Kanpindendak eta gurutze formako irudiak daude jarrita enpresa kanpoan. 09:00ak dira; lanordua, berez. Langileak, ordea, plastikozko mahaietan jarri, eta jolasean dabiltza. Hala pasatu dute gaua.Txantxak egiten dizkiote elkarri, baina zer moduz galdetu, eta berehala erantzun dute: «Gaizki». Greban daude, martxoaren 14az geroztik.
60 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu du Usurbilgo (Gipuzkoa) Ingemarrek. Ekoizpena Galizian duen Ingemarga enpresara eramanda, Euskal Herrian lanik ez duela argudiatu nahi duela zuzendaritzak, hori da langileen ustea. Deslokalizazioanahiz jasotzen ari diren tratua salatu nahi dituzte protestaren bidez. Xabier Udabe, Carlos Telleria eta Manuel Guadix langile batzordeko ELAko ordezkariek eman dituzte xehetasunak—sindikatu horrek sei ordezkari ditu, eta LABek, hiru—.
Langileak kaleratzeko espedientea nahi du orain Ingemarrek, baina gaur egun ere erregulazioan daude. Iazko uztailaren 31tik aurtengo uztailaren 31ra bitartean, bederatzi hilabeteko dosierra aplikatzeko baimena du enpresak. Horri lotutakoa da langileen lehen kexa. «Gure ustez, uztailera arte behintzat ez zegoen kaleratzeen beharrik». Hura ere ez zuen sinatu langile batzordeak. «Hasieratik ikusi genuen aldi baterako espedientearen helburua ez zela eskaera gutxiko sasoi bat ahal bezala gainditzea. Bagenekien jendea kaleratzeko beste espediente bat prestatzea nahi zutela».
Bizpahiru eskaera handi Galiziako lantegira eraman izanak piztu zuen alarma langileen artean. «Susmo txarra hartu genion, eta, noski, gero espedientea etorri zen». Gaur egun, han dituzten eskaeren %90 berez Usurbilgo lantegian egin beharrekoak direla diote. 33 langile ere kontratatu dituzte, aldi baterako enplegu enpresen bidez. Enpresaren aurrean kanpadendak jartzearen helburuetako bat hori da: zuzendaritzari materiala ateratzen ez uztea. Zortzi orduko txandak egiten dituzte, baita asteburuetan ere. «Greba hasi aurreko egunean 22 kamioikada material eraman zituzten, baina ordutik ez da enpresako inor etorri».
Beti berberak
Iazko uztailean aurkeztutako espedienteak Ingemarreko 182 langiletatik 127ri eragiten die, eta 127 horietatik 74 beti berberak dira, ez da txandaketarik egon erregulazioan. Batzuk langabeziako zazpi hilabete amaituta dituzte jada, eta beste batzuek batere ez dute. «Estrategia bat da, lanean aritu direnei sinetsarazi nahi diete jarraitu egingo dutela, eta erregulazioan gaudenoi, bota egingo gaituztela. Bere burua kanpoan ikusten duen batek, diru gutxirekin edozer onartzea, hori da helburua, baita langileok zatituta egotea ere». Ardurako postuetan salbuespen bakarren bat egon da, eta gutxi batzuk Galiziako lantegira joan dira. Oraingoz, ordea, langile guztiek egin dute bat mugagabeko grebarekin.
«Haluzinatzen» ari direla zuzendaritzaren jarrerarekin azaldu dute. «Usurbilen ohikoa izaten zen 14 urterekin eskola amaitu eta Ingemarren lanean hastea, erretiroa hartu arte jarraitzeko». Inpotentzia sentitzen dute. «Animalien moduan egin dugu lan. Orain sei bat urtera arte, larunbat eta igandeetan ere etortzen ginen. Usurbiletik atera dute daukaten ondasun guztia».
Marmolaren eta granitoaren eraldaketan espezializatutako enpresa da Ingemar, eta sektoreko munduko hiru enpresa nagusien artean ibili izan da beti. «Presio handia egiteko aukera izan dugu. Urte oparoetan, hainbeste lan izanda, edozer eskatuta ere eman egin beharko ziguten, eta orain sekulako lan baldintzak izango genituen. Inoiz ez dugu protestarik egin, ordea, inoiz ez».
Ekoizpena Galiziara eraman izana aparte utzita, horrek ematen die minik handiena. «Dena eman dugu Ingemarrengatik, eta orain, 54-55 urterekin, kalera botako gaituzte hogei egun ordainduta. Erretirorik gabe geratuko gara. Ez dugu hau merezi».
50 urte ingurukoa da Ingemarreko langileen batez besteko adina, eta gehienek 25 urtetik gora dituzte kotizatuta. Enpresa bideragarria dela diote langileek, eta ez dagoela kaleratzeen beharrik.Alabaina, jendea bidali behar izanez gero ere, orain proposatutakoa bezain neurri traumatikorik ez zela behar uste dute. «Berregituraketa bat-batean egin beharrean, 60 langile kolpetik kaleratu beharrean, erretiro aurreratua hartzeko aukera dago. Lau urte barru jende kopuru berberak alde egingo du adinagatik».
Hitz egiteko prest daude zuzendaritzarekin. «Guk zera eskatzen dugu: Ingemar ekarri eraman duzun lana, eta hala ere jendea sobera baduzu, hitz egingo dugu. Baina jendeak alde egin behar badu, baldintza duinetan alde egin behar du».
Oraindik ez dute bilera bakar bat ere egin zuzendaritzarekin, bulegoetako jendeak ere, arduradunekin oso gertuko harremana izan dutenek, euren izenak zerrendetan ikusi dituztelako dakite espedientean daudela. «Oso jende itxia da, giza baliabideetako arduraduna bidaltzen dute batzarretara. PRECOko bileretarako ere abokatu bat kontratatu dute».
Lan Sailari begira
Enpresako ordezkariekin ez, baina Usurbilgo udalekoekin elkartu dira. «Alderdi politiko guztiek babestu gintuzten. Kontuan hartu behar da Ingemarrek lantegia handitu ahal izateko lur batzuk desjabetzen lagundu zuela Udalak. Trukean, lanpostuak kendu ditu hark». Desjabetutako lur horiek salgai jarri ditu, 10.000 metro karratu. «Ez dakigu espekulatu egin nahi duen lurrekin, ala espedienteari begirako trikimailu bat den. Dirua lortzeko jarri dituela esango dio agian Lan Sailari, eta gero horretarako asmorik ez eduki».
Kaleratzeen espedientea ez onartzeko esperantza badute langileek. «Ikuskatzaileak ere esan du espedientea iruzurra dela». Ekoizpena nola desbideratu duten ikertzeko eskatu diote Jaurlaritzari. «Pentsa noraino iristen den kontua: kaleratzeen espedientean Galiziako lan hitzarmena sartu dute, han merkeago ekoizten dutela justifikatzeko.Espedienteak ez dira jarri enpresen eskulan merkeaz baliatzeko, horretarako denak Txinara eta Taiwanera joango lirateke. Eurek esan diote Lan Sailari iruzurra ari direla egiten».
Eraikuntza sektorearen egoera da Ingemarrek eman duen beste argudioetako bat. «Agian ukituta egongo da, baina hemen. Ingemarrek ekoizpenaren zati handi bat esportatu egiten du, ordea. Guk, gainera, obra handiak egiten ditugu. Horietako asko arabiar herrialdeetarako». Lan Sailari hemengo lanpostuak kontuan hartzeko eskatu diote. «Bestela Ingemarren atzetik enpresa pilo batek egingo dute gauza bera».
Apirilaren 8an amaituko da kontsulta epea, eta, handik aurrera, bi asteko epea izango du Lan Sailak onartzen duen edo ez erabakitzeko.
«Ez dugu hau merezi»
60 pertsona kaleratu nahi ditu Ingemarrek. Berregituraketa lau urte barru eginez gero, jende kopuru berak utziko duela enpresa diote langileek, baina erretiro aurreratua hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu