Igoerarik ikusgarriena Pasaiako portuak izan zuen. 2002arekin alderatuz gero, trafikoak %10,3 egin zuen gora, 5,9 milioi tonara iritsita. Datua «oso pozgarria» eta «historikoa» zela aipatu zuen atzo Juan Ignacio Espel Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak. Bere esanetan, portua Pasaiako badiatik kanpo atera ezean, agian ezingo da inoiz marka hori hautsi. «Oso zaila izango da gailur hori gainditzea, portuaren baldintzak direla tarteko», zehaztu zuen Espelek. Rafael Segura Portuko idazkari nagusiak gaineratu zuenez, hurrengo urteotan «arnasa hartuko» dute, ondoren berriro trafikoan gora egin ahal izateko.Pasaiako portuan trafikoak gorantz egin du azken zazpi urteotan. Halaber hazi da fakturazioa ere %7,8 gora iaz.
Herena, txatarra
Ohikoa den legez, metalarekin lotutako produktuek izan dute nagusitasuna: 3,8 milioi tonako mugimendua, trafiko osoaren %56,9. Atal horretan txatarra izan da gehien mugitu den produktua: 2,27 milioi tona, aurreko urtean baino %25,48 gehiago. Haren atzetik datoz metalezko beste produktuak 1,52 milioi tona, %,29 gehiago.
Aurreko urteko joerarekin hautsita, %9 egin du gora automobilen trafikoak ere. Behera egin du, ordea, energia produktuen garraioak: %2,4 gutxitu da petrolioaren eratorrien merkantzia eta %23 inguru ikatzarena. Azken horri buruz, Espelek azaldu zuen 2003an Iberdrolak ez duela ikatz handirik behar izan Pasaiako zentral termikorako, euriari esker zentral hidraulikoek produkzio maila altuari eutsi baitzioten.Erresuma Batua da Pasaiako portuaren bezero nagusia. Horrela, portuan lehorreratu diren 4,56 milioi tonetatik, 1,25 milioi tona Erresuma Batuko portuetatik heldu zen. Pasaian itsasoratutako 1,33 milioi tonetatik, 431.000 tona Erresuma Batura joan ziren. Espainia, Errusia, Herbehereak eta Alemania dira beste bezero nagusiak.
Bilbo eta Baiona ere gorantz
Bilboko portuak ere trafikoa handitu zuen joan zen urtean: %10,5 trafiko guztia kontuan hartuta itsasontzien hornikuntza eta barneko trafikoa barne, eta %6 merkantzien trafiko soila aintzat hartuz gero. Bilboko Portuko Agintaritzak ostiralean jakinarazi zuenez, aurten 30 milioi tonako muga haustea espero dute. Era horretara 1990eko hamarkadaren hasierako mailara itzuliko litzateke Bilboko portua.
Iazko hazkuntzan zerikusi handia izan du erregaien trafikoaren gorakadak. Petrolioaren mugimendua %28 zuzendu zen, besteak beste, Puertollanoko findegiak sutea jasan ondoren, Petronorren findegiak lan handiagoa izan zuelako. Gasaren garraioa ere nabarmen hazi da, Bizkaiko Badia energia planta berriaren eskakizunei aurre egiteko. Granel solidoen trafikoak behera egin zuen, Bilbo-Portsmouth ferry-ko bidaiari kopuruak bezalaxe. Azken horrengan eragin handia izan du hegaldi merkeen eskaintzak.Baionako portuan, berriz, trafiko kopuruak ez zuen ia aldaketarik izan: 4.170.664 tona 2002an eta 4.172.000 tona iaz. Lapurdiko portuan produktu siderurgikoak eta erregaiak dira merkantzia nagusiak. Horien ondoren datoz artoa, produktu kimikoak eta ongarriak.
-
PORTUAREN HANDITZEA
Espainiako Gobernuaren erabakia, udaberrian
Juan Ignacio Espel Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak berriro esan zuen atzo portua badiatik kanpo ateratzea «derrigorrezkoa» dela bere etorkizunerako, «bestela trafikoak gainezka egingo digu-eta».
Espelek ziurtatu zuen leku falta dagoela portuaren barruan merkantziak uzteko, eta itsasontzien sarrera-irteerak orain baino bizkorrago egitea ere ezinezkoa dela.Halaber, aipatu zuen portua Jaizkibel aldean kokatuz gero, Pasaiak trafiko gehiago erakarri ahal izango lukeela, Europako Batasunak bultzatu nahi dituen Itsasoko Autobideak barne. Portuko Agintaritza Madrilen erabakiaren zain dago lanei ekiteko. Izan ere, Espelek aipatu zuen aurten «urte garrantzitsua» izango dela portuaren geroa erabakitzeko. Estatuko Portuen agintaritzak maiatzean edo ekainean jakinaraziko du bere iritzia portuaren hedatzearen aurreproiektuari buruz. Oniritzia emango balio, proiektua gehiago zehaztuko lukete. Besteak beste, eraiki beharreko moila nolakoa izango den azalduko lukete.Portuaren hedapenaren aurkakoei erantzun nahian, Espelek nabarmendu zuen ingurumenari «kalte txikia» egingo diotela eta kaltea gehiegizkoa izango balitz, ez luketela porturik egingo.