Zorraren krisia. Agustin Garmendia. Norbolsako zuzendari orokorra

«Ez dut inoiz halako aldakortasunik ezagutu, konfiantza falta da»

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Agustin Garmendia arduratuta dago, burtsetako gorabeherekin baino gehiago, gorabehera horien atzean dauden benetako arrazoiekin. Norbolsako zuzendari orokorra da. BBKk, Kutxak eta Vitalek 1989an sortutako burtsa sozietatea da Norbolsa.

Zer gertatzen ari da burtsetan?

Ez da erraza ulertzea. Gauza asko gertatzen ari dira. Abuztuko lehenengo bi asteetan hiru faktorek bat egin dute: alde batetik, Europako zor merkatuen krisi gogorrak; bestetik, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) zorraren mugari buruzko lehia politikoak eta Standard&Poor'sek (S&P) kalifikazioa jaisteak; eta, azkenik, ekonomiaren susperraldia uste baino gehiago moteltzeak. Hiru faktore horiei gehituz gero merkatuen funtzionamendu automatikoak, abuztua dela eta aldakortasuna izugarria dela, ba emaitza tentsio handia da.

Egun berean burtsek nabarmen gora eta behera egiteraino?

Ez dut inoiz halako aldakortasunik ezagutu, balioek egun berean behin baino gehiagotan oinarrizko 500 puntu gora edo behera egitea, bai Europan, bai AEBetan. Konfiantza falta da merkatuetan.

Ze neurritan dira gorabeherak espekulatzaileen jardueraren ondorio?

Burtsan beti egoten da espekulazioa, baina laburreko salmentek (short selling) askoz ere min handiagoa egiten dute tentsio egoeretan. Zurrumurruak sortzen eta hauspotzen dituzte, eta min handiagoa egiten dute. Horregatik ona da horiek kontrolatzea, merkatuak lasaitzeko; baina arazoa ez dira laburreko salmentak, ekonomiaren ahultasuna baizik.

Gaur egun finantza merkatuetako operazio asko automatikoki egiten dira, ordenagailuen eta algoritmoen bidez.Prezioen arabera saltzen eta erosten dute, eta oso arriskutsuak dira. Batzuek eta besteek egoera okertu dute.

Zenbait herrialdek short selling-a debekatu dute. Neurri egokia da?

Une korapilotsu honetan eta epe jakin baterako, bai. Merkatuak dena jakin behar du, kontrolatu egin behar du, baina ez dut uste debekatu behar direnik. Burtsak termometro bat dira, gertatzen ari dena islatzen dute. Arazoak konpondu behar dira: Europako gobernu ekonomikoa, AEBetako ekonomia, defizita kontrolatzea... Horiek konpontzen badira, merkatuek erreakzionatuko dute.

Europari asko kostatzen zaio erabakiak hartzea, eta hartzen dituenean indarrean jartzea. EFSFk herrialdeen bonuak erostea onartu zuten, baina ez dute indarrean jarri; EBZk egin du, baina zalantza askoren ostean.

EFSFrena erabaki oso garrantzitsua da. Ez dut ulertzen duela hilabete erabaki ona hartzea eta ez aplikatzea. Neurri hori oso garrantzitsua da, eta EBZk egin du, baina denbora pasa da hartu duenerako. Horrek min handia egin du. Orain zor merkatuak lasaitu dira, neurria aplikatu duelako. Pentsa aplikatuko ez balu: Espainiaren eta Italiaren arrisku sariak oinarrizko 500 puntuak gaindituko balitu, bonoen errentagarritasuna %7ra iritsiko balitz, zer egingo zuten? Espainia eta Italia erreskatatu? Erreskatatuz gero, euroak iraungo al luke? Gauzak ezin dira muturrera joaten utzi.

Europak gobernu ekonomiko bakarra behar duela esaten dute, baina horrekburujabetza ekonomikoa Europaren esku uztea esan nahi du.

Moneta bakarra daukagu, baina gobernu, zerga politika eta politika ekonomiko ezberdinak. Moneta bakarrak, moneta, zerga eta ekonomia politika bakarrak behar ditu. Burujabetza utzi? Urrats zaila da, baina egin behar da.

Kalifikazio agentziak izan ziren finantza krisiaren erantzuleetako batzuk. Lau urte beranduago, indartsu jarraitzen dute. Ez al da ezer aldatu?

Lau urte beranduago, orduko hiru agentzia nagusiak dira jaun eta jabe: S&P, Moody's eta Fitch. Europan lau urtean ez dute gaitasunik eduki agentzia bat sortzeko, hori ezinezkoa da. Kalifikazio agentziak beharrezkoak dira, inbertitzaileek nondik nora joan jakiteko, baina Europak behar du bere agentzia gogorra, independentea eta indartsua. Zenbat eta lehenago, hobeto.

Inbertsiogile arruntarentzat gero eta zailagoa dirudi burtsan errentagarritasuna lortzea. Hala al da?

AEBetako Erreserba Federalak interes tasei %0 eta %0,25 artean eutsiko die bi urtean. Horrek behartu egingo du EBZ interes tasak ez igotzera. Interesa lortu nahi baduzu, burtsara jo beharko duzu, bestela ezin da, gordailuek eta bonuek interes txikiak izango baitituzte datozen urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.