Nazioarteko merkatuak

«Ez digu merezi Txinan jarraitzea»

Txinan salmenta nahikorik ez dutelako itxiko dituzte hango plantak Orbea eta Fagor Industrial kooperatibek.Biak ala biak sendo hazten ari dira, eta egitura aldatzea erabaki dute

«Ez digu merezi Txinan jarraitzea».
xabier martin
2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Fagor Industrial eta Orbea Txinatik irtetea enpresa jakin horien aldagai jakinek azaltzen dute, eta ez dira Mondragon taldearen estrategia orokor baten isla. Fagor Industrialeko zuzendari nagusi Jose Luis Lizarbek BERRIA-ri esan dionez, Onnera Groupek —Fagor taldeko kooperatibak hartu berri duen izena— Txinako Kunshan parke teknologikoan duen ekoizpen zentroa utziko du, azken orduetan zabaldu den moduan.

«Gure bitartekoak modu adimentsuagoan baliatzeko saioaren barruan azaltzen da Txina uztea». Dena den, Asiako erraldoian kooperatibak duen lantegia utziko du Fagor Industrialek, ez merkatua. «Bost planta dauzkagu munduan, eta urtero 150.000 produktu fabrikatzen ditugu. Txinan, soilik 7.000 ekoizten dira. Kopuru hori egiteko Txinan jarraitzea merezi duen edo ez erabaki behar genuen, eta erantzuna ezezkoa da».

Mexikon, Polonian eta Turkian dauzkaten lantegiek hartuko dute oraindik Txinan egiten den ekoizpenaren zati txiki hori, eta haiek hornituko dute Asiako merkatu nagusia, baita itxiko den lantegiak hornitzen dituen inguruko beste merkatuak ere. «Txinan ekoizteak kostuen atalean ekartzen dituen abantailak ez dira han jarraitzeak ekartzen dituen zailtasunaren parekoak». Ez die merezi, alegia.

Beste horrenbeste esan daiteke Orbea historikoari buruz. Bizikleta ekoizlea badoa Txinatik, betiere ekoizpenari dagokionez. 1.400 milioi pertsonak osatzen duten merkatuan ez dute behar bezain beste saltzen bertan lantegi bat edukitzeak dakarren kostuari —ez bakarrik ekonomikoari— aurre egin behar izateko.

«Duela hamabi urte, esaten hasi ziren Txina munduko fabrika zela; bada, ez da munduko fabrika, munduko merkatua baizik». Jon Fernandez Orbeako zuzendari nagusiak garbi dauka oso desberdina dela gaur egungo Txina eta orain hamar urtekoa, eta araudian egondako aldaketak, diru trukea, lan merkatuan egondako eboluzioa —soldaten hazkundea, adibidez— eta Txinaren beraren eta haren ingurunearen garapen ekonomiko soziala tarteko, «jadanik ez du merezi han ekoiztea». Ez, behintzat, Asiako erraldoian eta inguruko merkatuetan behar bezain besteko salmentak ez badira lortzen.

Horiek horrela, Onnera Groupek eta Orbeak euren Txinako fabrikak ixteak ez du Mondragon taldeko kooperatiba bi horien egoerari buruzko datu okerrik islatzen; aitzitik, sukalde industrialen sektoreko enpresa inoiz baino sendoago dago, zenbaki ikusgarriekin, eta bizikleta egilea ere irmo hazten ari da.

Beltzezko gizon txinatarrak

«Jendea hartzen ari gara lanerako, gaueko txandak jartzen eta ahal duguna egiten eskaerei erantzun ahal izateko», dio Fagor Industrialeko buru Lizarbek. Kooperatiba %20 hazten ari da azken urtean, eta dagoeneko 1.850 langile dauzka mundu osoan, horietatik 450 Oñatiko egoitza nagusian (Gipuzkoa); 400 bat kooperatibako bazkide dira. Duela hamabost urte, 270 langileko enpresa bat zen Fagor Industrial. «Txinatik bagoaz, baina abiadura handiagoa hartzeko asmoz. Turkian baino %2,5 merkeago ekoizten dugu han, baina nahiago dugu Turkiatik eraman produktua Txinara. Ba al dakizu zer den gobernuaren auditore bat etengabe zure enpresaren barruan egotea jarduera osoa gainbegiratzen?».

Alegia, Onnera Group nekatu egin da Txinako administrazioaren exijentziak direla eta. Txinako lehiakideek ez dituzte exijentzia horiek, eta gero eta leku hobea hartzen ari dira euren merkatuan. Egoera horrela izanik, «hobe da ekoizpen zentroa ixtea». Nahiz eta MCko enpresa Txinako merkatuan %20 hazten ari den. «Horrelako hazkundea izanda ere ez digu merezi; atera kontuak».

Orbeak, berriz, 75 milioi euroko fakturazioa dauka, %69ko esportazioekin, eta %3 hazten ari da. «Ez dugu kexurik», dio Jon Fernandez buruak. Txinako irteera enpresaren egitura orokorra birpentsatzeko prozesu baten ondorioa izan da. «Gure salmenten %80 Europan eta AEBetan egiten ditugu. Bizikletaren merkatua izugarri aldatu da azken urteetan, besteak beste, produktu berriak azaldu direlako: bizikleta elektrikoa, adibidez. Gure leku sendoari eutsi nahi diogu, eta, horretarako, hainbat aldaketa erabaki ditugu; lehena, Txinako lantegia ixtea».

Lan kostuak baino gehiago

Horrek protagonismo handiagoa emango dio Mallabiako egoitza nagusiari (Bizkaia). «Mallabia izango da munduko merkatu guztietarako lantegia bizikleta pertsonalizatuaren atalean». Beraz, enplegua sortzea espero dute Txinan egiten zen ekoizpena berdintzeko, nahiz eta oraindik «goizegi» den zenbat lanpostu sortuko diren jakiteko. Portugalen duten fabrika ere handitu egingo dute, merkatuari erantzuteko. «Txinan gehiago salduko bagenu, ez ginateke aterako handik, baina gure bizikletak erosteko ahalmenik ez dute eskuratu oraindik hango biztanle gehienek —1.800 eurotik aurrera— guk espero genuen moduan, eta, gainera, hornitzaileek Txinatik alde egin digute Bangladeshera eta beste herrialde batzuetara, kostuak merkatu nahian. Diru trukearen eboluzioak ere ez digu lagundu. Arrazoi asko daude Txinan dugun ekoizpena eteteko».

Hala Orbeako nola Fagor Industrialeko buruek garbi utzi dute ez direla euskal enpresek ustez Txina uzteko duten joera baten jakitun; enpresa bakoitzak bere baldintzak ditu: sektorea, merkatua... «Asko joango dira agian, eta beste asko geratu ere bai». Baina argi dago Txina ez dela orain hamar urteko El Dorado, merkatu erraldoi bezain zaila baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.