Enpresak

Euskaltelek mozkinak gizendu ditu, R Cable erosi osteko lehen urtean

Telekomunikazio taldeak 62,1 milioi euro garbi irabazi du, eta akzio bakoitzeko 36 euro zentimo banatuko die bazkideei dibidendu gisa.

Euskaltelek iazko ekainean egindako akziodunen batzarra. LUIS TEJIDO / EFE
Ivan Santamaria.
2017ko otsailaren 24a
14:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskaltelek gaur aurkeztu ditu joan den urteko emaitza ekonomikoak. Irabazi garbia hobetu du konpaniak, nabarmen. 2015. urtean, 7,2 milioi euroren mozkinak izan zituen, eta, aurten, ia 55 milioi gehiago izan dira.

Kontuan izan behar da 2015 ezohiko urtea izan zela Euskaltelentzat. Bi gertakari esanguratsuk eragin zioten enpresari. Batetik, burtsan kotizatzeari ekin zion. Bestetik, urte amaieran, Galiziako R Cable komunikazio konpainia bereganatu zuen. Urte polemikoa izan zen, gainera. Ezohiko gastuetan, 56 milioi euro pagatu zuen Euskaltelek, gehiena enpresako arduradunei eta kargudunei burtsaratzearen harira emandako gainsarietan. Aparteko ordainketa horiek kenduta, 2016. urteko irabaziak ere gaindituko luke aurreko urteko mozkin teorikoa. Hain zuzen ere, %25 handiagoa litzateke.

R Cable erosi ondoren, lehen urte osoko emaitzak dira iazkoak. Negozio bolumena gehitu dio Galiziako konpainiak taldeari. Hala, Euskaltelen diru sarrerak %68 handitu dira, 340 milioi eurotik 572,9 milioi eurora. Etxebizitzen negozioa %73 handitu da, eta enpresena, berriz, %67. Halaber, indartu egin da enpresaren martxa islatzen duen Ebitda —mozkin gordina, interesak, amortizazioak eta zergak ordaindu aurretik—.

Emaitza horiek eskuetan, akziodunak saritzea aurreikusi du zuzendaritzak. Aurten 36 euro zentimoko dibidendua eman nahi du. Parte bat jada poltsikoan dute bazkideek. Joan den urrian, urteko kontuen bizkarrera 0,15 euroren ordaina egitea erabaki zuen administrazio kontseiluak. Ordainketa joan den otsailaren 1ean egin zen. Apirilaren 26ko akziodunen batzar orokorrean erabakiko dute ordaindu ala ez gaur iragarritako dibidendu osagarria: beste 0,21 euro, akzio bakoitzeko.

Aurrera begira diru sarreren hazkunde mailakatua izatea espero du Euskaltelek. 2017-2019ko epean urtero BPGren hazkundearen bueltan egongo dela aurreikusi du: %2-3 inguru, urtero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.