Ezkerraldea «hilerri industrial» ez bihurtzeko neurriak eskatu dituzte

Eskualdeko hainbat eragilek antolatuta, murrizketen aurka egin da berriro Ezkerraldea Martxan ibilaldia

Sestao eta Barakaldo arteko ibilbidean, lanpostuak bultzatzeko gastu militarrak erabiltzea eskatu zuten manifestariek. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Sestao
2013ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Orain arteko mobilizazio eta protestak era baketsuan egiten ari gara, baina jendeari pazientzia amaitzen ari zaio». Alejandro Uribe duela bi urte geratu zen langabezian, Sestaoko (Bizkaia) Babcock Power enpresa itxi zutenean. Ezkerraldean dauden milaka langabeetako bat da, egoerari buelta eman ahal izateko mobilizatzen ari direnen artean beste bat. «Langabeziari aurre egiteko,mobilizatu egin behar dugu», dio. Eta atzo berak ere modu baketsuan parte hartu zuen Ezkerraldea Martxan manifestazioan, beste manifestari askorekin batera. Murrizketa sozialei eta langabeziari aurre egiteko bestelako politikak eskatzeko atera ziren kalera.

Dirua behar da murrizketak eteteko, eta Ezkerraldeko langabeen batzarrek, ELA, LAB, EILAS, ESK, CGT, CNT eta CAT sindikatuek, eta eragile sozialek hemeretzigarren aldiz jarraian proposamen bera plazaratu zuten: gastu militarrak bertan behera uztea eta diru hori politika sozialetarako erabiltzea. «Urtero, Espainian, 16.500 milioi euro erabiltzen dituzte gastu militarretan; horietatik 1.030 EAEk jartzen ditu, kupoaren bidez», Aingeru Azpiolea Sestaoko langabeen batzarreko kideak dioenez. Beraz, Eusko Jaurlaritzari murrizketen bidea alboratzeko eskatu, eta diru hori «okerren pasatzen ari diren pertsonentzat» erabiltzeko eskatu zioten. Baina ez egitasmo jakinetan, proiektu estrategikoetan baizik: «Sei hilabeteko planek hainbat pertsonari unena uneko laguntza eskain diezaiokete, baina hori baino gehiago behar dugu inguru honetan».

Eskaera horiek krisiak gogor astindu duen eskualde batetik iritsi ziren, hain zuzen, Euskal Herrian langabezia tasarik handiena dagoen eremutik. Lan egiteko baldintzak betetzen dituzten pertsonen %22 dago enplegurik gabe han, hau da, 23.000 pertsona. «Iaztik %10 igo da langabeen kopurua», azaldu zuen Lore Martinek,eskualdeko eragile sozialen bozeramaileak. Baina Ezkerraldeko argazkia latzagoa da. Izan ere, biztanleen %6,5 pobrezian daude, eta heren batek hil amaierara iristeko zailtasunak dituela onartzen du, hau da, 72.600 pertsonak. Azkenik, 2012. urtean 608 familia etxetik kaleratu zituztela gogorarazi zuten plataformetako kideek, egoeraren gordina azaltzeko.

Gero eta okerrago

Hori guztia kontuan hartuta, hemeretzigarren urtez Ezkerraldea Martxan mobilizazioa egiteko arrazoiak «sobera» daudela azaldu zuen Martinek. «Dena zegoen-zegoenean dago, baina baldintzak gero eta prekarioagoak dira». Eta gogora ekarri zuen zein lan baldintza dauden eskualdeko saltoki gune handietan: «Lanordu gehiago, eta 500 euro inguruko soldatak». Ondorioz, herri guneetan gero eta denda gehiago itxi dituzte. Hain zuzen ere, azken sei urtean 2.049 denda itxi dituzte behin betiko.

Egoera latz horren bozgorailu lana egin zuen, beraz, atzoko martxak. Eta ez zen kasualitatea izan martxaren abiapuntua Sestao izatea. Eskualdean langabezia tasarik handieneko herria baita, %27koa. Manifestazioan parte hartu zuten langile eta langabeek bankuei erreparatu zieten oihuka: «Banketxeak, lapurrak»; «espaloian zaudetenoi ere lapurtzen dizuete»; «langabeziaren aurka, langile borroka»; «lan banaketa, aberastasun banaketa»; «pertsona bat, lanpostu bat», eta antzeko aldarrikapenekin.

Gaur egungo okerrak

Langabezia datu horiek krisiarekin areagotu besterik ez direla egin; horixe zioen Uribek. Eskualdearen desindustrializazio prozesua «aspaldi» hasi zela azaldu zuen. Iraganean lanean aritu ziren Labe Garaiak, Babcock, Sefanitro eta beste industria indartsuak itxita, Ezkerraldeak garai onenetan zuen itxurarik ez baitu gaur egun. «Laster barru, ez bada ezer egiten, inguru hau guztia hilerri industrial bat bilakatuko da».

Administrazioak bigarren sektorea albora uzten ari direla salatu zuen Azpioleak, eta horren ordez zerbitzuak sustatzen ari direla. «Esaten ziguten lanpostuak ildo horretan sortuko zirela, baina ez da horrela gertatzen ari, eta egoera horren lekuko da Sestao». Haren esanetan, herriak egun dituen 3.500 langabetik 2.500 zerbitzuen sektorearen ondorio da. «Lanpostuak sortu behar zituenak, gehien kentzen du». Hori dela eta, «dirua egon badagoelako», inbertsioak pertsonengan egiteko eskatu zieten atzo erakundeei. «Utz ditzatela gastu militarrak alde batera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.