EUSKAL HERRIA 2020 (I)

EKONOMIA ETA ENPLEGUA. Nortasuna, garapen tresna. Euskal Herria 2020 egitasmoaren arabera, garapen ekonomikoa lortzeko Ipar Euskal Herriaren nortasuna baliatu behar da, eta enpresa txikiak izatearen errealitatetik abiatu. BERNARD RODRIGUEZ. Pirinio Atlantikoetako Ofizialeen Ganberako idazkariorde nagusia.

ENEKO BIDEGAIN
2006ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Nortasunak ematen dio indarra Ipar Euskal Herriari. Euskal Herria 2020 egitasmoa lantzen ari direnek «Euskal Herriko ondare natural eta kulturala baloratu eta babestu» behar dela diote, bertako ekonomia mantendu eta garatu nahi bada. Ipar Euskal Herriko hainbat gizarte eta ekonomia eragile gogoeta bat lantzen ari dira, 2020ra begira, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak kudeaturik.

Itsasoa, mendia, paisaia eta euskal nortasuna dira, eragile horien ustez, Ipar Euskal Herria erakargarri egiten dutenak. «Elkarrekin bizitzeko eta gauzak kolektiboki sortzeko gaitasuna» ere baloratu dituzte. Haatik, aukera horiek arrisku bihur daitezke, adibidez «kalitatearen irudia gehiegi erabiltzen» bada. Hots, kasu egin behar da lurraldearen irudi hori bera histuko duen ekoizteko motak ez bultzatzea produktu bat kalitatearen izenean gehiago saltzeko asmoz. Horretarako, Euskal Herria 2020 txostena landu dutenek diote, Ipar Euskal Herriaren erronka bizi kalitate horri eustea dela, hala nola lotura soziala mantentzea, ingurumena babestea ...

Horrek erran nahi du baliabide naturalak (ura, airea eta naturguneak) «hobeki kudeatu» behar direla. Eragile ekonomikoei energia berriztagarriei, kutsaduraren murrizteari eta lekuko ekoizpenei balioa emateari begira kontzientzia harrarazteko tenorea dela dio txostenak. Halaber, errepideari alternatibak aurkitzeko premia ikusten dute ondoko urteetako erronken artean.

Lurraren arazoari ere aterabide bat aurkitzeko beharra aipatzen dute, ekonomiarentzako lur sailak atxikiz. Garapen horrek lurralde osoa hunkitu behar duela eta koherentea izan behar dela dio txostenak. «Motor ekonomikoen aniztasunak» ematen dio dinamika ekonomia horri. Sektore zehatz batek krisia larri bat ukanez gero, aniztasun horri esker krisia horren ondorioak ez lirateke beste toki batzuetan bezain larriak.

TURISMOAREN MUGAK. Turismoa ez dute aterabide bakar gisa aurkezten, duela zenbait urte bezala. Are gehiago, lehen bezala turisten zain eta haien kontsumotik bizitzeko logika pasiboa gainditu behar dela ohartarazi dute, egoera hori ere alda daitekeelako. «Beste eremuen konpetentzia indartzen ari da eta Ipar Euskal Herriko turismoa ez da nahiko ongi egituratua». Turismoko aktoreek jarrera aktiboa har dezaten aholkatzen dute txosten egileek. Horrek «zerbitzuen kalitatea hobetzea, euskal nortasunari balioa ematea, ingurumena kontuan hartzea eta Hego Euskal Herriarekin lan egitea» erran nahi du.

Kezka sortzen du, hala ere, ekonomia gero eta gehiago zerbitzu ekonomia bihurtzeak. Horrek desoreka batzuk sor ditzake. Bizileku eta pausaleku gisa egituaratzen ari den eremu horretan, ekonomia produktiboaren gainbehera gerta daiteke, are gehiago lurraren prezioaren krisia ikusiz. Industria sostengatzea Ipar Euskal Herriko erronka nagusi gisa aurkeztu dute.

Kontraesan bat ageri da, ordea, gazteek herrian bizitzeko eta lan egiteko duten gogoaren, jarraitzen dituzten ikasketen eta herrian bertan dagoen enplegu motaren artean. Horrek eragile ekonomikoak gogoeta orokorrago batean ezartzera bultzatzen ditu, hots Hego Euskal Herriarekin eta Akitaniarekin batera enplegu eremu zabal bat ez ote den osatu behar.

Lanpostuak sortuko dira, ordea, datozen hamabost bat urteetan. Gaur egungo populazio aktiboaren %60 erretretara joanen da 2020 baino lehen. Gehienak enpresa txiki-txikien jabeak dira. Enpresa anitz segidarik gabe gelditzeko arriskuan daude, eta horrekin batera sektore batzuk desager daitezke, eskulangintza bereziki. Enplegu horien irudiaren, lan baldintzen eta soldaten hobetzean dago erronketariko bat, baina baita prestakuntza eskaintzean ere.

Bernard Rodriguez Pirinio Atlantikoetako Ofizialeen Ganberako idazkariorde nagusia

«Lanbide prestakuntzari ere lekua egin behar zaio gure gogoetetan»

e.B.

Baiona

Bernard Rodriguez (Floirac, Frantzia, 1952), Ofizialeen Ganberako arduraduna, Euskal Herria 2020 gogoetetan aritu da, eta ofizialeen ahotsa entzunarazi nahi du.

Gazte anitzek kualifikazio handiko enplegurako ikasketak egin dituzte, eta nekez aurkitzen dute haientzako lan bat Ipar Euskal Herrian. Alderantziz, ofizio anitzetan langileak falta dira.
Hori kezkagarria da, alde batetik. Eskaera eta eskaintza ez doaz bat. Eraikuntzan eta elikaduran ari diren nagusiek ez dute langilerik aurkitzen. Zailtasun handiak ditugu harakin izan nahi duten gazteak aurkitzeko. Hemen, enpresa gehienak txikiak dira. Eta enpresa txikietan ez dituzte baxotik landa bost urteko ikasketak egin dituztenak bilatzen. Haatik, aprendizgoan ibili diren gazteen %75-80ek lan bat aurkitzen dute. Ez dute beti lan kontratu mugagabea ukaiten hasieratik, baina beti ari dira lanean non edo non. Euskal Herria 2010-ean batek erran zuen bezala: «ingeniariak prestatzea ongi da, baina beti izango duzue harginen eta harakinen beharra».

Badea kontzientzia hartzerik?

Euskal Herria 2020 gogoetak leku handia ematen dio goi mailako irakaskuntzari. Baina lanbide prestakuntzari ere lekua egin beharko zaio. Hala ere, azken urteetan indar handiak egin ditugu ofizio mota horien irudia hobetzeko, soldatak igoz, lan baldintzak txukunduz. Gero eta ikasle gehiago daukagu ofiziale eskoletan.

Ofizialeek segidaren arazoa dute. Nola konponduko da?
55 urtez gorako enpresaburuen artean transmisioaren prestatze lan sakon bat egin behar da. Urte franko lehenagotik hasi behar da transmisioari pentsatzen. Transmisioaren alorrean esku hartzen duten eragile guztien arteko (notario, abokatu, banku eta abar) plataforma bat sortzea begi onez ikusiko nuke. Enpresaren segida hartzeko prest den norbait aurkitu behar da eta jabearekin harremanetan ezarri. Batzuetan arazoa sortzen da enpresaren eta hartzailearen nahiaren artean, besteak beste prezioaren inguruan.

Lurzoruaren prezioek nolako eragina dute enpresak sortzeko edo handitzeko?
Produkzio sektoreak arazo handia du lurzoruarekin. Baiona inguruan ez dago lurrik. Beraz enpresak Lapurdi erdialdean jartzen dira. Enpresak erakartzeko zinezko eskaintza bat egin behar da. Enpresak barnealdera joatea nahi badugu, zerbitzuak eskaini behar zaizkio inguruan. Merkantziak dituzten sektoreek bide nagusien ondoan izan behar dute.

Enpresak, berritze planetan herabe

Ipar Euskal Herriko enpresen ia erdiek ez daukate berritze planik. Berritze plana lotua izan daiteke ekoizpenari, ekoizteko prozedurari, lanaren antolaketari edo saltzeko metodoari. Hainbat egiturak berritze prozesuan laguntza ekartzea proposatzen dute. Enpresa anitz ez dira berritze planetan sartzen, berritze prozesuak ez dituztelako ezagutzen, metodologia eta informazioa eskas dituztelako edota ez dutelako nahiko baliabiderik horretarako.

Arazo bertsuak agertzen dira kalitatearen, segurtasunaren eta ingurumenaren aldeko neurriak hartzerakoan. Atal honen erronkak ez ezagutzeaz gainera, araudi zorrotzegien beldurra, aldaketen kostua eta etekinen neurtzeko zailtasuna traba batzuk dira.

Lurraren prezioak ere arazo latzak sortzen ditu. Gaur egun gune ekonomiko gehienak beteak dira, eta aktibitate gune horietako enpresentzat ez dago hedatzeko aukerarik. Horrez gain, libre diren eremuetan, lehentasuna etxebizitzak eraikitzeari ematen zaio, eta ez dira ekonomiaren beharrak aurrez ikusten. Oreka aurkitzeko premia dago.

Txikiaren indarra

Enpresa txiki-txikiek osatzen dute aktibitate ekonomiko gehiena, sendotasuna emanezE. Bidegain

Baiona

Ipar Euskal Herriak, oro har, «osasun ekonomiko ona» du. Alabaina, azken hamar urteetan 13.500 enplegu sortu dira, eta 2001etik 2004ra bitartean enpresa kopurua %7,6 emendatu da. Haatik, oso argi nabari da gorakada hori turismoaren eraginez gertatu dela, oroz gainetik. Lanpostu anitz sortu da pertsonentzako zerbitzuetan. Enplegu kopuruaren gorakada ez da gazteen mesedetan izan, ordea. Lan prekarioa biziki handia da, ANPE langabezia bulegoak eskaintzen dituen lanpostu gehienak prekarioak dira. Halaber, eraikuntza, ostalaritza eta osasungintza sektoreek zailtasunak dituzte langileak aurkitzeko.

Desorekak nabari dira eskualdeen artean ere. Barnealdeko herrietan soldata apalagoak dituzte, kualifikazio handiko lanak eta enpresa gehienak kostaldean direlako. Uztaritze eta Hiriburuko kantonamenduetan eta Angelun beste tokietan baino soldata hobea dutenak bizi dira, kualifikazio handiko langileak hara doazelako bizitzera.

Enpresa txikiak
Ipar Euskal Herrian 26.400 enpresa zeuden 2004an. Bi herenak kostaldean dira. Enpresa gehienak (%56,7) langilerik gabeak dira, hots, beren gain ari diren nagusienak. Hamar langiletik gorako enpresak %9 baizik ez dira. Eta bakar batzuek baizik ez dituzte 100 langile baino gehiago. Hala ere, azken lantegi mota horretan dago langile kopuru handiena, orotara.

Artisauen sare zabalak egiten du, hala ere, Ipar Euskal Herriaren berezitasuna. Ofizialeek, saltzaileek, erizainek eta langile liberalek osatzen dute sare hori. Elkarteen sektoreak ere lanpostu anitz sortzen ditu. Antolaketa horrek indepedentzia handia ematen dio sektore ekonomikoari, enpresen %86ren zuzendaritza Euskal Herrian bertan dagoelako.

Ofizialeak erretretarako adinera hurbiltzen ari dira, ordea. Enpresa txiki horietako nagusiak zahartzen ari dira. Artisautza enpresa txikien herenak ez du segida hartuko dion inor.

Arrantza
Txikiak dira arrantzontziak ere. 196 ontzi ari dira, gaur egun, arrantzan. Erdiak 12 metrotik beherakoak dira, eta kostatik hurbil ibiltzen dira. Bertzeak 25 metrotik beherakoak dira, gehienak bolintxeroak edo sarea erabiltzen dutenak. Donibane Lohizuneko portura 6.636 tona arrain ekarri zituzten iaz, hots, 16,6 milioi euroko balioa.

Eta aurten zenbat tona? Zenbat euro? Urtetik urtera zailtasunak dituzte etorkizuna asmatzeko. Sektoreak oztopo anitzi buru egin behar izan dio, arrantzale anitzek lana utzi behar izan dute, eta krisiak ez dira bururatu. Aurten antxoa ezin dute arrantzatu, itsasoan gero eta arrain gutxiago dago, gastuak gero eta handiago. Estrategia baten zehazteko eta antizipatzeko zailtasunak daudela diote txostena landu dutenek.

Industria
Nahiz eta azken urteetan 50 lantegi itxi eta 1.200 lanpostu desagertu, industria nahiko egoera onean dago. Urtean ehun bat enpresa sortzen dira, bereziki elikagaiei lotu industrian. Langileen %17,9 industria sektorean ari zen 2004ean, hots 11.867 langile eta 942 lantegi. Haatik, 37 enpresak baizik ez dituzte 50 langile baino gehiago. Enpresak hain txikiak izateak arazoak sortzen ditu sarean antolatzeko edo giza baliabideak kudeatzeko.

Aeronautika da industria sektoreko aktibiate nagusia, enpleguen %35ekin. Baionako mugan, Tarnosen (Frantzia), Turbomeca enpresa dago. Enpresa hori kontuan hartuz, bizi eremu ekonomikoan aeronautikak askoz pisu handiagoa du. Horrek kanpoarekiko dependentzia egoera handian ezartzen du Ipar Euskal Herriko sektore hori, eta garatzeko aukerak mugatuak ditu. Bigarren aktibitate nagusia ehungintzari lotua da.

Azken urteetan anitz garatu da lerra-kirolen sektorea, surferako gunea izanik, marka handiak erakarri dituelako. Euskal Herrian ez da produzitzen, haatik. Planoak eta marketina lantzen da bertan. Produkzioa kanpoan egiten da. Puntako tekonologia eta informatika ere anitz garatu da.

Merkataritza
Merkataritza da Ipar Euskal Herriko hirugarren aktibitatea, 14.300 langilerekin. Hamar urtean %21,7 igo da kopuru hori. Merkataritzako enpresa gehienak txikiak dira. Beste eskualdeetan baino saltegi gehiago dago ehungintzan, etxeko tresnerian, hipermerkatuetan, baratze zaintzan eta auto salmentetan.

Zerbitzuak
Ipar Euskal Herriko enpleguaren %57 zerbitzuetan banatua da. Gorakada handiena enpresentzako zerbitzuetan nabaritu da. Alabaina, enpresa anitzek beren aktibitate anitz, administrazioko kontuak bereziki, kanpoko enpresa batzuen esku utzi dituzte. Aldi baterako lan kontratuen gorakadak ere badu eragina, enpresa anitzek aldi baterako langileak hartzen dituztelako, eraikuntzan eta industrian bereziki.

Turismoaren garapenak eta bigarren etxebizitzen kopuruaren gorakadak pertsonentzako zerbitzuen garapena eragin du. Langile kopurua %42,4 emendatu da ostalaritzan, azken hamar urteetan. Etxebizitzari lotu aktibitateak %54,8 enplegu gehiago sortu ditu, epe berean.

Turismoa
Enpleguaren %10 ordezkatzen du turismoak, batez beste egunean 33.000 turistarekin. 2004an 400 milioi euro sartu dira turismoarekin. Turista gehien-gehienak kostaldera doaz. Horrek arazo handiak sortzen ditu udan, errepidean bereziki. Halaber, bigarren etxebizitza kopurua etengabe goratzen ari da. Harrera kalitate onekoa bada ere, hotelen kalitatea ez da hain ona. Arazoak daude langileak aurkitzeko eta udan lanera datozenentzat lo egiteko tokia atzemateko.

Bihar:Laborantza eta mendia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.