Ekonomia

Eusko Legebiltzarrak neurriak eskatu ditu eskualde degradatuetan sozioekonomia berraktibatzeko

Aho batez onartu dute jatorriz EH Bilduk egindako proposamena.

Bilboko itsasadarra Erandio parean, artxiboko irudian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 24a
12:12
Entzun

Ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Oiartzualdeko egoera sozioekonomikoa aztertzeko eta berraktibatzeko neurriak onartu ditu gaur goizean Eusko Legebiltzarrak, aho batez. Txostenaren onarpenak oinarriak ipini ditu krisi ekonomikoaren ondorioak gehien pairatu dituzten eskualdeotan plan estrategiko integral bat martxan jartzeko. Alderdi guztiek onartutako testuak instituzioei eskatu die berehala jartzeko martxan biziberritzeko neurriak, eta behar adina baliabide ekonomiko jartzeko horretarako.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak "talka plan baten beharra" azpimarratu du, eta zehaztu ditu zeintzuk izan beharko liratekeen plan horren ardatz nagusiak: eredu produktibo berri bat, industria aurreratua, instituzioen arteko elkarlana eta konpromisoa eta gizarte eragileen parte hartzea.

Casanovak ohartarazi du, halaber, arazoa ez dela "ez puntuala ez azalekoa, sakona baizik". Eta salatu du horren jatorrian instituzioen arreta falta dagoela. Uste du erakunde publikoek "zor historikoa" daukatela eskualde horiekin, eta erantsi du eskualde horien susperraldiaren oinarrian industria aurreratuak, prestakuntzak, berritze urbanistikoak eta gizarte kohesioak egon behar dutela, "merkataritzaren defentsa eta turismoaren garapena ahaztu gabe".

Ildo berean hitz egin du Joseba Zorrilla EAJko legebiltzarkideak ere: “Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldea eskualdeek lehentasuneko arreta behar dute. Erakunde guztiek indartu egin behar dute sozialki eta ekonomikoki berreskuratzeko borondatea”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.