Energia

Eusko Legebiltzarrak ez du eskatuko Arabako parke eolikoak geratzeko

EH Bllduk egin du eskaera, eta Elkarrekin-Podemosen eta PPren babesa jaso du, baina atzera bota du EAJren eta PSE-EEren gehiengoak.

Iturrietako mendiak. Aurten jarri nahi dute han parke eoliko bat. JOSEAN GIL-GARCIA
Iker Aranburu.
2021eko martxoaren 18a
12:39
Entzun

Ia hamabost urteko etenaldiaren ondoren, energia eolikoari bultzada bat eman nahi dio aurten Eusko Jaurlaritzak. Iberdrolarekin batera sortu du Aixendar konpainia, eta lau proiektu ditu esku artean, laurak Araban: Iturrietako mendietan, Azazetan, Arkamon eta Labrazan. Lau horien artean Iturrietako mendiena da aurreratuena: aurten bertan jarri nahi dituzte haize errotak, Erroetako lurretan.

Proiektu horiek ingurune babestuetan direla argudiatuta, EH Bilduk nahi zuen Eusko Legebiltzarrak haien aurka azaltzea eta gerarazteko eskatzea. Elkarrekin-Podemosekin negoziatutako proposamenak, ordea, ez du aurrera egin gaurko saioan. PPk aldeko botoa eman du, baina EAJk, PSE-EEk eta Voxek, berriz, aurkakoa.

Koalizio soberanistaren proposamenak eskatu du parke eolikoak egiteko tramiteak geraraztea energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala berritu arte. 2002az geroztik dago plan hori indarrean, eta baimena ematen du aipatutako lekuetan haize errotak jartzeko.

Plan hori lehenbailehen berritzeko Eusko Jaurlaritzari egindako eskaera da, hain zuzen ere, gaurko saioan aurrera egin duen bakarra. EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa bat izan da, eta haien botoa baizik ez du jaso, nahiz eta oposizioko taldeek ere aldarrikatu duten garaia dela plan hori berritzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.