Ez gaitzatela engaina, Europan dendak ez dituzte irekitzen jaiegunetan", adierazi dute Euskomer Merkataritzaren Euskal Konfederazioko ordezkariek. Bilbon egindako agerraldian, azaldu dute igandeetan irekitzeko kanpaina ari direla egiten kate handiak, pastelaren zati handiagoa nahi dutela, txikizkako merkataritzaren kaltetan. "Horretarako erreala ez den Europako eredu bat ari direla saltzen. Hegoaldeko ereduak nahi dituzte kopiatu, bestelako klima bat eta eguzki ordu gehiago dituzte, ordea, haietan". Aitzitik, Vienan edo Hanburgon igandeetan "oroigarri bat" erostea ere ezinezko izaten dela esan dute.
Aste Santuak gainean direla-eta, turistei zuzendutako dendak zabalik egongo direla diote. "Inor ez dator Bilbora gorbata bat erostera". Hala, Euskomerren esanetan, "jaiegunetan irekitzeko interesik ez dago, ez saltzaileen ez bezeroen partetik".
Zazpi urteko gainbeheraren ostean, salmentak %1,7 igo ziren iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: %2,3ko hazkundea izan zuen handizkako merkataritzak eta %0,5ekoa txikizkakoak. 2015a are hobea izatea espero dute, bezeroen konfiantza 2005etik izandako mailarik gorenean baitago.