«Ezezko borobila» jaso dute

Huerta de Peraltako langileek egindako proposamena baztertu egin du zuzendaritzak, eta greba mugagabearekin jarraituko dute beharginek. Bitartekaritza eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Huerta de Peralta lantegiko langileek manifestazioa egin zuten atzo, Azkoienen (Nafarroa). Ehunka lagunen babesa jaso zuten. IÑIGO URIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
«Greba hau irabazi egingo dugu». Behin eta berriro errepikatu zuten lelo hori Huerta de Peralta lantegiko beharginek, atzo. Hamar egun bete zituzten greba mugagabean, Azkoienen (Nafarroa), eta azkenak izango ziren itxaropenarekin aritu ziren oihuka. Baina ez da horrela izan, mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela jakinarazi baitzuen LABek ohar bidez, iluntzean. Asteartean, zuzendaritzarekin batzartu zen langile batzordea, eta gatazka konpontzeko proposamen bat aurkeztu zion enpresari. Atzoko espero zuen erantzuna, eta hitza bete du enpresak: «Ezezko borobila» izan da.

«Batzordearekin batzartu gabe» eman die erantzun hori, gainera. Proposamena «guztiz baztertu» du zuzendaritzak, eta jarrera hori arduragabekeria hutsa dela salatu zuen sindikatuak. Areago, enpresari «hooligankeriaz» jokatzea leporatu zion, eta erantzun horrekin langileei «beste probokazio bat» egin dietela salatu zuen LABek. Horregatik, lanuzteekin jarraitu, eta mobilizazioen agenda indartuko dute langileek datozen egunetan. Astelehenean bertan, esaterako, manifestazioa egingo dute, 12:30ean, Iruñeko Udaletxe plazatik abiatuta. Hiriburuko kaleetan «Huerta de Peralta borrokan» leloak berriz entzun ahalko dira, beraz.

Elkartasun eguna

Atzoko egunez ere hala aritu ziren beharginak. Oihu eta aldarrikapen artean igaro zuten eguna. Izan ere, aurreko greba egunak baino bereziagoa izan zen, Azkoiengo lantegiko langileei elkartasuna adierazteko jarduna izan baitzen. Euskal Herritik, hainbat eragile sozial eta politikoren babesa jaso zuten.

Orain arteko greba egun guztiak bezala, goiz hasi zuten protesta beharginek. Egunsentirako lantegiaren parean bildu ziren haietako dozenaka, pikete lanak egiteko, eta, lurrean eseriz, errepidea ere itxi zuten goizeko momentu batean. Tentsio uneak izan zituzten foruzainekin, baina, aurreko egunetan ez bezala, atzo ez zen oldarraldirik egon.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, ordea, foruzainek orain arte izan duten jarrera gaitzetsi zuen: «Poliziaren errepresioak greba eskubidea urratzeko helburua izan du, eta irudi lotsagarriak utzi ditu». Gogorarazi zuen, gainera, borondate politikoa egonez gero gauzak beste modu batean egin daitezkeela. Bide horretan, Nafarroako Gobernuari ere eskaera egin zion gatazka hau konpontzeko lan egin dezan: «Enpresari gatazka amaitu dezala exijitu behar dio, enpresa horrek diru publikoa jaso duelako, eta gobernuak ardura politikoa duelako gatazka honetan».

Langile klase guztiari dagokion gatazka bat dela gogorarazi zuen ordezkari sindikalak, Huerta de Peraltan «sasi-esklabotza egoerak» bizi izan direlako. Sindikalizatu ziren arte lan baldintza «eskasetan» aritu direla esan zuen, eta egoera hobetzen hasi denean enpresa langileen aurkako jazarpena erabiltzen hasi dela azaldu zuen. Langile batzordeko bozeramaileak, Houssine Yagoubik, hori nabarmendu zuen, eta kaleratutako lau langileak izan zituen gogoan: «Mina ez digute Poliziaren borrek ematen, kaleratutako lankideek baizik». Laurak lanera itzul daitezen borrokan jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.