Kasualitatea izango da, baina euskararenak eta ezinduenak egun berean ospatzeak komentario gaizto askotarako ematen du. Ezintasunaren mahaiaren hirugarren hanka burtsak jarri zuen atzo, bigarrenez egunez jarraian gora edo behera egin behar duen oso garbi izan gabe. Europako ekonomia atzeralditik atera dela jakiteak edo AEBetan langabezia gehiago ez okertzeak aurrera egiteko balio behar zuen arren, Europako Banku Zentralaren zuhurtziak eta AEBetan zerbitzuen sektorearen indizea okertzeak asmoak hoztu zituen. Horrela, burtsa batzuek gora egin zuten (Bilbo, Madril, Paris...) eta beste batzuek behera (Londres, Frankfurt...). Azken finean, hazkundearen sendotasuna oso zalantzazkoa dela. Ezintasunaren azken hanka dolarrarenak izan behar. Euroaren aurrean 2009ko baliorik txikiena izan zuen, eta petrolioaren garestitzea (78,3 dolar Brent upelak) eta urrearen marka berria (1.216 dolar ontza bakoitzak) ekarri zuen.
BBVA. Bilbon sorturiko bankuak (+%0,55) Txinara hedatzen jarraitzen du. Atzo jakinarazi zuen 1.000 milioi euro gehiago inbertituko dituela Citic Banken. Horri esker, Txinako bankuaren %15 dauka dagoeneko, aurretik baino%4,9 gehiago. BBVAk 3.000 milioi euro inbertitu ditu Asian.
Bank of Americak gainetik kendu nahi du AEBetako Gobernuaren kontrola, eta 45.000 milioi dolarreko laguntza publikoa itzuliko duela iragarri du. AIG aseguru etxeak ere 25.000 milioi dolar itzuliko ditu, jasotako diru publikoaren zati txiki bat.
Ezina, ekinez ere ezina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu