Hiru hilabetez promesen munduan ibili ondoren, azkenean dirua jartzeko urrats erreala egin dute euroaren eremuko kideek. Greziako zorraren krisia amaitu dela esan nahi al du horrek? Ziur aski, ez.
Batetik, ikusteko dago Grezian zer gertatuko den. Paperean erraz idazten da Greziak 30.000 milioi euro aurreztu behar dituela, baina horrek ondorio zuzenak (eta mingarriak) izango ditu hango hamar milioi biztanleen artean. Funtzionarioek enegarren greba egingo dute gaur, eta bihar herritar guztiak daude deituta greba orokorrera, hirugarrenera. Azken biek, jendetsuak izan arren, ez zuten lortu Giorgos Papandreuren gobernuak atzera egitea, eta litekeena da oraingoak ere ezer ez aldatzea. Bere herritarren haserreari baino beldur handiagoa die Papandreuk merkatuei eta EBko beste kideei; besteak beste, legegintzaldia hasi besterik egin ez duelako eta errua aurreko gobernuari bota diezaiokeelako. Baina, protestak oso handiak eta jarraikiak badira, bi aldiz pentsatuko du gastua gehiago murrizteko. Eta inork ez du esaten egin beharko ez duenik, asteburuko akordioak Greziaren zor publikoaren zama handitzen duelako.
Bigarrenik, EBren moteltasunak doi-doi lortu nahi zuenaren kontrakoa lortu du: domino efektua eragitea. Greziarekin nahiko etekin atera ondoren, inbertsiogileek eta espekulatzaileek -bietatik omen- beste pieza bat astintzea erabaki dezakete. Portugalek du biktima kartela zintzilik, baina Espainia, Irlanda eta Italia ere kinieletan daude. Eta Greziari laguntzeko 110.000 milioi aurkitzea baino zailagoa izango da hurrengoa salbatzeko dirua topatzea.
Ez da ezer bukatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu