Euskal Herria, txokolatearen Europako atea

XVIII. mendean kakaoa saltzeko monopolioa izan zuen Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrak. Sefardiek Baionan sortutako txokolategile tradizioak ere lagundu zuen Europan euskal gozogileen sona zabaltzen.

Jon Fernandez.
2014ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Euskaldunok ginen munduan per capita txokolate gehien jaten genuenak XVIII. mendean». Harrotasunez eman du datua Rafa Gorrotxategi txokolategile tolosarrak. Areago, gogorarazi du garai hartan euskal kostaldeko portuak zirela kakaoa Europara iristeko ate nagusia. Egoitza Pasaian zeukan Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrak zeukalako Ameriketako kakaoa merkaturatzeko monopolioa. Baina euskaldunek txokolategintzan izandako pisuaz jabetzeko 300 urte atzera egin beharrik ez dagoela azpimarratu du Gorrotxategik. «1970era arte, Gipuzkoa izan da Espainiako txokolate ekoizle nagusia». Askok uste baino lotuago daude Euskal Herria eta txokolatea.

Egun munduko kakaoaren bi heren Afrikan ekoizten badira ere —europarrek kontinente beltzean landatu zuten hura kolonizatzean—, fruitu horrek Amerikan du jatorria, Mexikon hain zuzen. Hernan Cortes konkistatzaile espainiarrak Mexiko inbaditu zuenean jabetu zen aztekek, elikagai gisa ez eze, trukerako diru moduan ere erabiltzen zituztela kakao aleak. Iberiar penintsulara 1520an iritsi zen lehen aldiz kakaoa, baina arrakastarik ez zuen izan, harekin egiten zen edaria oso mikatza zelako. Txokolatearen erabilera ez zen zabaldu azukrearekin nahasten hasi ziren arte. Orduan bai, eliteen artean lehenengo eta orokorrago gero, txokolatea jateko ohitura zabaltzen hasi zen kontinente osoan XVII. mendetik aurrera.

Baina Espainiako koroak galdu egin zuen kakaoaren merkataritzako nagusitasuna. Haziaren ekoizpena Mexikotik Venezuelara pasatu zen nagusiki —hura zen munduko ekoizle nagusia—, eta, lurra Espainiak kontrolatzen bazuen ere, herbeheretarrak eta britainiarrak jabetu ziren haren kontrabandoaz itsasoan. «Euskaldunok herbeheretarrei erosten genien orduan kakaoa», dio Gorrotxategik.

Egoerari buelta emateko asmoz, 1728an Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra sortu zuten Peñafloridako kondeak bultzatuta, eta Felipe V.ak bi pribilegio eman zizkion kakaoaren merkatua berriz Espainiako koroaren menpe gera zedin: «Bata, kakaoa merkaturatzeko monopolioa; bestea, legez kanpoko merkataritzari jazartzekoa, baita estatu espainiarretik kanpora ere, eta beretzat hartzeko atzemandako kontrabandoko produktuak», Antxon Agirre etnografoak Euskonews-en azaldu bezala. 1776ra arte iraun zuen gipuzkoarren monopolioak.

Trukean, Venezuelatik kakaoz beteta zetozen ontzi gipuzkoarrek Sevillan egin behar zuten lehen geldialdia. «Baina gero euskal portuetan deskargatzen zuten kakaoa, eta Europara zabaldu», gaineratu du Gorrotxategik.

Donostia eta Pasaiko portuetatik, beraz, Frantziara bidea hartzen zuen kakaoak, Lapurditik igarota. Txokolategintzaren meka izan zen garai horretan, hain zuzen, Baiona. Espainiako eta Portugalgo koroek kanporatutako juduetako asko Baionan geratu ziren bizitzen, eta txokolatearen errezeta eraman zuten beraiekin. «Baionan oraindik ere txokolate tradizio handia dago. Hirian, Txokolatearen Eguna ospatzen da urtero maiatzeko asteburu batean, eta duela bi urte sefardiak omendu genituen, beraiek ekarri zutelako ohitura», azaldu du Marie-Claudine Maudet Baionako Cazenave txokolategiko jabeak.

Txokolatearen ghettoa

XVIII. mendearen amaierako kalkulu batzuen arabera, Iparraldean egina zen Frantzian orduan kontsumitzen zen txokolatearen erdia. Txokolategileen estatutuak onartu zituzten Baionan 1761ean. Haien arabera, hiriko komunitateko maisu izan gabeko inork ez zeukan eskubiderik txokolaterik egiteko edo negoziorik zabaltzeko, ez Baionan ez barrutian.

«Harrigarria da, nolanahi ere, Baionako txokolategileek juduekiko erakutsi zuten esker txarra», azaldu zuen Agirrek Eskonews-en. Izan ere, txokolategileen gremioa sortu zutenean sefardiei galarazi egin zieten txokolatea saltzea San Izpiritu auzotik kanpora. Txokolate ghetto hori indarrean izan zen hiru hamarkadaz, Frantziako Iraultzaren ondoren, berriro lehia librea ezarri zen arte.

XX. mendera salto eginda, Gipuzkoak txokolategintzan izandako garrantzia du ahotan Rafa Gorrotxategik, eta 1970era arte Espainiako txokolate ekoizle nagusia zela berretsi. «Fabrika handiak genituen». Hala da, luzea da Gipuzkoan zeuden txokolate lantegien zerrenda: Donostian, Oñatin, Irunen, Mendaron eta Tolosan. Donostian, adibidez, Frantziatik etorritako Louit anaiek txokolate fabrika ireki zuten Grosen 1893an, eta ia ehun urte egin zituen martxan. 1909an Suitzako Suchardek hiriburuko Antigua auzoan ireki zuen bere fabrika. Irunen, berriz, Elgorriaga etxea ezaguna izan zen XIX. mendetik. Eta Oñatin, joan den mendean, zazpi txokolate fabrika izan ziren: Zahor, Maiztegui, Loyola, Geureca, Orbea eta Garaicoechea. Enpresa horietako batzuk desagertu ziren, beste batzuk konpainia handiagoek erosi zituzten, eta batzuk deslokalizatu egin ziren. Gutxi batzuek jarraitzen dute Euskal Herrian. Txokolatearen urrezko aroa bukatu zen hemen, baina Gorrotxategik adierazi du ezin dela ahaztu lotura historiko hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.