Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak gaur onartu du 2013ko aparteko lansariak urtarrilera eta uztailera aurreratzea. EAJk bozkatu du soilik neurriaren alde, eta abstenitu egin dira EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPD. Aldeko 26 boto, 44 abstentzio eta txuri bat jaso du proposamenak.
Saioa 09:45ean hasi da, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledun eta Administrazio Publiko eta Justizia sailburuak azaldu du ekimena. Esan duenez, 2013ko aparteko lansariak aurreratzea "irtenbide zentzuduna" da, Espainiako Gobernuak Gabonetako lansaria ez ordaintzeko dekretuarekin bateragarria delako.
EH Bilduko legebiltzarkide Belen Arrondok adierazi du langile publikoen ahalmen ekonomikoa %20 jaitsi dela eta haien lan eskubideak murriztu dituztela. Arrondoren ustez, lege proiektua onartuta, Jaurlaritzak "ontzat" jotzen du "de facto" soldata %7 jaistea, Gabonetako lansaria "galdutzat" jota. Koalizioak horregatik proposatu du 2013ko aparteko lansariak aurreratzeaz gain "konpentsazio" bat ordaintzea, EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez.
Neurria onartzea "erraztu" nahi izan du PSE-EEk abstentzioaren bidez, Jose Antonio Pastor legebiltzarkidearen esanetan. Edonola ere, ohartarazi du aparteko lansariak aurreratzea "adabaki" bat dela, langile publikoen eskubidea baita soldata "osoa" jasotzea.
Neurriaren aurka ez dagoela esan du Arantza Quiroga PPko legebiltzarkideak, baina legebiltzarrarekiko errespetu falta izatea egotzi dio Jaurlaritzari. Gainera, 2014ko aparteko lansariekin zer gertatuko den ez argitzea leporatu dio. UPDko Gorka Maneirok azaldu du Gabonetako lansaria ez ordaintzea ez dela "aparteko" lansaria kentzea, "soldata murriztea baizik".
Espainiako Gobernuak ebatzi zuen langile publikoei Gabonetako lansaria ez ordaintzea, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 67.000 langile publikoei pagatzea erabaki zuen Patxi Lopezek zuzendutako Jaurlaritzak. Helegitea jarri zuen Madrilek Auzitegi Konstituzionalean, eta epaitegi horrek tramitera onartu zuen helegitea, aparteko lansariaren ordainketa etenez.