ekonomia

Euskaltelek Orangeri 222 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko dio

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu du egin du Nazioarteko Ebazpen Auzitegiaren ebazpena. Kontratuetan "hitzarmenak urratu" egin dituela dio ebazpenak. Euskaltelek gaur jakinarazi du helegitea jartzeko bideak aztertuko dituela.

2012ko apirilaren 19a
19:10
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du gaur Euskaltel enpresa Orangeri 222 milioi euroko kalte-ordaina ematera behartzen zuen Nazioarteko Ebazpen Auzitegiaren ebazpena.

Gaurko osoko bilkuran gehiengoarekin onartu dute ebazpena. Horren arabera, kontratuetan "hitzarmenak urratu" egin zituen Euskaltelek. Horrekin batera Auzitegi Nagusiak erabaki du auzibide kostuak Euskaltelek ordaindu beharko dituela.

Euskaltelek Amenarekin harremanak eten zituen 2006an, eta Amena telefono konpainiaren oinordekoa da Orange  (France Telecom da Orangeren jabe). Harremanak eten eta gero, Orangek esan zuen Euskaltelen bezeroak bereak zirela, eta Frantziako konpainiak bezeroak bereganatzea leporatu zion Euskalteli. Auzitegiak arrazoi eman zion. Orangek, ordea, ia 300 euroko kalte-ordaina eskatzen zuen.

Euskaltelek helegitea aurkeztu zuen, baina atzera bota zioten. Orangek EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen orduan, sententzia betearazteko.

Euskaltelen erantzuna

Erabakia jakin eta gutxira Euskaltelek kaleratu duen ohar batean salatu du France Telecom enpresak "bulegoetan" irabazi nahi izan duela "merkatuan" irabazi ezin zuena, "lehiakide bat ezegonkortzeko" asmoarekin.

Euskaltelek gogorarazi du France Telecomek "300.000 bezero lapurtzea" leporatu ziola, eta azaldu du 230.000 bezerok "era askean eta nahi zutelako" aukeratu zutela Euskaltelen bezero izaten jarraitzea.  

Jarritako kalte-ordaina "gehiegizkoa" dela iritzi dio Euskaltelek. Haren arabera, egozten zaizkion urraketak hamabost hilabeteko epean izan ziren, eta kalte-ordain horrek Euskaltelek zazpi urtean izandako etekinei eragiten die.

Erabaki horren aurrean helegitea jartzeko bideak aztertuko dituela gaineratu du enpresak.

Nazioarteko Ebazpen Auzitegiaren erabakiaren ondoren, Alberto Garcia Erauzkin Euskalteleko presidenteak aurreratu zuen zigorra "neurriz kanpokoa eta bidegabea" zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.