Ezkerreko alderdiak haserretu ditu kutxei buruzko EAJ-PP akordioak

Kutxabank plurala ez izateko eta gizartea ez irudikatzeko ados jarri izana egotzi die Eusko Jaurlaritzako bozeramaileakBankuan ordezkaritza «proportzionala eta demokratikoa» eskatu dute Amaiurrekoek

Ivan Santamaria.
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Ezkerreko alderdien haserrea piztu du EAJk eta PPk Kutxen Legeari buruz lortu duten akordioak. Kutxabankeko agintaritzatik gizartearen pluraltasuna ezabatu nahi izatea leporatu diete jeltzaleei eta popularrei PSE-EEkoek eta Amaiur koalizioa osatzen duten alderdietakoek.

Punturik gatazkatsuenak aurrera ateratzeko ados jarri dira EAJ eta PP. Hain zuzen ere, kutxetako batzarrak eta agintaritza organoak antolatzeko eta aukeratzeko prozesuak hitzartu dituzte. Eusko Jaurlaritzaren jatorriko proiektuari bizkarra emanda, aldaketak aurrera ateratzeko behar den gehiengoa bermatuta dute bi alderdiek. Datozen egunotan dagokion batzordean bozkatuko da legearen irizpena, eta udaren aurretik osoko bilkurak onartzea espero da.

Eusko Jaurlaritzak eta PSEk defendatu duten eredua bertan behera utziko du akordioak. Eusko Legebiltzarrak ez du ordezkaririk izendatuko kutxetako batzarretan, eta, are garrantzi handiagoa duenak, agintaritza organoetan kutxetako batzarren irudi proportzionala egotea ez da derrigorrezkoa izango. Hots, batzar orokorraren %51 kontrolatzen duen alderdi edo koalizioak administrazio kontseilua osorik aukeratuko du, eta, erakundeak Kutxabankeko kontseiluan dituen ordezkariak izendatuko ditu.

Proportzionaltasuna ere ez da gorde behar izango entitate fundatzaileek — hiriburuetako udalak eta aldundiak — izendatu beharreko batzarkideen kasuan. Alegia, udalean edo aldundian gobernatzen duen alderdiak ordezkari guztiak izendatuko ditu. Aldaketa horiek guztiek PSEren aukerak nabarmen ahulduko dituzte, gaur egun agintetik at baitago erakunde horietan guztietan.

«Eskuinak» ados

Akordioak ez zuen harrera ona izan Eusko Jaurlaritzan. Kutxen antolakuntza arautzeko proposamenaren bidez pluraltasuna areagotu nahi zela adierazi izan du behin eta berriro Jaurlaritzak, baina, aldi berean, EAJk kutxetan zuen nagusitasuna mugatzeko asmoa ere bazegoen hasieratik. Kontu horretan bat egiten zuten sozialistek eta popularrek, baina ez dira gai izan adostasun zabalago bat lortzeko, eta gobernu akordioaren hausturak aukera hori betiko urrundu zuen.

Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailea Kutxen Legeari buruz mintzatu zen atzoko Gobernu Kontseiluaren ondoren. «Eskuinak ados jarri dira, eta gizartea ordezkatzen ez duen eta plurala ez den bankua izaten jarraitu nahi dutela esan nahi du».

Publikoa eta demokratikoa

Amaiur osatzen duten alderdiek ere Kutxen Legeari buruzko irakurketa plazaratu zuten atzo. Ezker abertzaleak, EAk, Aralarren eta Alternatibak Kutxabank ez pribatizatzeko beharra azpimarratu, eta horren ordez banku publikoa izatea defendatu zuten. «Merkatua gizartearen zerbitzura jarriko den eredua behar dugu, eta ez alderantziz», azaldu zuen Oskar Matute Alternatibako ordezkariak.

EAJren eta PPren arteko akordioan eredu horren alde ez daudela agerian geratu dela uste du. «Kutxabanken akzioak esku publikoetan daude, eta, hori dela eta, ordezkaritza politiko eta sozial proportzionala eta demokratikoa izan beharko luke». Kutxen Legeak ez duela hori bermatuko salatu dute Amaiurreko bazkideek. «EAJk eta PPk soilik helburu espekulatiboak dituzte, herrialdearen interesetatik urrun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.