Euskal gizarte segurantza sortzeaz eztabaidatu nahi du LABek

Azken hamarkadan, soldatak eta pentsioak «nabarmen» okertu dira, sindikatuaren arabera

Igor Arroyo eta Oihane Lopetegi Ikusmiran txostena aurkezten, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
xabier martin
Donostia
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Desberdintasuna gero eta handiagoa delako ustea aski zabaldua dago euskal gizartean. Bada, LAB sindikatuaren Ipar Hegoa fundazioak kopuru zehatzak jarri dizkio desberdintasun horri Ikusmiran txostenean. Azken hamarkadako lan eta bizi baldintzen eboluzioa aztertu dute fundazioan, eta lan mardul horren emaitza argia da: soldaten, pentsioen, pobreziaren eta etxebizitzaren arloetan, okerrera egin dute langileen baldintzek, «nabarmen». Horregatik, LABek uste du asko ilundu den jokaleku hori argitzen hasteko garaia dela, eta helburu horrekin abiarazi nahi du euskal gizarte segurantzaren eta lan kodearen inguruko eztabaida. Urtarrilean helaraziko dizkie proposamen zehatzak beste eragileei, alderdi politikoei eta sindikatuei.

Izan ere, azken hamar urteak ez dira onak izan langileentzat. Edo beste modu batera esanda: txarrak izan dira, oro har. Arrakalak handitu egin dira, hala emakumeen eta gizonen artekoak, nola gazteen eta gainontzekoen artekoak. «2008tik 2013ra ipini ziren habeek hortxe jarraitzen dute, eta lan erreformaren filosofia hori erabiltzeko moduan dago oraindik ere», ohartarazi zuen Oihana Lopetegi Ipar Hegoa fundazioko arduradunak, atzo, pandemiaren itzalean etor daitekeenari erreparatuta.

«Prekarizazio prozesua» errealitate bat da, beraz, Lopetegik uste duenez. Soldatarik txikienak eta handienak jasotzen dituzten langileen kopuruek gora egin dute; erdiko pertzentiletakoak, aldiz, murriztu egin dira. Horrekin batera, kontratu mugagabea eta aldi baterakoa dutenen arteko arrakalak gora egin du; zer esanik ez langile gazteen eta besteen artekoak.

Pentsio txikiagoak datoz

Pentsioei dagokienez, Lopetegik dio erretiroa hartu duten azken langileen artean pentsio handikoak izan direla asko, «beren lan baldintzak negoziatzeko aukera izan duten gizonezkoak gehienbat». Baina pentsioak gero eta txikiagoak izango direlako abisua eman du: «Batetik, pentsio erreforma berak arauak aldatuko dituelako jasotzen den saria txikiagoa izan dadin; bestetik, lan erreformaren bidez gauzatutako prekarizazioak pentsio eskasagoak ekarriko dituelako». 1.080 eurotik beherako pentsioa duteerretiratuen %40k, eta horietatik gehienak (%70) alargunak dira; eta alargunen artean, berriz, gehiengo handi bat emakumeak direla dio Lopetegik.

Baldintza horiek guztiek pobrezia neurtzen duten aldagaien eboluzio kaskarra eragin dute azken hamarkadan. Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan pobreziak %15 egin du gora, Ikusmiran txostenak jaso duenez. «Herritarren %11k ezin diete ustekabeko gastuei erantzun, adibidez, eta %18 ezin dira oporretara joan».

Etxebizitzaren arloak osatzen du langileentzako koadro iluna baino ilunagoa dena, gero eta egoera zailagoa baitute soldata apal batekin etxebizitza erosi edo alokatu behar dutenek. «Politika publikoek ez diote soluziorik eman etxebizitzaren arazoari urteotan», Ipar Hegoa fundazioko arduradunaren arabera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, langileek beren soldaten %48 erabiltzen dute etxebizitza pagatzeko, dela hipoteka pagatuz, dela alokairua pagatuz. Ipar Euskal Herrian, berriz, lehen etxebizitzak baino gehiago dira bigarren etxebizitzak, batez ere Lapurdin.

Euskal lan kodea behar da

Errealitate gordin horren analisi politikoa egiten hasita, Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren ondokoak grebaren garrantzia du gogoan; azken hamarkadan, grebek eta lan hitzarmenek izan duten eboluzioak bat datozela dio. «Eskuz esku doaz; grebek behera egin dutenean, lan itunek ere bai; 2015etik aurrera, greba deialdiek gora egin zuten, eta haiekin batera lortu zituzten langileek hitzarmenak». Arroyoren hitzetan, «borroka sindikala dagoenean lan itunak daude». Elkarrizketa Sozialerako Mahaia zenbatean biltzen den, «horrek ez dauka zerikusirik lortzen diren lan itunekin». Horregatik, LABeko kideak uste du «kontrabotere eredua behar-beharrezkoa» dela sindikalismoan. «Oso garrantzitsuak dira zerbitzu publikoetan egiten ari diren mobilizazioak, baita metalgintzan lortutako akordioak ere, batez ere subrogazioa lortu delako azpikontratatuta jarduten dutenentzat».

Baina sindikatu abertzaleak eraginkorragoa izan nahi du, «grebak ez direlako nahikoa». Hala, urtarrilerako LABek zenbait proposamen helaraziko dizkiebeste eragileei, alderdi politiko eta sindikatuei, «herri eztabaida bat» abiatu nahian. Gizarte segurantza eta lan kode propioak izateko proposamenak izango dira.

Sindikatu abertzaleak ez die muzin egingo Espainian eta Frantzian lor daitezkeen hobekuntzei, baina «errealitate propioa» eraikitzea du helburu, betiere langileen egoera beltz hori iraultzeko, eta jardun horretan euskal gizarte segurantza bat eta euskal lan kode bat nola izan beharko luketen eztabaidatu nahi du beste eragileekin, «lan hori ez baitagokio soilik LABi».

Dena den, Arroyorentzat, badaude tresnak batzuk langileen baldintzak hobetzen hasteko: «esaterako, euskal esparru akordioa». Tresna horien bidez lor daiteke, esaterako, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, eta soldatarik txikienak osatzea, «borondate politikorik bada»; baita 35 orduko lan astea ezartzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.