Iazkoaren aldean oso desberdin doakio urtea Euskalteli. Burtsara atera izanak eta R Cable Galiziako telekomunikazio enpresa galiziarra erosi izanak gorriz tindatu zituen Euskaltelen kontuak. Iazko lehen bi hiruhilekoetan 18,4 milioi euroren galerak erakutsi zituen Derioko konpainiak; urtebete geroago, 30,2 milioi euroren irabaziak. Lehen hiruhilekoko emaitzen ildotik doaz bigarrenekoak (14,6 milioi irabazi zituen urtarriletik martxora), eta, urte osoan berdin jarraituz gero, 60 milioi euroren irabaziak pila ditzake urtearen amaieran.
Iazkoaren aldean negozio kopurua %76,9 handitu da, 286 milioiraino. R Cableren erosketak handitu ditu salmentak, baina baita bezero gehiago erakartzeak ere. Euskaltelek zehaztu du familiei egindako salmentak %4,8 handitu direla, bezeroen hazkunde "moderatuari" eusten baitio. Telebista zerbitzuen harrera ona nabarmendu du konpainiak, %11,2 handitu baititu kontratazioak.