Facebook sare soziala arratsaldeko 16:45etan hasi da kotizatzen New Yorkeko burtsan, akzio bakoitzak 38 dolarreko hasierako prezioa zuelarik. Aurreikusita zegoena baino garestiago saldu dira akzioak, hasierako asmoa 28 eta 35 dolar arteko prezioa jartzea baitzen. Kotizatzen hasi orduko %13ko igoera izan dute akzioek, eta 43 dolarreko prezioa lortu dute.
Konpainiaren balioa 100.000 milioi dolarretara helduko da —AEBetako enpresa batek eskaintzaren unean izan duen gehiengo historikoa izango da—.
Facebook-en eskaintza osoa 421,2 milioi titulutakoa da. FB hizkiekin hasiko da enpresa kotizatzen.
Mark Zuckerbergek 2004. urtean sortu zuen Facebook sare soziala. Gaur egun 900 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu mundu osoan. Zuckerberg bera arduratu da Nasqad Kaliforniako (AEB) boltsa irekitzeaz, "mundu irekiago eta konektatuago batengatik", esaldia oihukatuz.