Ibilbide laburra egin du Eusko Legebiltzarrean Hego Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak aurkeztutako Herri Ekinbide Legegileak (HEL). Pentsionista guztientzako "pentsio duinak" aldarrikatzen zituen, gutxienez 1.080 eurokoak. Halaber eskatzen zuen pentsioei buruzko eskumenak Eusko Legebiltzarraren esku geratzeko Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, eta Nafarroako Parlamentuaren esku lurralde horren kasuan. Azken puntu horrek baldintzatu du, hein batean, ibilbidearen etena. Izan ere. joan den astearen amaieran HELa ez tramitatzeko aholkatu zuen Eusko Legebiltzarreko talde juridikoak, pentsioei buruzko araudia Espainiako Gorteen esku zegoela argudiatuta. Talde juridiko horrek, ordea, baliozkotzat jo zuen HELaren beste eskaera nagusia, Hego Euskal Herriko erakundeek osatu ahal izatea Espainiako Gizarte Segurantzak ematen dituen pentsioak. Gaur egun diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten hiru lagunetik bat erretiratua da, eta pentsio txikiak osatzen du errenta horren bidez.
Agiri baten bidez EH Bilduk beste hiru alderdi nagusien jarrera kritikatu du: "Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunen beharrak asebete eta lehenetsi ordez, EAJk, PSEk eta PPk Madrilek inposatutako mugak onartzea nahiago izan dute beste behin".
"Pentsioen kopuruak ikusita,“edozein gobernuk lotsaturik egon beharko luke", adierazi du Belen Arrondok EH Bilduko legebiltzarkideak. Arrondok bereziki salatu du EAJren jarrera. "Oso kezkagarria da bere burua abertzaletzat jotzen duen EAJ bezalako alderdi batek espainiar Estatuak inposatutako mugak ontzat ematea eta politika irizpide horren arabera bakarrik egitea. Penagarria da EAJk pentsio duinak bermatzeari ezezkoa ematea eta bere argudioa izatea egungo marko estatutario eta konstituzionalak ez digula hori egiteko aukerarik ematen. Bada, marko horrek euskal pentsionistei pentsio duinak bermatzen ez badizkie, bistan da herri honek beste marko bat behar duela, burujabea, pentsio sistema, besteak beste, nahi bezala antolatzeko, betiere baldintza duinak bermaturik”.