Euskaltelek dio asteotan Zegonaren eskua nabaritzen hasia dela

Derioko konpainiak 23 milioi euro irabazi ditu urteko lehen seihilekoan, iaz baino %20 gutxiago

Jose Miguel Garcia Euskal Encounter ekitaldian, herenegun. JAVIER ZORRILLA / EFE.
xabier martin
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Euskaltelen urteko lehen erdiari dagozkion emaitzak ez dira onak, aurreko urteko epe berean baino %20 gutxiago irabaztea ez baita sekula desiragarria, nahiz eta 23 milioi euroren mozkinak lortu. Baina Derioko (Bizkaia) konpainiak, CNMV merkatu arautzaileari igorritako ohar batean, garbi utzi du «negozioaren eboluzioan joera berria» islatzen hasia dela azken hiruhilekoan. Alegia, Zegonaren eskua nabaritzen hasia dela aditzera eman du konpainia laranjak, Jose Miguel Garcia kontseilari ordezkariarena, hain zuzen. «Bide orri berria onartu denetik», errentagarritasunean gora egin duela dio Euskaltelek, eta bezeroen kopuruan ere bai, hala banda zabalean, nola gainontzeko ataletan. Baina zenbaki zehatzei begira, gainbehera dago mozkinen atalean, eta negozio bolumenean ere bai; %1,6 da jaitsiera hori; fakturazioa, berriz,334,5 milioi euro izan da.

Haatik, zor bolumena ere jaitsi egin dela argi esan du konpainiak; orain 1.526 milioi euroko pasiboa dauka, aurreko urteko lehen erdian baino sei milioi gutxiago. Edonola ere, Jose Miguel Garcia Zegonaren ordezkariak konpainiaren gidaritza hartu duenetik, enpresak «denbora errekor batean» antolakuntza egitura berri bat ezarri duela esplikatu du; kaleratzeak ez ditu aipatu. Urteko bigarren hiruhilekoko emaitzetan islatu da jadanik errentagarritasuna handitzeko helburua duen plan berri horren eragina: %1,3 hobetu da fakturazioa, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta EBITDAk ere %4 egin du gora (84,4 milioi euro).

800.000 bezeroko langa

Euskaltelek 55 milioi euroko dibidendua banatu du aurten. Otsailaren 7an, 25 milioi banatu zizkien akziodunei, eta uztailaren 9an, beste 30 milioi. Horrek esan nahi du %4,2ko errentagarritasuna izan duela akzioak 2018ko batez besteko salneurriaren aldean, iaz baino %11,5 gehiago.

Euskaltelen hedapenak beste urrats bat egingo zuela jakinarazi zuen konpainiak urte hasieran. Azken sei hilabeteetan, beste 4.000 bezero ditu Derioko enpresak, R (Galizia) eta Telecable (Asturias) ere kontuan hartuz. Guztira, 772.000 bezerori ematen die zerbitzuren bat, Nafarroan eta Espainiako zenbait erkidegotan ere hasi duelako jarduera: Errioxan, Leonen, Kantabrian; Katalunian ere badabil zerbitzua ematen.

Azken hiruhilekoan, telefonia mugikorreko 24.000 linea berri martxan jarri ditu Euskaltelek, eta, dagoeneko, 1,15 milioi linea kudeatzen ditu. Telebistak beste 10.000 bezero dauzka (guztira, 465.000); eta banda zabalean, beste 7.000 bezero batu ditu konpainiak (587.000).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.