«Murrizketen bidetik, gero eta hurbilago dago agertoki greziarra». Hori uste du Mikel Noval ELAko arlo sozialeko arduradunak. Hezkuntzan eta osasun arloan Espainiako Gobernuak egindako murrizketa proposamenak gaitzetsi ditu, eta neurri horiek «amildegiaren ertzean» jartzen gaituztela azpimarratu du. Azaldu du Eusko Jaurlaritzan ere ez dituztela begi onez ikusi murrizketa horiek. Novalen esanetan, ordea, «jarrera hipokrita» da. «Raxoiren gobernuak hartutakoneurriak kritikatu egiten dituzte, baina, ondoren, era horretako erabakiak onartu dituzte».
Jarrera hori aurrekontuetan sumatzen dela dio. 2010etik Hego Euskal Herrian osasunean eta hezkuntzan egin diren murrizketak aipatu ditu Novalek. Aurten, esaterako, 2010ean baino 139,2 milioi gutxiago erabiliko ditu Eusko Jaurlaritzak osasun arloan, eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontua 121,5 milioi apalagoa izango da. Hezkuntzari dagokionez, 138,4 eta 69,2 milioi euro gutxiago erabiliko dituzte bi gobernuek, hurrenez hurren. «Erabaki horiekin, egoera latzagoa izango da: langabezia eta txirotasun handiagoa», adierazi du Adolfo Muñozek, ELAko idazkari nagusiak.
Egoera ikusita, Madrildik datozen erabakiei bizkarra emateko eskatu die ELAk beste behin Hego Euskal Herriko erakundeei. Murrizketa gehiago ez onartzeko euren zerbitzu publikoetan. «Bi gobernuek, ordea, euren iritzia eman dute jadanik». Nafarroakoak esan du murrizketekin ados dagoela. Jaurlaritzak, bere aldetik, hezkuntzako murrizketen aurka dagoela esan du, eta Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak ohartarazi du egitasmoa auzitara eramango duela. «Rafael Bengoa Osasun sailburua, ordea, hartutako neurrien %80rekin ados dago».
Muñozek, dei zuzena egin die erakundeei, batez ere Eusko Jaurlaritzari: «Oinarrizko legeari errekurtso judizialak jartzea ez da nahikoa, prozesu horiek luzeegiak izaten baitira bide horretatik jarraitzeko. Politikoki egin behar zaie aurre». Hego Euskal Herriko konpetentziei egiten ari zaien «erasoaren» kontra egiteko eskatu die,«trantsiziotik izan den zentralismo gogorrena» gailendu ez dadin.
Era berean, arlo sozialari «behar bezala» heltzeko eskatu du Muñozek. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak gero eta gertuago daude, eta hori politikarien hitzetan sumatzen da, idazkari nagusiaren ustez. «Arlo soziala, esaterako, hauteskundeetako salgaia da, politika errealean eraginik ez daukana». Izan ere, kanpainan ideia aurrerakoi ugari aurkezten diren arren, «esaten denak eta egiten denak ez dute zerikusirik». Patxi Lopez lehendakariari egunkarietako lerroburuetan atera nahi izateko proposamenak egitea leporatu dio. Euskal enpresen sarea sustatzeko 459 milioi euro erabiliko zituela iragarri zuen joan den larunbatean.Baina gezurretan aritzea leporatu dio Muñozek, «diru kopuru hori aurrekontuetan baitzegoen murrizketak egin ondoren».
Sindikalizazioaren indarra
Egoera honen aurka, ELAk orain arteko agendarekin jarraituko duela iragarri du Muñozek. «Otsailaren 25eko manifestazioan eta martxoaren 29an egin genuen greba orokorrean bezala, murrizketei aurre egiteko mobilizazioen bidea jarraituko dugu». Zerga politikak, eta aurrekontu politikak goitik behera aldatzeko eskatzen jarraituko dute. Horretarako, desadostasuna kalean erakusten jarraituko dutela aurreratu du sindikatuak.
Hurrengo mobilizazio handia ate joka dago, gainera. Maiatzaren Lehena gainean da, eta egun horretarako kanpaina ere aurkeztu zuen atzo sindikatuak. «Sindikalizazioaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu aurrerantzean ere». «Inoiz baino beharrezkoagoa» dela uste du Muñozek.
ELAko idazkari nagusiaren esanetan, «negoziazio kolektiboa sindikatuta dauden enpresetan bakarrik lortu ahal izangoda», hau da, aurrerantzean lan baldintzak antolakuntza sindikalaren araberakoak izango direlaadierazi du.
Euskal Herria Greziatik «gero eta hurbilago» dagoela uste du ELAk
Espainiako Gobernuaren osasun eta hezkuntzako murrizketei «politikoki» aurre egiteko eskatu die ELAk euskal erakundeeiTrantsiziotik izan den «zentralismo gogorrenaren» arriskuaz ohartarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu