Kooperatiba Legea

Eusko Legebiltzarrak ez du aintzat hartuko Confebasken eskaria

Patronalak eskatu du Lan Harremanen Kontseiluak aztertzea kooperatibei Lanbiden lekua ote dagokien, baina Eusko Legebiltzarrak aurrera egingo du lege proiektuarekin, kontsulta hori egin gabe.

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea, erdian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
xabier martin
2019ko irailaren 17a
07:23
Entzun

Confebaskek Lanbiden dituen bost eserlekuetatik bat gal dezake, baldin eta Kooperatiben Legeak hala jasotzen badu, eta hura, aurreikuspenen arabera, urtea amaitu aurretik onartzen bada. EH Bilduren zuzenketa batek eskatu du lege proiektuak jasotzea kooperatiben ordezkari bat Lanbideren administrazio kontseiluan sartzea. Neurri horren inguruan adostasun nahikoa dagoela ematen du, eta proiektua eteteko eskatu du asteon Confebaskek.

Lege proiektua aztertzen ari den legebiltzarreko batzordeak, ordea,  eskaera horri muzin egitea erabaki du gaur. Hala, LHK Lan Harremanen Kontseiluak ez du aztertuko kooperatiben jarduera ekonomikoa eta enplegu maila kontuan hartuta, enpresa mota horiek Lanbiden egon beharko luketen ala ez. Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriari egindako eskaera zuzena ez dute aintzat hartu, beraz, eta horrelaxe jakinaraziko zaio patronalari.

55.000 langile kooperatibetan

Lege proiektuak bide luzea eta korapilatsua egin ondoren, Kooperatiben Legea onartzeko abagunea egongo da urtea amaitu aurretik —uda aurretik egin nahi zuen Maria Jesus San Jose Lan sailburuak—. Ez du ematen atzerapen gehiago egongo denik, patronala lege proiektua eteteko saioa ustela izan baita. EH Bilduk gogor salatu zuen atzo patronalaren erabakia. «Oso larria da legebiltzarraren jarduera legegilean esku hartzea eta legebiltzarrari esatea nola bideratu behar duen lege proiektu bati buruzko eztabaida; Confebask ez da nor Parlamentuari esateko zer nolako legeak onartu behar dituen».

Leire Pinedo eta Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideek defendatu zuten kooperatibek lekua izan behar dutela Lanbiden. «Logikoa da; guztiok dakigu zer nolako garrantzia duten kooperatibek herri honetan». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG Barne Produktu Gordinaren %7 ordezkatzen dutela azpimarratu zuten, eta 55.000 langile baino gehiagok dihardutela kooperatibetan (35.000 bazkide); «guztiz arrazoizkoa da haiek ere Lanbideko administrazio kontseiluan egotea». Lanbideren mahaiak errealitate ekonomiko eta sozial osoa islatzea nahi du koalizio abertzaleak. «Jaurlaritzak berak ere ondo ikusten du aukera hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.