«Ez da geure eredua»

Makroetxaldeen aurkako eta familia etxalde txikien aldeko manifestu bat kaleratu dute Eusko Jaurlaritzak eta abeltzainen sindikatuek

Tapia eta abeltzainen, kooperatiben eta kontsumitzaileen ordezkariak, atzo, Aian. JOSE IGNACIO UNANUE / IREKIA.
Iker Aranburu - Miren Mujika Telleria
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Asmo politikoekin manipulatutako adierazpen batek mahai gainean jarri du berriro abeltzaintza estentsiboaren eta intentsiboaren arteko eztabaida. Kritikarien helburua zen Alberto Garzon Kontsumo ministroa egurtzea, eta hark auzitan jarritako makroetxaldeen eredua defendatzea, baina kontrako helburua lortzekotan dago: eskas izan duen ikusgaitasuna lortu du Unidas Podemoseko ministroak, eta ez zaizkio babesak falta izan bere eremu politikotik kanpo. Bestalde, makroetxaldeen ondorio ekologikoak eta ekonomikoak mahai gainera atera dira berriro, eta eredu horretatik urrundu nahi izan dute hainbat erakundek. Horien artean, Eusko Jaurlaritza; nekazari eta abeltzainen sindikatuen babesarekin, aldarrikatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan familia ustiategi txikiena dela eredua.

«Euskadin ez dago makrogranjarik, ez delako geure eredua». Horrela dio Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak atzo Aiako Agerrosoro Haundi baserrian (Gipuzkoa) irakurritako agiriak. Haren alboan zeuden sindikatuetako —UAGA, EHNE Gipuzkoa, EHNE Bizkaia eta Enba—, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuneko eta Urkaiko kooperatibako ordezkariak.

Nabarmendu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 15.487 ustiategi daude erroldatuta, eta horietatik 11.249 dira abeltzaintza ustiategiak. Nekazaritzan modu profesionalean 5.000 lagun aritzen dira —gutxienez errentaren % 25 nekazaritza jardueratik datorkienak—. Beste euskal lurraldeetan are garrantzitsuagoak dira nekazaritza eta abeltzaintza, ustiategi txikiekin eta ertainekin nagusiki, nahiz eta Nafarroan azken urteetan txerri asko biltzen dituzten etxaldeak jarri dituzten eta han dagoen Europako behitegirik handiena, Caparroson, esnetarako 5.200 behirekin.

Eredu intentsibo horretatik urrun, lurrari eta inguruari lotutako lehen sektore bat aldarrikatu dute Jaurlaritzak, abeltzainek etakontsumitzaileek: «Euskadi nekazaritza eta abeltzaintza jasangarrien lurra da. Nekazaritzako inguruak Euskadiko lurraldearen %80 baino gehiago dira; lurralde hori %85ean, mendi eremua ere bada. Horrek familia nekazaritzaren eredu bat zehazten du, eskala txikikoa eta ertainekoa, nahitaez. Familia nekazaritzak lurraldea modu orekatuan eta errespetuzkoan kudeatzen du, eta gure nekazaritza ondarearen aberastasuna kontserbatzeko eta hobetzeko, gure paisaia moldatzeko, eta gure natura ingurunea babesteko arduraduna da».

Etxalde handien elikagaien kalitatea inplizituki auzitan jarriz, Aiako adierazpenak ziurtatu dufamilia nekazaritzak «tokiko eta kalitateko produktu osasungarriak» eskaintzen dituela, eta horiek eusten diotela euskal «kultura gastronomikoari». Eusko Labelaren, sor-marken eta Ekolurra ekoizpen ekologikoaren zigilu berriaren aldeko apustuak berritu dituzte Jaurlaritzak eta sektoreak, eta erosketen bidez horien alde egiteko eskatu diete herritarrei: «Gaur egun, familia nekazaritza aukera errentagarria eta erakargarria izan dadin, ezinbestekoa da kontsumitzaileon konplizitatea, erosketa aukera egiterakoan gure lehen sektoreko produktuak aukeratzea eta, hala, familia-nekazaritzaren, Euskadiko lehen sektorearen eta jasangarritasunaren aldeko babesa eta konpromisoa erakustea».

Ekoizleen lana eskertu du Jaurlaritzak —«haiek gabe, Euskadi ez litzateke izango dena»—, baina, aldi berean, onartu du laguntza behar duen sektore bat dela, nazioarteko merkataritza arauek «presio» egiten diotelako. Horregatik, «Jaurlaritzak konpromisoa hartu du egiturazko defizitak gainditzen laguntzeko, Euskadiko abeltzaintza ekoizpena barne merkatura bidera dadin».

Garzon, bereizgarrien alde

Jaurlaritzak abeltzainen sindikatuekin atzo erakutsitako sintoniarik ez du Garzon ministroak Espainiakoekin, baina harremanak onbideratzen hasteko urrats bat egin zuen atzo, UPA Nekazari eta Abeltzain Txikien Batasuneko ordezkariekin bilduta. PSOEtik hurbilen dagoen taldea da UPA, eta hark ere hartu du parte Garzonen aurkako kritika oldean, makroetxaldeen aurka dagoela aldarrikatu duen arren. Hain zuzen ere, Garzonek ontzat hartu du UPAren proposamenetako bat, etxalde txikietan eta makroetxaldeetan ekoiztutako haragia bereizteko labelak izatea. «Kontsumitzaileek eskubidea dute ahalik eta modu zehatzenean jakiteko nondik datozen kontsumitzen dituzten produktuak».

Bilera horren ondoren argitaratutako agirian, Garzonek berriro defendatu du abeltzaintza estentsiboa, «lanpostuak sortzen dituelako, eta biztanleen errotzea», eta makroetxaldeak mugatu behar direla berretsi du, «planeta, nekazaritza mundua eta abeltzaintza babesteko». Bera ez ezik Europako Batzordea eta «zientzia» ere etxalde erraldoien aurka daudela gogorarazi du.

Garzonen aurkako kritiketan nabarmendu den beste bat Emiliano Sanchez Page Gaztela-Mantxako presidentea da (PSOE). Hala ere, atzo bertan, sozialisten botoei esker, Gaztela-Mantxako Gorteek onartu egin zuten 2024ko abenduaren 31 arte etxalde erraldoi gehiago jartzeko debekua. Gaur egun daudenak zabaltzea ere ez da posible izango. PP eta Cs aurka azaldu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.