ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk osatutako gehiengo sindikalak Madrilen aldarrikatuko ditu Hego Euskal Herriko langileen eskubideak. Madrilen eskatuko du Hego Euskal Herriko langileen lan eta gizarte eskubideak Hego Euskal Herrian erabaki behar direla. Era berean, lan merkatuaren, pentsioen eta negoziazio kolektiboaren erreformak Madrilen salatuko ditu, negoziatzen eta onartzen diren hirian. Gehiengo sindikalak manifestazio baten bidez egingo ditu aldarrikapena eta salaketa, apirilaren 5ean, lehen aldiz Madrilen. Ondoan izango ditu Galiziako (CIG), Kataluniako (CSC) eta Kanarietako intersindikalak.
«Egoera larriak bizi ditugu une hauetan, eta Madrilen erakutsi nahi dugu beste eredu sindikal bat egin daitekeela», Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren hitzetan. Galiziako, Kataluniako eta Kanarietako sindikatuekin joango dira, guztiek salaketa berdina egin behar baitute: «Madrilen hartzen diren erabakiek gure eskubideak urratzen dituztela», Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren esanetan.
Eskubideak urratu, eta negoziatzeko eta erabakitzeko eskubideak indargabetu. Horregatik, gehiengo sindikalak mobilizazioen bidea aukeratu du, lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruari «dimentsio politikoa» emateko. Erabakitzeko eskubidea mahai gainean jartzeko: «Asko dugu jokoan, langile klase eta herri gisa».
Euskal Herriari buruzko erabakiak Euskal Herrian hartu behar direla uste duten alderdi politikoei negoziazio kolektiboari aurre egiteko eskatu diete. Pentsioen erreformaren eta negoziazio kolektiboaren erreformen kontra bozkatzeko. «Ezinezkoa baita erabakitzeko euskal esparruaren alde zaudela esatea, ondoren Madrilen hori ukatzen duten erreformak babesten badituzu», Etxaideren hitzetan.
Ohi bezala, gehiengo sindikaleko ordezkariek gogor kritikatu zuten CCOOren eta UGTren jarrera, Espainiako Gobernuarekin eta patronalarekin erreformak hitzartzeagatik. Egunotan negoziazio kolektiboaren erreforma negoziatzen ari dira, Madrilen. Beste aukera batzuk badaudela nabarmendu zuen Etxaidek. «Berriro aldarrikatu nahi dugu badagoela alternatiba, gezurra baita horiek direla egin daitezkeen politika bakarrak», esan zuen. Neurri horien artean Muñozek aipatu zuen oinarri fiskala aberastasunaren arabera ezartzea.
Euskal gehiengo sindikala lehen aldiz mobilizatuko da Madrilen
Manifestazio baten bidez, erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dute, eta Espainiak onartutako erreformak salatuko dituzteGaliziako, Kataluniako eta Kanarietako intersindikalek bat egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu