Partaidetza hori Euskalteleko akziodun direnen artean salduko duela azaldu zuen bozeramaileak. Ez zuen izenik aurreratu nahi izan, ezta konpainia bakarrari salduko dizkion edo hainbat bazkideren artean banatuko dituen akzioak ere. Jaurlaritzaren 162.600 akzio zuzenak noren esku izango diren zehazteke da, beraz. Akzioko balio nominala 60 eurokoa da, 9,76 milioi eurokoa guztira.Dena dela, aintzat hartzekoa da Eusko Jaurlaritzak aurrerantzean ere zeresanik izango duela Euskalteleko kontseiluan. Izan ere, EITBk partaidetzaren %5 du eta %2koa da Energiaren Euskal Erakundeak. Azken finean, erakundeok Jaurlaritzaren esku daude.«Liberalizazioa» aipatu zuen prentsaurrekoan Azkaratek salmenta argudiatzeko. «Erakunde publikoen esku-sartze estua izatetik, merkatu ekonomiak baldintzatzen duen sektorea izatera igaro da». Liberalizazio prozesuak sektorea «eraldatu» duela azpimarratu zuen. Akziodunen artean, Bilbao Bizkaia Kutxak du partaidetzarik handiena, %33,13koa. Atzetik doaz Gipuzkoa Donostia Kutxa, Iberdrola eta Endesa; %19,98, %10,8 eta %10eko partaidetzarekin, hurrenez hurren. Gainerako zazpi bazkideek %6,1 eta %2 arteko jabetza dute egun artean. Jaurlaritzaren %3ko partaidetzaren salmentak, beraz, aldaketak ekarriko ditu.
Kapital zabalkuntzak
Kapital zabalkuntzak eta salmentak medio, nabarmen aldatu da akziodunen partaidetza proportzioa konpainia sortu zenetik. 1997ko abuztuan %8koa zen Jaurlaritzaren partaidetza, %9koa EITBren esku ziren akzioen proportzioa. Urte bereko urrian, berriz, %4ra eta %5era jaitsi ziren, hurrenez hurren. 1998ko ekainetik ez da aldaketarik izan. Egungo maila berean ziren. %3koa zen Jaurlaritzaren partaidetza, %5ekoa EITBrena eta %2koa EEErena.
-
Konpainiaren bilakaera
Sorrera: 1995. urtean sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren eta euskal aurrezki kutxen ekimenez. Euren xedea zen telekomunikazioetako euskal operadorea abian jartzea. 1998. urtera bitartean proiektu bat baino ez zen izan Euskaltel. Konpainiaren aburuz, «artean, lehiakideek ez zutelako merkatuan sartzeko aukerarik».
Merkaturatzea eta hazkuntza: 1998. urtean merkaturatu zuen produktua Euskaltelek. «Lehentasuna merkatuan lekua hartzea zen. Sare propiorik gabeko konpainien arteko lehia bortitza zen». Hainbat oztopok konpainiaren bilakaera geldotzea ekarri zuten «ustekabean».
Hirugarren fasea: 2001 eta 2002 urteak «sendotzeko fasearen hasiera» izan ziren. Sare propioa ezartzeko prozesua indartu zen.
Azken fasea: Iaz hasi zen. «Bikaintasuna eta bezeroa asetzea» ditu helburu.