Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga politika aldatzeko bide propioa egingo du, Arabako eta Bizkaiko foru aldundien zain egon gabe. Hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak ez zuten akordiorik lortu Zergak Koordinatzeko Organoaren atzoko bileran. Egoera ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundia hilaren hasieran aurkeztutako zerga erreforma onartzen saiatuko da: funtsean, PFEZean tarte gehiago jartzea, irabazi handiagoak dituztenek gehiago ordaintzeko, eta ondarearen gaineko zerga berreskuratzea.
Armonizaziorik ez, beraz. Armonizazioarena da zerga politika aldatzeko oztopoetako bat. Alegia, hiru foru aldundiek gutxieneko aldaketak hitzartzea eta hirurek aldaketa berdinak aplikatzea.
Baina, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, bere gutxieneko aldaketak eta gainerako erakundeenak oso urrun daude. Salatu du ez dutela akordiorik lortu ez orain arteko oztopo nagusietan, ezta gainerako proposamenetan ere. Gipuzkoak eta Eusko Jaurlaritzak «gaia atzeratu nahi izatea» leporatu diete Arabari eta Bizkaiari. «Erabakiek datorren urteko zerga politikan eraginik izan ez dezaten», gehitu du Gipuzkoak. «Dauden lekuan geratzeko», Eusko Jaurlaritzak. Aldaketak urtea amaitu baino lehen onartu behar dituzte, 2012an indarrean jartzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek egindako balorazioa ez zen hain ezkorra izan. Esan zuten hainbat neurri jada hitzartuta daudela eta hurrengo bilerarako Eusko Jaurlaritzaren proposamenak aztertzekotan geratu direla. Jaurlaritzak Patxi Lopez lehendakariaren ekaineko proposamenean oinarritutako agiri bat aurkeztu zien atzo. Aldaketa batzuk 2012an jarri nahi ditu indarrean, eta beste batzuk 2013an.
Orain arte erakundeen arteko gatazka iturri nagusiak izan dira ondare zerga berreskuratzea eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) errenta altuenentzat tarte gehiago ezartzea.
Ondarearen gaineko zerga
Iritzi ezberdinak dituzte ondare zerga berreskuratzeari buruz: Gipuzkoak nahi du; Bizkaiak bai, gainerakoek ere onartzen badute; Arabak ez; eta Eusko Jaurlaritzak bai, eskumena foru aldundiei dagokien arren.
Gipuzkoak bi tarte gehiago sortu nahi ditu PFEZean diru gehien irabazten dutenentzat: gaur egun %45eko zerga tasa dute 62.000 eurotik gora irabazten duten guztiek; aldundiak, ordea, %47koa ezarri nahi die 120.000 eurotik gorakoei eta %50ekoa 175.000 eurotik gorakoei.
Gipuzkoako Foru Aldundia gainerakoak baino urrunago iristeko prest dago, «gaur egungo egoeran zergak politika aldatzea eta progresibitatea ezartzea ezinbestekoa baita». Larraitz Ugarte bozeramaileak atzo ohartarazi zuen ez dutela baztertuko zerga politika progresiboagoa lortzeko helburua, «gehiago daukanak gehiago ordaintzea». Hori ezinbesteko baldintza da Gipuzkoarentzat gainerako erakundeekin akordioa eta zerga armonizazioa lortzeko.
Hala ere, erreforma onartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak (Bildu) babes gehiago behar du Batzar Nagusietan. Irailean PSE-EErena eta Aralarrena jaso zuen, zuzenketa batean.
Gai nagusiez aparte, gainerako hainbat puntutan ere atzoko bileran ez zutela akordiorik lortu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak: borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeetara egindako ekarpenengatik zergak arintzeko muga jaistea, aurrezkien gaineko zergak...
Egoera «kezkagarria» Araban
Hego Euskal Herriko administrazioen diru kontuen egoera txarra da. Arabako Foru Aldundiarena «kezkagarria» eta gainerako aldundiena baino «zailagoa» dela esan zuen atzo Javier de Andres diputatu nagusiak: iazko abenduan espero baino %7 inguru gutxiago bilduko du; Rover auziari dagokion dirua bueltatu behar du hiru urtean —zazpi milioi euro 2012an—; eta Eusko Jaurlaritzari opor fiskalei dagozkien 54 milioi euro bueltatzeko zorpetu egin beharko du 2012an. Arabako Foru Aldundiak diruaren zati bat berreskuratu eta gastatu egin zuten; Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak, berriz, jaso egin zuten.
Ez dute akordiorik lortu zergei buruz, eta Gipuzkoak bere bidea egingo du
Gipuzkoak eta Jaurlaritzak uste dute Arabako eta Bizkaiko aldundiak zergen erreforma atzeratzen saiatzen ari direlaOndare zerga berreskuratzea eta errenta altuenen zergak dira oztopo nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu