"FVEM, Urkullu, berdin da" eta "Bizkaiko metala borrokan" oihuak entzunarazi dituzte gaur Bizkaiko metalgintzako langileek, Eusko Legebiltzarrean. Grebari buruz hitz egin du Iñigo Urkulluk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatuta, eta protesta egiteko baliatu dute saioa langileek, joan den asteko bost eguneko grebaren ondoren. Urkulluren hitzaldiaren ostean, zutik jarri, eta oihuka hasi dira, Urkullu, noizko langileen alde? zioten afixak eskuan zituztela. "Mesedez, kalera", agindu du Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko lehendakariak, eta pare bat minuturen ondoren kanporatu dituzte.
FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioaren aldera lerratzea egotzi diote sindikatuek eta oposizioko alderdiek Urkulluri, irail amaieran esan baitzuen patronalak "ahal zuen guztia" egin duela akordioa lortzeko, eta sindikatuak kritikatu zituen "akordiorako borondaterik" ez zutelakoan. Gaur, adierazpen haiek defendatu ditu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: "Alde batetik proposamen jarraituak daudela, eta bestetik proposamen bakarra egon dela baieztatzea, ez da arrazoia nork duen esatea, ez da posizionatzea, errealitate bat aitortzea baizik". Adierazpen haiekin "elkarrizketa prozesu bat hastea" eskatu nahi izan zuela azaldu du, eta alde biei eskatzen diela "benetako borondatea".
"Azken urteetan etekin mordoa pilatu eta eta orain hitzarmen duin bat negoziatu nahi ez duen patronalak ez du arrazoirik", salatu du Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak. "Langileek eskubidea eta betebeharra dute manifestatu, greba egin eta kalera irteteko, patronalaren itxikeriak ez baitie beste aukerarik uzten". Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezek, berriz, kritikatu du "onartezina" dela "negoziazio baten erdian" langileen ordezkariei borondaterik eza aurpegiratzea.
Legebiltzarraren kanpoaldean egin dituzte adierazpenak ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek. "Eduki duineko akordio bat" nahi dutela azpimarratu dute, eta salatu dute alde baten ahotsa soilik entzun duela Urkullu lehendakariak: "Patronalarekin eta botere ekonomikoarekin dago soilik. Eusko Jaurlaritzako inork ez du egon nahi izan sindikatuokin gure aldarrikapenak aditzeko".
Joan den asteko greban, sindikatuek nabarmendu zuten aste osoan gelditu zutela Bizkaiko metalgintzako ekoizpena, eta langileen erantzuna goraipatu zuten: %85. Negoziaziorako deia egitearekin batera, irtenbidea FVEMen esku dagoela azaldu zuten, akordiorik lortu ezean, mobilizatzen jarraituko dutela ohartaraziz. Astelehenean, agerraldi bat egingo dute ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek.