Juan Carlos Matilla. LABeko ordezkaria ACBn

«Ezer ere ez eduki beharrean, beti da hobea enpresaren aukerari eustea»

2016ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Finkatu dute Sestaoko ACB planta berriz irekitzeko eguna: irailaren 9a. Horren harira, Juan Carlos Matilla gustura agertu da. Azpimarratu du, halere, langileei baldintza hobeak emateko aukera bazegoela, eta kezkatuta agertu da plantaren etorkizunarekin.

Pozik al zaudete Arcelor Mittalek Sestaoko ACB planta berriro irekitzea erabaki duelako?

Planta irekitzeko bidea irekia dutela azaldu digu gaur enpresak. Hasieran, izan dugun egoerari begira, ez da albiste txarra. Izan ere, ACBren etorkizunari buruz zalantzak izatea baino hobea da lanean jardutea. Hala ere, ez zaigu plan ona iruditzen, eta LABek beti azpimarratu du hori. Plantako langile guztiekin lan egiteko aukera zegoen, baina ez digute kasurik egin. Ezer ere ez eduki beharrean, beti da hobea enpresaren aukerari eustea.

Lantegia irekitzeko baldintza egokiak dituela adierazi du Arcelorrek, baina zein dira zehazki baldintza horiek?

Hasiera batetik bi puntu negoziatu nahi izan ditu Arcelorrek. Lehena, ACB plantako langileekin ados jartzea zen, eta bigarrena, berriz, Eusko Jaurlaritzarekin ere akordio bat lortzea. Ekainaren 14an langileek enpresaren baldintzak onartu zituzten. Bigarren adostasunari dagokionez, Jaurlaritzak ez du obligaziorik Arcelor Mittalekin hitzartzeko. Jaurlaritzaren diru laguntzak onartzea besterik ez du enpresak.

Lantaldea txikituko duela adierazi du multinazionalak, baina ez dela egongo «kaleratze traumatikorik». Zer dakizue horren inguruan?

Hori lehen aipatutako Arcelorren plan industrialarekin doa. ACBk urtean milioi bat tona ekoizteko gaitasuna du, eta soilik 150.000 tona produzitzea erabaki du enpresak. Hori dela eta, lan zama gutxiago dago fabrikan, eta langileen gehiengoak ez du zer eginik. Arcelorrek 2012an langileen %20 kaleratu zituen, baina oraingoa izan da inoizko murrizketarik gogorrena, ACBn lanean ari zirenen erdiek ez baitute jarraituko. Aldiz, lanean segituko ez duten langileen gehiengoak erretiro aurreratua hartuko dute, eta gainerakoek, egoera hobetzen bada, plantan jarraituko dute beharrean edo lantegiz aldatuko ditu Arcelorrek.

Arcelorrek I+G+B izendapena jarriko dio aurrerantzean plantari. Zer aldaketa ekarriko dizue horrek zuei?

Arcelor Mittalen planta bat baino gehiago aritzen dira horretan.Bi proiektu garatuko ditugu, hortaz: altzairugintzako ekoizpenera eta autogintzaren sektorera bideratuko direnak. Bi proiektu horiek utziko digute zertxobait autonomoagoak izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.