Kooperatibismoa

Eusko Legebiltzarrak atea itxi dio kooperatibak Lanbiden sartzeari

Kooperatiben legea onartu du parlamentuak. EH Bilduk Confebasken jarrera salatu du.

Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkidea, gaur, eztabaidaren une batean. JUANAN RUIZ/FOKU
aitor biain
2019ko abenduaren 20a
17:36
Entzun

Bide luze eta korapilatsu baten ondotik, Eusko Legebiltzarrak kooperatiben legea onartu du gaur. Orain arte indarrean zeuden araudi guztiak bateratu eta eguneratuko ditu testu berriak, eta, hartara, aintzat hartuko ditu mugimendu kooperatibistak eta sektoreak egindako zenbait eskari. Ez du onetsi, hala ere, lan elkartuko kooperatibek ordezkaritza izatea EAEko enplegu zerbitzuen administrazio kontseiluan, Lanbiden alegia. 

Aurreko legealdian ekin zioten orain arte indarrean zegoena berritzeko asmoari, baina hauteskundeek ezerezean utzi zuten orduko ahalegina. Bigarrenez ekin zion Eusko Jaurlaritzak iaz, eta bidean katramilatu bada ere, aurrera atera da azkenean. Adostasun zabala izan du testu berriak, baina ez erabatekoa. Elkarrekin Podemosek zenbait artikuluren aurka bozkatu du, eta abstentziora jo du beste batzuetan, “okerragoa” izango dela argudiatuta. Alde bozkatu dute gainerakoek.

Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzak Lan eta Justizia sailburuaren hitzetan, lege berriak mugimendu kooperatibista “finkatzeko eta indartzeko” balioko du. “Kooperatibismoaren ezaugarri eta balioetako bat bera ere galdu gabe, sektoreari tresna baliagarri bat eman nahi izan diogu kooperatiben izaera sozial aurreratua eta etengabeko bilakaeran dagoen enpresa-merkatu global batean lehiatzeko erronka uztartzeko”. 

Sektorea bera ere pozik azaldu da erabakiarekin. Euskadiko Kooperatiben Kontseiluak ohar bidez adierazi du testu berria “mugarri esanguratsua” dela kooperatibentzat, araua “argiagoa eta zehatzagoa” delako zenbait arloren inguruan. “Esan dezakegu lege esparru sendoa dugula”. 

EAEko barne produktu gordinaren %6 baino gehiago ordezkatzen dute kooperatibek egun, eta zenbait sektoretako 1.700 enpresa daude. 60.000 enplegu ematen dituzte.

Baiezko “kritikoa”

Fagor Etxetresnen porrotaren harira, behin eta berriz agertu da bazkideen erantzukizun ekonomikoa. Bada, lege berriak hori argituko du, besteak beste. Izan ere, testuan jasoa dago kooperatibak izandako galeren ardura kooperatibaren beraren ondareari dagokiola, eta kapital soziala dela bazkideen erantzukizun bakarra. Beraz, ezingo zaie exijitu euren ondare pertsonalarekin erantzutea galerak eta zorrak daudenean.

Horrez gain, kooperatiben antolaketa ere malgutuko du lege berriak, enpresek aukera izango baitute bazkide ez diren langileen kopurua handitzeko. Orain arte, %25 izan zezaketen gehienez ere, eta lan elkartuko enpresek bakarrik zuten aukera hori. Orain, berriz, langileen %30 izatea ahalbidetuko die kooperatiba guztiei, kontratu edo eskaera jakin bati erantzun beharko baliote. Salbuespenak daude, hala eta guztiz ere.

Hain zuzen, gai horrek sortu du desadostasunik handiena legebiltzarreko alderdien artean. EH Bilduk baiezko “kritikoa” eman dio legeari. Larraitz Ugartek adierazi du “akats estrategiko handia” dela bazkide ez direnen kopurua handitzea, horrek “prekarizazioa” ekarriko duelako. Izan ere, kopuru hori handitzeko salbuespenak badaude ere, “zerrenda luzea da”. “Kooperatiba bati 400 euro merkeago ateratzen zaio hilero bazkide baten beharrean bazkide ez den langile bat kontratatzea”. 

Elkarrekin Podemosen hitzetan ere, neurri horrek “desberdintasuna handituko du”, eta “bi abiadurako gizarte bat" sustatuko du”. Jose Ramon Becerraren hitzetan, testu berria kooperatiba handientzat ona izango bada ere, txarra izango da txikientzat. “Arizmendiarretaren ametsa urrunago dago”. Izan ere, “ezbaian” utziko ditu enpleguaren, soldaten eta enpresen errotzearen egonkortasuna, eta bidea irekiko die kooperatiba faltsuei. “Eskubide eta soldata gutxiago izango dituzten langileen masa bat baino ez dakar lege honek, krisi garaian askatzeko balioko diena”.

EAJk, PSE-EEk eta PPk, berriz, lege “sendoa” dela aipatu dute, eta “tresna baliagarria” dela ekonomia garatzeko eta enplegua sortzeko.

Lanbideri ezetz

Kooperatiben lege berriak ez du jasotzen, hala ere, kooperatibek Lanbiden ordezkaritza izan behar dutenik. Kooperatibismoaren urteetako eskaria izan da Lanbideko administrazio kontseiluko bost eserlekuetatik bat izatea, baina horren aurka azaldu dira beti patronala eta sindikatuak. EH Bilduren zuzenketa batek jasotzen zuen aukera hori, eta, tramiterako onartu bazuten ere, aurka azaldu dira azkenean EAJ, PSE eta PP. 

Larraitz Ugartek Confebasken “legez kontrako esku hartzea” salatu du. Izan ere, patronalak irailean Eusko Legebiltzarrera gutun bat bidali zuen tramitazioa geratzeko presio eginez. “Confebaskek ez ditu enpresa guztiak ordezkatzen. Beraz, ez diot aitortzen legitimitaterik lege tramitazio batean inola esku hartzeko. Alderdiok ez genuke horrelakorik onartu behar”.

Aitor Urresti EAJko legebiltzarkideak aitortu du Confebasken gutuna “hanka sartze galanta eta ulertezina” izan zela, baina adierazi du ez dela izan “esku hartze bakarra”. Oraindik eztabaida sakona behar duen erabaki bat dela dio. “Hausnarketa partekatuak behar ditu, eta eragile sozial, ekonomiko eta politikoen akordioa”.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.