Ekonomia

Euskaltelek kalean doan erabiltzeko wifi sare erraldoi bat sortu du bezeroentzat

Gaurtik aurrera, 128.000 sarbide toki izango dituzte bezeroek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kaleetan wifira konektatzeko.

Fernando Ojeda eta Koldo Unanue, gaurko aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2015eko martxoaren 16a
12:04
Entzun

“Bizitza kalean ere gertatzen bada, zergatik eduki wifia etxean bakarrik?”. Galdera hori egin du Koldo Unanue Euskalteleko marketing zuzendariak Euskaltel Wifi zerbitzu berriaren aurkezpen ekitaldian. Gaurtik aurrera, Euskaltelen Interneteko eta telefono mugikorreko bezeroei Interneten “doan, modu seguruan eta mugarik gabe nabigatzeko” aukera emango die konpainiak.

Guztira, 128.000 sarbide puntu jarri dituzte martxan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan ezingo da zerbitzu hori erabili, “Euskaltelen zuntz optiko sareak estaldura duen esukal geografian” soilik erabili ahal izango delako. “Internetera doan sartzeko Euskadiko sarerik handiena” sortu dutela nabarmendu du Fernando Ojeda Euskalteleko zuzendari nagusiak, eta iragarri du pixkanaka wifi puntuak gehitu joango direla.

Zerbitzua erabilterraza dela esan du Unanuek, eta nola eskuratu azaldu du: “Nahikoa da erabiltzaileak doako aplikazio bat deskargatzea App Store-tik, Play Store-tik edo www.euskaltelwifi.com helbidetik, bere mugikoz zenbakia sartzea eta Euskaltelek SMS bidez bidaliko dion lau zenbakiko pasahitza sartzea. Nahikoa da gailu mugikorrak behin konfiguratzea. Handik aurrera, Euskaltel Wifiren sarea dagoen leku batean dagoenean, automatikoki konektatuko da gailua, betiere wifia aktibatuta baldin badu”.

Herritarrek wifia erabiltzeko gero eta joera handiagoa dute, Euskaltelen arabera. Konpainia horrek kudeatzen duen Interneteko sarbideen trabikoa, adibidez, bikoiztu egin da urtetik urtera 2011az geroztik.

Burtsaratzea

Duela hilabete telekomunikazio konpainia burtsaratzeko abiatutako azterketaren berri eman zutenetik gaia aztertzen jarraitzen duela esan du Ojedak. Ekaina eta iraila artean erabakiko du konpainiak burtsara salto egin ala ez, baina burtsaratzeko “une ona” dela ziur dago Ojeda. Gainera, nabarmendu du Euskaltelek ez duela “nortasuna” galtzeko arriskurik, burtsaratuta ere Kutxabank izango delako beti akziodun nagusia (jabetzaren %30etik gora), eta gogoratu du bankuak hitzarmen bat sinatuta duela egungo beste bi akziodun nagusiekin (Iberdroalrekin eta International Cablerekin) Euskaltelen egoitza soziala eta fiskala Euskal Herrian mantentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.