Egonezina eta kezka gero eta handiagoa da Gamesa Eolicak Euskal Herrian dituen 2.000 langile ingururen artean. Urtarriletik uztailera bitartean taldeak 33 milioi euro inguruko galerak pilatu geroztik, gauza jakina da plan estrategiko bat zehazten ari dela eta horren barruan kaleratzeak sartuko direla. Zurrumurru giroaren erdian, asteburu honetan, Jose Antonio Arakama Gamesako administrazio kontseiluko kideak Diario de Navarra egunkarian baieztatu du laster «doikuntza handi eta garrantzitsua» egingo duela Gamesak. Arakamak argudiatu du plan horrek produkzioan eta langile kopuruan eragingo duela.
Oraingoz ez dago zifra ofizialik, baina doikuntza maiatzean egindakoa baino handiagoa izatea espero da. Maiatzean, Nafarroan 23 langile eta Espainian beste ehunkaleratu zituen, eta uztaileko txostenaren arabera, moldaketak bederatzi milioi euroko kostua eragin zion Gamesari. Orain, hirugarren hiruhilekoan jarraian galerak izango dituela kontuan hartuta, lan erreforma baliatu dezake kaleratzeak merkatzeko eta doikuntza handiagoa egiteko.
Ignacio Martin Gamesako presidente izendatu zuten maiatzean, enpresa sektorearen egungo errealitatera egokitzeko asmoz. Gamesaren arabera, azken hamar urtetako bilakaeran, hirugarren fase batean sartu berri da: 2002tik 2008ra zabaltze eta nazioarteratze fase bat izan zuen, hurrengo lau urtetan bere jardueraren dibertsifikazioa bilatu du, eta orain berriz «arrazionalizazio fase» batean murgildu behar da. Gamesak uste du 2015erako energia eolikoa gasa bezain errentagarria eta eraginkorra izan daitekeela eta kostuak %30 merkatzeko konpromisoa du. Era berean, eskaria nabarmen jaitsi da azken urtetako merkatu nagusietan —India eta Txina—, eta Europa hegoaldean krisia dela-eta sektorearen egoera kezkagarria da. Vestas Danimarkako enpresa lehiakideak urte hasieratik 2.335 enplegu murriztu ditu eta beste 1.400 kaleratzeko asmoa agertu du.
Testuinguru horretan, «baliabideak optimizatu» egin behar direla dio Gamesak eta horiek batik bat kaleratze bidez egingo dela aurreratu du Arakamak. Martinek ere uztailean %40ko doikuntza bat aipatu zuen emaitzen aurkezpenean. Alabaina, oraingoz ez dago zifra ofizialik. Bihar bilduko dira administrazio kontseiluko kideak, eta ziurrenik plan hori izango da mahai gainean.
Jose Maria Arakamaren adierazpenek hautsak harrotu dituzte Nafarroan. Alde batetik,Nafarroako Gobernuak bere kezka azaldu du. Yolanda Barcina lehendakaria Gamesako arduradunekin biltzeko prest agertu da, kaleratzeen ondorioak arintze aldera: «Energia berriztagarrien sektorea Nafarroan sektore giltzarri bat da eta gobernutik lan egingo dugu doikuntza horrek ahalik eta eragin txikiena izan dezan».
Bestetik, igandea geroztik Gamesako lantokietako ordezkariak euren artekobilerak izan dituzte. UGTk ez du hitz egin nahi izan eta CCOOk aipatu du oraindik ez dagoela berritasunik, baina argi dagoela murrizketa handi bat egitera doala Gamesa.
ELAren eskaera Gamesari
AlbertoPaz langileen batzordetako ELAko ordezkariak Gamesari etorkizuna lehenbailehen argitzeko eskatu dio. Bi hilabete daramatza sindikatuhorrek egoera argitzeko eskatuz zuzendaritzari. Pazek gogorarazi du Nafarroan 2.000 langile inguru izaki, horien baldintzen inguruko neurri eta baldintza oro Nafarroan negoziatu beharko liratekeela. «ELAk ez du onartuko Nafarroako langileen bizkar negoziazioak izatea», ohartarazi du, Altsasuko Gamesaren itxiera Madrilen negoziatu zela gogoan. Era berean, gerta daitekeenaren erantzule zuzen egin ditu Arakama eta Barcina. ELAren arabera, Barcina orain langileen salbatzaile gisa agertu arren, UPNren botoek onartutako lan erreformari esker gauzatuko ditu kaleratzeak. Langileak batzarrera deitu dituzte etzi.
Ezinegona eta kezka Gamesan
Kontseilari batek iragarri du «doikuntza handi bat» egingo dutela; Yolanda Barcina prest azaldu da ondorioak leuntzekoELAk negoziazioak Nafarroan izateko eta etorkizuna argitzeko eskatu dio Gamesari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu