Europako lemazainen ziaboga espero zutenak oker zeuden. Ez eurogunearen gobernu ekonomikorik, ez eurobonurik, ez erreskate funts handiagorik; bai, ordea, Europako Kontseiluaren pareko erakunde ekonomikoa sortzeko asmoa , defizita legez mugatzeko eskaerak, sozietate zergak bateratzeko lehen urratsak eta finantza tratuei zerga bat ezartzeko asmoa.
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak haiek ezarritako eta gainerako herrialdeek onartutako bidean jarraitzea erabaki zuten, atzo, Parisen. Proposamen gehienak jada badaude orain arte onartutako itunetan. Atzo bultzada bat eman zieten. Orain Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteari bidaliko dizkiote, hark bideratzeko.
1. Gobernu ekonomikoa
Krisiak agerian utzi du Europaren zailtasuna eta ezintasuna neurri eraginkorrak hartzeko. Gehienetan korrika eta presaka hartu dituzte, egoerak behartuta, asteburuetan, finantza merkatuen asteleheneko erreakzioaren beldur.
Sarkozyk eta Merkelek «benetako gobernu ekonomikoa» sortzea proposatu dute. Zeri deitzen diote «benetako gobernu ekonomikoa»? Euroguneko estatu eta gobernu buruek osatutako organoa, urtean bitan edo gehiagotan bilduko dena eta lehendakari iraunkor bat izango duena bi urte eta erdirako. Hautagaia ere aurkeztu zuten atzo: Herman Van Rompuy. Ez dirudi aurrerapauso handia: indarrean dagoen Europako Kontseiluak Europako Batasuneko 27 herrialdeetako agintariak biltzen ditu, eta sei hilabetean behin biltzen da, gutxienez.
2. Aurrekontu orekatuak
Euroguneko herrialdeei zorpetze muga ezarri nahi diete, konstituzioen bidez. Horretarako herrialde bakoitzak 2012ko uda aurretik edo udan defizitaren muga hori bere konstituzioan ezartzea nahi dute. Muga horri urrezko araua deitzen zaio. Alemaniak onartu du, baina ez da prozesu erraza izango gainerako herrialdeek onartzea, konstituzioak aldatzeko ohi baino gehiengo handiagoak behar baitira parlamentuetan. Frantzian, esaterako, sozialistak kontra daude. Sarkozyk neurria hauteskunde programan sartuko du, bitartean oposizioko alderdiekin beharrezko akordioa lortzen ez badu.
3. Zerga bateratuak enpresentzat
Euroguneko enpresek zerga berdinak ordaintzea nahi dute Merkelek eta Sarkozyk. Horretarako, zergetako tasak berdindu nahi dituzte. Alemaniak eta Frantziak egingo dute, pareko sozietate zerga izango dute 2013an.
Proposamen arantzatsua da, euroguneko herrialdeek antolaketa politiko eta errealitate oso ezberdinak baitituzte. Hego Euskal Herrian, esaterako, zerga eskumena dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioak eta Nafarroako Gobernuak.
Eurogunean alde handia dago herrialdeetako sozietate zergen artean. Irlandari erreskatearen truke eskatu izan diote bere sozietate zerga apala (%12,5) igotzeko, baina uko egin dio.
Europako Batzordeak martxoan proposamen bat egin zuen, sozietate zergaren zerga-oinarria bateratzeko, herrialde batean baino gehiagotan jarduten duten enpresei mesede egiteko.
4. Zerga berria finantza tratuei
Eztabaida handia sortu duen proposamena da. Finantza krisia lehertu zenetik agintari ugarik proposatu dute finantza tratuei zergaren bat ezartzeko gogoa, eta Tobin tasa berpiztu dute. Finantza sisteman arriskuak saihesteko baino gehiago, diru horrekin etorkizuneko finantza krisiei aurre egiteko.
Merkelek eta Sarkozyk benetanjarri nahi dute indarrean, «lehentasuna» da haientzat. Euroguneko finantza ministroek irailean aurkeztuko dituzte proposamenak. Ez dute erraza izango indarrean jartzea. Kontra dituzte finantza sistema eta euroguneko agintari batzuk ere bai.
Europak berak bakarrik halako neurri bat onartzea bada zerbait, baina zergaren eragina mugatua izan daiteke: alde batetik, finantza erakundeek zergak saihestu ahal izango dituztelako, beste herrialde batzuetara joz; bestetik, finantza merkatuak globalak direnez, zerga Europan bakarrik ezartzeak aldaketa gutxi eragin ditzakeelako gainerako merkatuetan.
5. Ez eurobonuak, ez EFSF handiagoa
Ez da eurobonurik izango, oraingoz. Aurrena herrialdeen diru kontuetako desorekak konpondu, bateratze ekonomikoa gauzatu, eta gero eurobonuak. Horixe erantzun zien Sarkozyk eurobonuei buruz galdetu ziotenei.
Euroguneak ez du zor bateraturik jaulkiko, herrialde sendoenen babesarekin arazoak dituztenek dirua errazago eta merkeago lortzeko. Herrialde bakoitzak bere zorra jaulkitzen jarraitu beharko du, beraz. Alemaniak behin eta berriro esan du ez duela eurobonurik nahi, arazoak dituzten herrialdeak ez lasaitzeko eta murrizketa neurriak onartzen jarraitzeko. Frantziak bat egin du: ««Eurobonuek herrialde egonkorrenak arriskuan jarriko lituzkete. Beste herrialde batzuen zorra bermatuko lukete, baina haien zorpetzeko gaitasunean eragiteko aukerarik gabe». Merkelek espero du Europak ez dituela eurobonuak —«makila magikoa»—erabili beharko bere arazoak konpontzeko.
EFSF erreskate funtsa ere ez dute handituko, etorkizunean Espainiari edo Italiari lagundu behar izateko.
Zorraren krisia
Ez dute ziabogarik nahi
Kontseilu ekonomiko bat sortzea eta finantza tratuei zerga bat ezartzea proposatu dute Merkelek eta SarkozykAlemaniak eta Frantziak pareko sozietate zerga izango dute 2013tik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu