta senitartekoek, eta favelan ez da bakerik aspaldian, Munduko Kopa Brasilen jokatu zela jakin aurretik ere gertatzen zen legez. Da Silva ez zen futbolaria, bistan da, ezta droga trafikatzailea, antza jipoitu zutenek uste izan zuten bezala, dantzaria baizik; favela batean hiltzeak ez dio emango apartekotasunik.

Gora bidean diren herrialdeen zamak eta ajeak soinetik kendu gabe, Brasilek hazkunde ekonomikoaren bidea hartu du azken urteotan, eta Munduko Kopa bide horretan arinago joateko motorra bilakatu nahi izan du Dilma Rousseffen gobernuak, nahiz eta agindutako azpiegituren zati handi bat burutu gabe dagoen; besteak beste, aireportuak, metroak, errepideak eta beste hainbat eraikin. Baina ausartuko da inor gaur-gaurkoz Brasilgo merkatuaren gaitasuna ukatzen? Futbolaren ondotik Olinpiar Jokoak iritsiko dira, Rio de Janeiro 2016, eta azpiegituren aldeko apustuak ez du etenik izango, 2014ko presidentetzarako bozen harira eginiko promesak betetzen badira behintzat.

Rousseff gerrillari ohiak jarraitu egin dio Partido dos Trabalhadores alderdian izan duen aitzindariak, Lula da Silvak, orain hamar urte ezarritako ildoari, pobrezia orokorretik atera eta, Palacio do Planaltok ematen duen indarrez, Brasil gora bidean jartzeko. Istiluak istilu, Brasil erreferentzia da munduan hazkunde ekonomikoaz hitz egitean, eta euskal enpresak aspaldian ari dira portugesez. Sao Paulo hartu dute gehienek merkatu erraldoiaren beheko kanpaleku gisa, eta merkatu horrek dituen berezko arriskuak barneratzen ari dira, irabazi garbien gailurra jo aurretik. Urteak daramatzatenek, berriz, badakite Amazonia bezain oparoa izan daitekeela herrialdea; han bai kimu berdeak, eta ez bakarrik futbol zelaietan. Besteak bezero potentzial bezainbesteko burokrazia duen ingurunean girotzen ari dira, jakinda Brasilen arrakasta ez dela berehala lortzen, eskainitako produktuaren apartekotasuna lagun, salbuespenak baztertuta.

Oraindik Munduko Kopa Txapelketa hasi ez den arren, euskal enpresak aspaldian dira jokoan han. Jadanik ehun baino gehiago dira, eta urtez urte kopurua gora doa. Golak egitea zaila da, baina non da erraza? CAF, Irizar, Copreci, Idom, Ingeteam, Jamai, Bellota, Fagor Arrasate, Orkli, Sener, Danobat, Gamesa, Orona, Viscofan, CIE Automotive, Aernnova, Iberdrola, Arteche, Lanik... bakoitza bere alorrean eta bere neurrian, denak ari dira Brasilgo merkatuan lehiatzen, gehienetan arrakastaz, gehienak euskal DNAren jokoaz, jogo bonito gutxi eta lanerako joanda, eraginkortasuna eta kalitatea nortasun adierazletzat hartuta.

Karmelo Arandia, Jamai Brasileko zuzendaria
"Emaitzak nahi dituenak arriskuak hartu behar ditu, baita Brasilen ere"

"Proiektu asko daude azpiegiturak eraikitzeko, baina ez dira adjudikatzen ari, ez dira egiten ari espero zen erritmoan", dio Karmelo Arandiak (Alegia, Gipuzkoa, 1984). Jamai Anoetako industria horniduretako enpresaren zuzendaria da Brasilen. "2010ean iritsi ginen, eta 2013rako lortu ditugu zenbaki positiboak". Lehenengo bi urteak enpresan kokatzen eman dituzte, han eta hemen bezero potentzialen ateak jotzen, "lan izugarria egiten". Hirugarren urterako iritsi da inbertsioaren fruitua. "Aurten motelago doa arlo industrialaren geldialdiarengatik, baina guretzat ez da izango urte txarra; baditugu kontratuak".

Lau urte Brasilen; denbora nahikoa izan da merkatu berri bezain handiaren nondik norakoak ezagutzeko. "Hemen lehiatzea ez da erraza", dio Arandiak, jakinda enpresari batzuek euren jardueren flotagailu gisa ikus dezaketela Brasil. "Emaitzak nahi dituenak arriskuak hartu behar ditu; aldagai hori ezingo du paretik kendu, baina bai apaldu, behar bezalako aholkularitzarekin". Informazioa oinarrizkoa dela, alegia. "Bezero gisa leunak dira brasildarrak, egokiak, baina oztopo handiak daude burokrazia aldetik". Hori da lehen hesi handia euskal enpresentzat hara iristean. "Ezuste handiak daude, enpresa martxan jartzeko behar diren paper eta ziurtagiri guztiak lortzeak motel jotzen duelako, Euskal Herrian baino askozaz ere motelago". Frustrazioan ez itotzeko prest joan behar du enpresariak Sao Paulo edo beste ekonomia guneetara. "Estrategia eror daiteke, epeak luzatu. Horregatik, beste edozein herrialdek eskatzen duen moduan, Brasilek aholkularitza onarekin joatea eskatzen du".

Hazkundearen abiadura moteldu den arren, Brasil miran daukate nazioartekotzean sakondu nahi duten euskal enpresa askok gaur egun. "Gure etorkizuneko bezero asko daude hemen. Hazkunderako baldintza izugarriak ditu herrialdeak", dio Jamai Brasileko zuzendariak. "Gure gertuko merkatuetako egoera ikusita, urratsa egin behar genuen, arriskua hartu, eta hemen gara; ez dugu damurik". Jamaik Munduko Koparekin lotutako proiektutan parte hartu duen galdetuta, "seguruenera", erantzun du Arandiak, "proiektu asko daudelako loturik modu batera edo bestera hala mundialarekin nola Olinpiar Jokoekin". Baina berriro dio: "Futbol zelaiak ozta-ozta iritsiko dira, eta beste azpiegitura asko ez dira bukatuko, tamalez". Hasi ere ez baitira egin plangintza orokorrak jasotako ugari. Jamai ez da, ordea, Munduko Koparengatik joan Brasilera, "egitura finko bat" eratzera baizik. "Epe luzerako gaude hemen, uste dugulako Brasilek hazten jarraituko duela".

Igor Etxabe, Orona Brasileko zuzendaria
«Lehia izugarria dago, eta arlo burokratikoan, eromena da Brasil»

Mondragon taldeko kooperatibek ere eskarmentu handia dute Brasilen. Hernaniko Oronak, adibidez, urrats garrantzitsua egin zuen iaz Brasilgo AMG erosita. Orain herrialde osoan ditu zerbitzu teknikoak, eta egoitza nagusia Brasilia hiriburu administratiboan. "Igogailuak ekoitzi, instalatu eta mantentzea da gure negozioa, zerbitzu osoa ematea", dio Igor Etxabek, Orona Brasileko zuzendariak (Zaldibia, Gipuzkoa, 1972). Lehen, igogailuak esportatzen zituzten, eta kito: "Mantentzeaz ahaztu egiten ginen". Kontua da herrialde jakin batzuetan "presentzia indartu" egin behar zela ohartu zirela Oronan, eta Europatik hasita nazioartekotzeari ekin zioten orain urte batzuk, "krisiari aurrea hartuta". Brasil "Ameriketako atea" da Oronarentzat: "Han egon behar genuen. AMG orain 6-7 urte erakarri genuen, eta haren bidez 700 igogailu ere saldu ditugu 2012an". Urtean 13.000 inguru ekoizten ditu orain igogailu egileak; 2008an 19.000ra ere iritsi ziren. "700 asko dira bezero bakar batentzat". Eta urrats naturala egitea erabaki zuten. "AMGn sartu ginen, eta zerbitzu osoa ematen dugu orain Brasilen".

Berrehun milioi biztanle ditu Amazoniako herrialde erraldoiak, eta horietako asko igogailurik gabeko etxeetan bizi dira, landa inguruetan, eta pobreziatik hurbil dauden auzoetan. Epe ertain-luzera igogailu asko egin beharko dira Brasilen, zinta mekaniko asko aireportu berri zein zaharretan; Oronak posizio ona lortu du lehian horretan egoteko. "Guretzat aukera gehien duen herrialdea da, Europa ere dezente gelditu egin baita", dio Etxabek.

Brasilen ezer ez da erraza, ordea. "Lehia izugarria dugu, eta nazioartekotze guztietan topatzen diren trabak, Brasilen handiak dira, batik bat arlo burokratikoan; eromena da hura". Gainera, produktua herrialde barrura sartzea "izugarri garestia" da muga zergengatik. "Igogailuak hemen eginda lehiakorrak gara, baina hemen bukatu eta 100koa baldin bada kostua, Brasilen sartzean 145 da. Horri aurre egitea ez da erraza". Dena den, ekoizpen zentrorik ez dute zabalduko Brasilen. "Hernani da gure lantegi lehiakorrena munduan, eta horrela jarraituko du. Eskulanak azken kostuan ez du hain eragin handia gure produktuan ,eta, gainera, ez zaigu interesatzen; gu kooperatiba gara, sozialki horrek esan nahi duen guztiarekin".

Nola doa ezkontza hori? "Ez da erraza koordinatzea. AMGn zegoen kudeaketa pentsamoldea aldatzea erronka izaten ari da. Kudeaketa eraginkorragoa eta egituratuagoa ezarri nahi dugu han, mendebaldeko pentsamoldea, eta burokrazia da gure etsairik handiena". Geroari begira, baikorra da, edonola ere, Etxabe; Munduko Koparen zain dago, "hura ondo ateratzen bada, dena lasaituko delako, eta Jokoak ere bide onetik joango direlako; horrek eragin handia izango du etorkizuneko inbertsioan".

Andres Barbadillo, Lanik enpresako kudeatzaile nagusia
«Proiektu asko ditugu, eta Olinpiar Jokoen estadioetan aritzeko aukera handia»

Munduko Koparekin zuzenean lotutako proiektuetan aritu diren euskal enpresak ere badira batzuk; adibidez, CAF trengilea. Beasaingo multinazionala Curitibako (Mato Grosso) tren sarean parte hartzen ari da, Kopako egoitzetako baten garraio sisteman. 216 milioi euroko proiektua da.

Donostiako Lanik ingeniaritza enpresa ere zuzen-zuzenean aritu da txapelketak behar dituen azpiegituretan. Pernambuco Arena (Recife) eta Natal (Rio Grande del Norte) futbol zelaietan lan garrantzitsuak egin ditu Mundaizeko enpresak, itxidura-egitura sistema osoak garatuz. 12,5 eta 8,5 milioiko proiektuak izan dira. "Haien aurretik Mato Grossoko Pantanal Aquariumaren kontratua sinatu genuen, eta orain ari gara lan horretan", dio Andres Barbadillok (Olaberria, 1962), Lanikeko kudeatzaile nagusiak. El Dorado izaten ari da Brasil Lanik enpresarentzat. "Petrobraseko egoitza nagusiaren atriuma ere egitean ari gara Santoseko portuan, une hauetan; gainera, Curitivako estadioarekin ere badugu kontratua, ez estaldura egiteko, dagoena mugikor bilakatzeko baizik".

Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetarako ere lantzen ari dira jada  proiektuak. Oraindik ez dituzte sinatu, baina hiru estadiotan parte hartzeko prototipoak egin dituzte, eta "aukera handia" dute 21 milioi euroko kontratuak ixteko. "Gure estrategia da tokian tokiko komertzialekin lan egitea. Orain Odebrecht Brasilgo lehen eraikuntza konpainiaren eskutik goaz maiz han, eta Brasildik kanpo ere bai, eta ate asko zabaltzen dizkigu horrek".

Laniken sistema eta produktua patentea dauka, eta bukatua eramaten du Euskal Herritik dagokion lekura, instalatzera. "Asteasun dugu ekoizpen zentroa, eta gure hornitzaile guztiak 100 kilometroko ingurunean daude. Hori da gure bermea, gure zigilua. Aberastasuna sortzen dugu hemen nazioartekotzea eginez". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.