Ramon Vizcainoren egoitzan, Oiartzunen (Gipuzkoa), telefonoak jotzen jarraitzen du. Bezeroek deitzen dute, beren lantegietarako hotz industrialeko sistemak eskatuz. Baina Ramon Vizcaino geldirik edo ia geldirik dago, zorrek itota, jarduerari eusteko dirurik gabe. Dirurik eta jaberik gabe: uztailean enpresa bere gain hartu zuen AIAC American Industrial Adquisition Corporation AEBetako inbertsio funtsak, baina orain proiektua utzi egingo duela esan du. Enpresa noraezean geratu da, Eusko Jaurlaritzaren industria planaren zain.
Ostegunean egingo dute akziodunen batzarra, eta orduan ikusiko da AIACk benetan enpresa utziko duen eta, hala bada, irtenbidea zein izan daitekeen.
Langileek agerraldia egin zuten atzo, beren egoera larriaren berri emateko: zazpi soldata dituzte kobratu gabe; langile batek lau egun daramatza gose greban; eta langileek itxialdiak egiten dituzte enpresan, txandaka, 17:00etatik 07:00etara. 400 langile dira, eta horietatik erdiek Oiartzungo lantegian lan egiten dute.
«Zein da enpresaren jabea?», galdetu zieten atzo langileei. «Galdera ona da, baina zaila da erantzutea, guk ere ez dakigu ziur»», erantzun zuen Nekane Burutaran langileen ordezkariak.
Berez, AIAC funtsarena da enpresaren %90 inguru, baina enpresaren ordezkariek esaten dute ezetz. Eusko Jaurlaritza eta Kutxa ere akziodunak dira. Hondoa jotzear dauden enpresak eskuratzen, ondo bidean jartzen eta saltzen ditu AIACk. Berak erosi zuen Iruñeko Koxka ere, hotz industrialeko enpresa.
AIACk asteazkenean jakinarazi zion Eusko Jaurlaritzari Ramon Vizcaino utziko duela. Hain justu enpresaren etorkizuna baldintzatzen zuen erabaki baten berri jakin zen egunean: Gizarte Segurantzak zorrak atzeratzea baimendu ziola enpresari. Erabaki horren mende zeuden Eusko Jaurlaritzaren eta Kutxaren laguntzak enpresa bideragarri egiteko: 11,25 milioi euro eta 3,5 milioi euro, hurrenez hurren. Baita AIACk agindutako bost milioi euroak ere, Fortis bankuaren bidez. Gipuzkoako Diputazioak 2,5 milioi euro jarri ditu, enpresentzako erreskate funtsaren bidez.
22,5 milioi euroko laguntza
22,5 milioi euroko inbertsio plana, 50 milioi euroko zorra duen enpresa batentzat. Kutxa da hartzekodun nagusia.
Gizarte Segurantzak zorra atzeratzen uztea garrantzitsua da enpresaren bideragarritasunarentzat, zor horrek enpresa ito egin baitu. Gizarte Segurantzak ondasunak bahitu egin baitzituen eta harentzat izan baita enpresak sortu duen diru apurra. Gainera, Ramon Vizcainok hainbat mantentze kontratu galdu ditu Gizarte Segurantzarekin zorretan egoteagatik.
Diru faltak bertan behera utzi ditu hasitako lan batzuk, sei milioi euroko bat Angolan eta zortzi milioi euroko bat Venezuelan. Eta hasi gabe sinatutako bat, 12 milioi eurokoa, Angolan.
Burutaranek bi aukera daudela uste du, kale edo bale egitea, funtsean: «Eusko Jaurlaritzak industria plan berri bat prestatzea edo enpresa ixtea». Ez baitute itxaropen handirik beste inbertsore bat lortzeko.
Langileek uste dute Eusko Jaurlaritzaren «betebeharra» dela inbertsio plan berria prestatzea. Planak murrizketak eragingo dizkiela badakite. Bi urte daramatzate murrizketak eta enplegua erregulatzeko dosierrak bata bestearen atzetik jasaten, konponbidearen zain.
Eusko Jaurlaritza da Ramon Vizcainoko 400 langileen itxaropen bakarra
Hitzartutako laguntzak emateko baldintzak bete dira, baina AIAC inbertsio funtsak enpresa utzi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu