Denbora askoan langabezian dauden pertsonei eta 30 urtez azpiko gazteei lanaldi partzialeko kontratuak egiten dizkieten enpresek ez dute kotizazio sozialik ordaindu beharrik izango. Guztiz barkatuko zaie ordaina 250 langile baino gutxiago dituztenei, eta handik gorakoek %75 soilik pagatuko dute. Elkarrizketa sozialerako mahaian adostu dute plana, eta dekretu lege baten bidez onartu zuen atzo Espainiako Ministro Kontseiluak.
Urtebetean egongo da indarrean neurria. Laguntza jaso ahal izateko hainbat baldintza bete beharko dituzte enpresek: lanaldi osoaren %50 eta %75 arteko kontratua egin beharko diete langileei, gutxienez sei hilabetean. Era berean, beharrezkoa izango da langile kopurua handitzea, aurreko hilabeteetan jendea bidali zutenek ez baitute kontratu partzialengatik deskonturik izango.
Lan Sailak egindako kalkuluen arabera, kontratuko 252 euro gutxiago jasoko ditu Gizarte Segurantzak, eta 10.000 kontratuko 23,5 milioi ingurukoa izango da kostua. Diru hori enplegua sustatzeko hobari gutxiagorekin eta langabezia sarietan aurreztuko denarekin konpentsatuko dela dio gobernuak. 100.000 kontratu partzial egitea da gobernuaren helburua.
Valeriano Gomez Lan ministroaren esanetan, «enplegu estrategia berri baten hasiera» izango da programa. «Denbora partzialeko lan eskaintzan hutsune nabarmena dugu. Beste herrialde batzuetan ikusi da tresna egokia dela, batez ere gazteei lan munduan sartzea errazteko», esan du. Lanaldi partzialaren ondoren, kontratu finkoak egiteko aukera izango dute enpresek, baina ez dira derrigortuta egongo. Lan erreforman adostutakoaren arabera, hurrengo hiruzpalau urteetan, urtero 700 eta 1.500 euro artean jasoko dituzte behin-behineko kontratuak behin betiko egiten dituzten enpresek.
400 euroekin, 400 milioi
Bigarren zati bat ere badu enplegua sortzea xede duen planak, prestazio guztiak amaituta dauzkatenentzat, hain zuen. Lan mundura sar daitezen trebatu nahi ditu gobernuak, langile premia handia duten sektoreetan lan egiteko prestatuta. Horrez gain, 400 euroko laguntza emango dieotsailaren 16tik aurrera langabezia saria amaitzen zaienei, gehienez ere sei hilabetean.
Gaur egun indarrean dagoen Prodi izeneko programaren oinordekoa izango da. Hilean 426 euroko laguntza ematen zuen hark, eta otsailaren 15ean amaituko da. Lehena jaso zutenek ezingo dute berria jaso.
Alde nagusi bat dago Prodi programareneta neurri berriaren artean. Orain artean laguntza ez zen bateragarria; hemendik aurrera, autonomia erkidegoek ematen dituzten bestelako laguntza sozialak ere jaso ahalko dira epe berean, baldin eta gutxieneko soldataren %75 (641 euro) gainditzen ez bada.
Gobernuaren esanetan, hilean 80.000 langabek jasoko dute laguntza, eta sei hilebeteetan, 400 milioi euroko kostua izango du. Lan Ministerioak jarriko ditu 200 milioi, eta gainerako 200ak beste ministerioei murrizketak eginda lortuko dira.
Enpresaburuak gustura geratu dira neurriarekin; sindikatuak, aldiz, ez ditu ase. CCOO izan da plana adostu duenetako bat, UGTrekin batera. Alabaina, 400 euro gutxiegi direla esan du sindikatuak. ELArentzat, «onartezina» da enpresek gizarte segurantzarik ez ordaintzea, are gehiago azkenaldiko murrizketak ikusita. ERC eta BNG alderdiek ere neurrien kontra hitz egin dute. Esan dute ez dutela balioko lana sortzeko.
Ez da kotizatu beharko, lanaldi partzialeko kontratuak eginez gero
Otsailaren 16tik aurrera langabezia saria amaitzen zaienek 400 euro jaso ahalko dituzte sei hilabeteanELAren esanetan, «onartezina» da enpresek Gizarte Segurantzari ez ordaintzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu