Euskal patronalek ez dute lortu euretako bat CEOEko buruzagitzan jartzea

Joan Rosellek berriro irabazi du Espainiako patronalaren presidentetza, Antonio Garamendi getxoztarrari 33 botoen aldea aterata

Rosell eta Garamendi atzo, emaitzak jakin ondoren. EMILIO NARANJO / EFE.
xabier martin
2014ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Euskal enpresarien «eraginkortasuna» Espainiako Estatuan asko baloratzen dela esan ohi da, baina CEOE gidatzeko nahiago izan dute guardia zaharra. Nahiz eta zaharrari zatarkeria kiratsa darion. Joan Rosellek (Bartzelona, 1957) irabazi ditu Espainiako patronalaren presidentetzarako hauteskundeak, «laguntza sozialak jasotzeko esperantzan milioi bat etxekoandrek» langabezian izena eman zutela esan zuen Rosellek berak. Espainiako enpresa ertain eta txikien Cepymeko presidente Antonio Garamendik (Getxo, 1958) porrot egin du Rosell CEOEren gidaritzatik baztertzeko saioan, eta harekin batera, SEA, Cebek eta Adegik, haien babesa baitzuen Confebasken adierazpen publikoaren bidez. Euretarra da. CEN nafarrak, berriz,Rosellen alde egin du.

Ez da alde handirik egon bi hautagaien artean atzo Madrilen egindako hauteskundeen emaitzei begira. Rosellek 345 boto lortu ditu (%52,2) eta Garamendik, 312 (%47,2). Rosellek jarrera handinahia erakutsi du prozesuan, lortutako babes guztiak mahai gainean jarrita. Bata bestearen atzetik bota ditu egunotan hainbat sektoretako patronalen izenak: Anfac (auto ekoizleak), Faconauto (auto saltzaileak), Asedas (Supermerkatuak), Seopan (Eraikuntza), Adigital (teknologikoak), Fehr eta Cehat (ostalaritza), AEB (finantzak)... Gainera, probintzietako patronal gehienak bere alde egingo zutela aurreikusi zuen, eta horretan asmatu du, nahiz eta aditzera emandako alde nabarmen hori ez den handia izan, ezta hurrik eman ere.

Enpresari handien rola

Antonio Garamendik, berriz, hautagai izateko behar ziren 25 abalak aurkeztu zituen, eta isilean gorde zituen beste babes batzuk, esaterako CNC (eraikuntza), Confemetal (metala), Ametic (teknologikoa), Unesa (elektrikoa) eta aurrezki kutxa gehienena (Ceca). Jakina da noski Confebaskek ere haren alde bozkatu duela, eta ustez Cantabria, Errioxa, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mancha, Asturias eta Espainiako beste hainbat erkidegotako patronalek.

Ez da nahikoa izan, ordea, besteak beste, Cesar Alierta Telefonica ahaltsuaren burua eraginkorra izan delako enpresa handien izenean hauteskunde bezperan Rosellen alde egindako deiarekin. Genovako ateak beti zabalik dituzten enpresari handiek hautagai ezagunaren alde egin dute. «Jendeak subsidioa bukatzeko hilabete falta duenean aurkitzen du lana mirari batez», botatakoa da Rosell. Badakite ez duela huts egingo zenbait ataletan, nahiz eta jatorrizko bekatua sorlekuan eduki. Batzuek diote ez duela behar bezain argi adierazi CEOEk Kataluniaren subiranotasun prozesuaren aurka duen jarrera. Katalana da, eta horrek susmagarri egiten du gaur egun.

Katalan susmagarria hobe euskal herritar susmagarria baino, biak ala biak PPren zale izanda ere. CEOEko kide gehienek ez dute apurtu nahi izan Gerardo Diaz Ferran iruzurgile espetxeratuaren katean jadanik beste katebegi bat ordezkatzen duen gizonaren jarduna. Diaz Ferran lapurraren estiloaren pare dabil Rosell, Garamendiren iritziz; beste eredu bat nahi zuen, serioagoa antza. Baina bistan da, «hobe litzateke funtzionarioei subsidio bat ematea administrazioan papera gastatzen edukitzea baino», esan duenak Espainiako enpresariak ordezkatzen jarraituko du.

Confebaskek bazuen beste arrazoi bat CEOEren gidaritza lortzen saiatzeko, hala ere. PPren gobernuak patronalaren babesarekin onartu duen mutualitateen legearen oso aurkakoa da. Miguel Anjel Lujua Mutualiako zuzendari nagusia dela ezin da ahantzi; CEOEko buruzagitzatik errazago eragin daiteke lege hori aldatu dezan Rajoyren gobernuak. Bide hori itxi egin dela ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.