Saiatu dira, baina ez dute lortu. Confebask patronalak eta LAB, UGT eta CCOO sindikatuek Espainiako negoziazio kolektiboaren erreformaren eraginetik babestu nahi zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan itunak, baina ez dira ados jartzeko gai izan. Horrenbestez, bukatutzat eman dituzte elkarrizketak. ELAk ez du parte hartu negoziazioetan.
Confebaskek esan du asko sentitzen duela ezer adostu ez izana, baina ontzat jo du sindikatuekin bildu den aldietan izandako elkarrizketa «zintzoa». Patronalak, baina, herrialdeko lan itunak defendatzen jarraituko du, «gertutasunagatik, haiek direlako enpresen beharretara ondoen egokitzen direnak, batez ere, EAEn, enpresa gehienak ertainak eta txikiak direlako». Hori bai, argitu du hitzarmen horiek malguak izan behar dutela, enpresei unean uneko egoera ekonomikora egokitzeko bidea emateko.
Sindikatuekin akordiorik egin ez arren, elkarrizketetan parte hartu duten guztien ahalegina eskertu du patronalak. Esan du guztiek erakutsi duten borondateari esker etorkizunean posible izango dela enpresen eta langileen onerako beste akordio batzuk negoziatzea, «gero eta beharrezkoagoak izango direlako».
Patronalak zehaztu du akordioa iristeko bere esku zuen guztia jarri duela, baina ezinezkoa izan dela enpresen barne malgutasunaren inguruan zeuden desadostasunak konpontzea. Dena dela, azpimarratu du oraingoan akordioa iritsi ez izana ez dela oztopo izango sindikatuekin elkarlanean jarraitu ahal izateko.
LAB sindikatuk, ordea, ez du uste patronalak horren eskuzabal jokatu duenik, haren «zikoizkeriari eta epe motzeko ikuskerari» bota baitio negoziazioek porrot egin izanaren errua. LABek ere aurrerapausotzat jo du patronala herrialdekako itunak babesteko pronto agertu izana. «Bat gatoz itun horietan zehaztutako soldatak gutxienekoa izan behar duela ere», argitu zuten Garbiñe Aranburuk, Asier Imazek eta Xabier Ugartemendiak atzo arratsaldean Bilbon egindako agerraldian. Trukean, ordea, Confebask EAEko patronalakenpresaren eta langileen arteko desadostasunak arbitraje bidez konpontzeko ezinbesteko baldintzak gehitu nahi izan duela salatu zuten LAB sindikatuko kideek. «Sistema horrekin ez luke akordioa lortzeko betebeharrik izango». Horregatik ez dute onartu.
Dena dela, negoziatzen jarraitzeko ateek zabalik jarraitzen dutela jakinarazi zioten patronalari, harekin herrialdekako lan itunak babesteko akordioa egitea «beharrezko» ikusten dutelako. ELAri ere negoziazioetan parte hartzeko eskatu zion LABek. ELAk, baina, argi utzi zuen Espainiako Gobernuak lan erreformaren inguruan zituen intentzioak argitu arte ez zuela Confebaskekin ezer negoziatuko, «negoziazio horietatik langileen mesederako ezer ezin daitekeelako atera».
Unai Sordo Euskadiko CCOO sindikatuko idazkari nagusiak ere negoziatzen jarraitzeko prest daudela adierazi zuen atzo, negoziazioen porrotaren inguruan hitz egiteko Bilbon egindako agerraldian. Sordok azaldu zuen patronalak eta sindikatuek akordioaren aurreko oinarriak finkatzea lortuta zeukatela, «akordiorako oso oinarri ona» hitzartuta zeukatelabaina azkenean bertan behera gelditu zela, eta «akordio batek porrot egin izanaren erantzukizuna alde guztiena» dela.
Ez dute lortu lan itunen inguruan ados jartzerik
Confebaskek esan du enpresen barne malgutasunari buruzko puntuak galarazi duela akordioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu