Euskaltelek CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari jakinarazi dionez, joan den uztailean erabaki zuten, aho batez, lehendakaria ordezkatzeko prozesua hastea. Alberto Garcia Erauzkin lehendakariak konpainiari esan zion "arrazoi pertsonalengatik" ez dela berriz kargura aurkeztuko datorren urtean. Euskaltelek zehaztu du "oraingoz ez dela bukatu prozesu hori, eta ez dela hartu behin betiko erabakirik ordezkapen prozesuari buruz". CNMVri bidalitako oharrean gaineratu dute lehendakari berriak ez duela funtzio exekutiborik izango.
Garica Erauzkinek ia hiru hamarkada daramatza Euskaltelen, finantza zuzendari gisa aurrena, eta lehendakari karguan 2011tik. Jose Antonio Ardanzaren ordez sartu zen kargu horretan.
2017an sartu zen Zegona inbertsio funts britainiarra Euskaltelen akziodun taldean, eta joan den apirilean akziodun nagusi bilakatu zen (%20,94), Kutxabanken aurretik (%19,88). Ekainean, Jose Miguel Garcia izendatu zuten kontseilari exekutibo, konpainiaren kontrola hatuz, eta antolaketa aldaketak" egingo zituztela iragarri zuen Garciak. Horren ondoren etorri da Garcia Erauzkinen kargu uztea.
Horrez gain, zuzendaritzako hogei kide kaleratu zituzten, eta, ondoren, uztailean, 25 langile ere bai. 25 kaleratzeetatik gehienak (hamar) Galiziako R-n egin zituzten; beste zazpi, Asturiasko Telecablen; eta gainerako zortziak, Euskaltelen.