Borroka aste «arrakastatsua» izan da metalgintzan, sindikatuen ustez

Milaka langilek Bilboko kaleak bete dituzte, itunaren eske, aste honetako azken greba egunean
Ertzainen presentzia nabarmena izan zen atzoko manifestazioan. Irudian, Bizkaiko Aldundiaren egoitza parean.
Ertzainen presentzia nabarmena izan zen atzoko manifestazioan. Irudian, Bizkaiko Aldundiaren egoitza parean. L. J. / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko urriak 5
Urrunetik entzuten ziren manifestazioko bi zutabeak gerturatzen. Jesusen Bihotzaren plazaren erdian jarrita, urruneko petardo hotsak errepikatzen ziren behin eta berriro alde bietatik, apurka gero eta gertuago zeudenak. Bizkaiko metaleko sindikatuek aste honetarako deitutako bosgarren greba eguneko manifestazio nagusirako prestatzen ari ziren langileak. Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren ataria alderik alde ertzainez betea zegoen. ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek sektorean dituzten ordezkariek giro horretan egin zituzten borroka aste honek utzitakoaren balorazioak. Bat egin zuten laurek greba egunak «oso arrakastatsuak» izan direla.

Sindikatuek nabarmendu zuten aste osoan Bizkaiko metalgintzako ekoizpena gelditu egin dela, eta aipatu zuten grebak atzo ere oihartzun handia izan zuela: %85. Alegia, lantegietan erantzuna oso zabala izan da aste osoan, euren arabera. FVEM patronalak, berriz, %20 ingurura jaitsi du langileen erantzuna lanuzteetara deitutako bost egunetan. Grebaren oihartzuna handiagoa ala txikiagoa izan, eguerdian Bilbon egindako manifestazioan milaka langilek itun duin bat eskatu zuten ozen. Manifestazio burua Plaza Eliptikora iritsi zenean, irteeratik abiatzen ari ziren oraindik metaleko langileak.

Tentsio handirik gabeko manifestazioa izan zen, baina manifestariak Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren egoitzen paretik pasatu zirenean, ertzain kopuru handia topatu zuten, eta txistu hotsak eta arbuio oihuak errepikatu zituzten. Besteak beste, Urkulluri «peoi»sartzeko esan zioten, eta «polizia gutxiago, negoziazio gehiago» gisako aldarrikapenak egin zituzten. Horiez aparte, sektoreko borrokaren aldeko oihuak errepikatu zituzten behin eta berriro.

Negoziaziorako deia

«Zorionak eman behar dizkiegu langile guztiei: ikaragarrizko grebak egin dituzte aste honetan». Mikel Etxebarria ELAko ordezkariak goraipatu egin zuen langileek akordio bat lortzeko aste osoan erakutsi duten jarrera: «Inork zalantzarik badauka, guk akordioa nahi dugu; nola ez dugu nahiko? Nork dauka interes handiago akordioa lortzeko prekaritatea pairatzen duen jendeak baino?». Horregatik nabarmendu zuen eurek eskatzen dutena subrogazio eskubidea dela, soldata igoera «garrantzitsuak» eta lan osasuna eta berdintasuna lortzeko neurri zehatzak. «Gogoratu behar dugu greba honen helburua honako hau dela: sortzen den aberastasuna banatu, eta sektoreko prekaritateari aurre egitea».

Sindikatuek, gainera, ez dituzte ondo hartu egunotan hainbat politikarik egin dituzten adierazpenak. Iker Gonzalo CCOOko ordezkariaren arabera, langileek «gezur horiei aurre egin behar izan die». Areago, EAJ eta Eusko Jaurlaritzari leporatu zien langileen aldeko keinurik ez erakustea: «Sektoreko langileentzako legeak egin behar dituzten politikarien gezurrak jasan behar izan ditugu, eta beharginek joan den mendeko itunekin jarraitzen dute oraindik».

Kritika ororen erdigunean egon ziren jeltzaleak, sindikatuei iruditu zaielako gatazka honetan alde batera lerratu direla. Baina patronalarentzat mezu argi bat utzi zuten, gogorarazi baitzioten akordioa bideratzeko lan egin beharko duela datozen asteetan. Eulate Zilonizaurrekoetxea LABeko ordezkariak horrela nabarmendu zuen: «Borroka hau amaitzeko ardura FVEMen esku dago; gu prest gaude akordiorako, baina duintasuna oinarri izango duen akordioa izan beharko du. FVEM, gu prest gaude, zure esku dago; borrokak iraungo du mehatxatzeari uzten diozun artean». Era berean, mobilizatzen jarraitzeko borondatea eta konpromisoa daukatela ere berretsi zuen sindikatu abertzaleko kideak.

Joan den asteko asteazkenean sindikatu eta patronalak negoziazio mahaian azken aldiz eseri zirenetik, ez daukate berriz elkartzeko beste zitarik. Jose Maria Rojo UGTko arduradunak esan zuenez, FVEMek esan zien sindikatuei ezer berria zutenean deitzeko eurei. «Baina pilota euren teilatuan dago; greba hauek hain handiak izan badira, hori patronalaren jarrerarengatik izan da». Horregatik, enpresarien ordezkariei ohartarazi zien borrokan jarraitzeko asmoa dutela.

Manifestazio amaierako ekitaldian ere mezu bera nabarmendu zuten sindikatuetako ordezkariek milaka langileren aurrean: «FVEM negoziatzera esertzen ez bada, kaleak betetzen eta kaosa sortzen jarraituko dugu». Hori baita, euren ustez, itun duin bat lortzeko presiorako bidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna